Agenda sozialean arreta jar dezaten nahi du Ahal Dugu-k

Espainian gobernua eratzeko negoziazioetan etxebizitza eta oinarrizko produktuen prezioak hizpide izatea nahi dute. Bilkura egin dute Bilbon

gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k batzarra egin du Bilbon, Eraldatzen jarraitzeko indarra izeneko dokumentuari aurkeztutako ekarpenen inguruan eztabaidatzeko, eta bilkuran Podemoseko idazkari nagusi eta Espainiako Eskubide Sozialetako ministro Ione Belarra izan da. Batzarraren atsedenaldian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garridok hizpide izan ditu Espainian gobernua osatzeko negoziazioak, eta esan du elkarrizketa horietan «agenda soziala» jarri behar dela arreta.

«Negoziazioaren gai bakarrak ezin dira izan amnistia eta Kataluniako gatazka politikoa», esan du Garridok, eta nabarmendu du «asmo handiko agenda sozialari» ekin behar zaiola negoziazio horietan: «Asko hitz egiten da eskuin muturra geldiarazteaz, baina eskuin muturra geldiarazteko modu bakarra da eskubide gehiago lortzea eta agenda sozialean aurrera egitea. Bestela, eskuin muturra iritsiko da, lehenago edo geroago».

Batez ere, bi gai nabarmendu ditu Garridok agenda sozial horretan: alde batetik, etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzea, eta, beste aldetik, oinarrizko produktuen prezioei muga jartzea. Lehenengoari dagokionez, Garridok uste du beharrezkoa dela hipoteken igoera geldiaraztea eta alokairuen errentak izoztea «gehiegizko prezioak kontrolatzeko neurriak abian jarri bitartean». Oinarrizko produktuen prezioez, berriz, ezinbestekotzat jo du herritarrek produktu horiek eskuratu ahal izatea «hil amaieran estu eta larri ibili gabe».

Garridok kezka azaldu du ea PSOEk, EAJrekin eta Juntsekin dituen elkarrizketetan men egingo ote dion gobernua osatzeko bi alderdi horien «eredu sozial eta ekonomikoari»: «Badakigu eredu horrek zer esan nahi duen: elite ekonomikoen interesak babestea, eta herritarrek sakrifizio gehiago egitea».

Edonola ere, Garrido baikor agertu da, eta uste du negoziazioen ostean koalizio gobernua egongo dela Espainian: «Koalizio gobernu horrek indar politiko askoren babesa beharko du, eta, beraz, negoziazioak zailak izango dira, baina ziur nago azkenean koalizio gobernua egongo dela».

Eusko Legebiltzarra

Garridok Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere izan ditu hizpide, eta esan du ez dakitela noiz izango diren, hauteskundeetara deitzeko ahalmena lehendakariarena baita: «Edonola ere, argi dago martxo eta ekain bitartean izango direla, eta gu prest gaude egitasmo sendo eta ilusionagarri bat aurkezteko». Berretsi du bera ez dela lehendakarigai izango: «Niri dagokidana da nire ekarpena egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.