Zaindari jarri diote izena, eta horrek ongi definitzen du aplikazioak zer egiten duen. Izan ere, horren bitartez, gurasoek jakin ahalko dute euren seme-alabek zenbat orduz erabiltzen duten Internet, eta ea behar bezain beste ordu lo egiten duten, diseinatzaileek adierazi dutenez. Horrez gain, sareko edukiak iragazi ahalko dituzte aplikazioarekin, adin txikikoentzat egokiak direla ziurtatzeko.
Nafarroako Uniberstitate Publikoak zabaldu du aplikazioaren berri, gaur. Izan ere, horkoTelekomunikazio Teknologietako Graduko hiru ikaslek diseinatu dute. Xabier Erro Cancel, Markel Iruretagoiena Zarikiegi eta Jesus Martinez de Lapuente Lacalle dira aplikazioaren sortzaileak. Gurasoen kontrolerako parametroak, normalean, kontrolatu beharreko gailuan zehazten dira. Zaindari-k, ordea, beste estrategia bat dauka: etxeko routerrean egiten du kontrola. Horren bidez, etxeko wifi sarea erabiltzen dutenen parametroak kontrolatu ahal dira. «Gainera, horrek erraztu egiten du wifi sare berera konektatutako gainerako gailuak gainbegiratzeko lana», azaldu dute. Sistemak abantaila bat du: eskolako Chromebook ordenagailuen erabilera kontrolatzeko bidea ematen du, gurasoek eta ikasleek ez dutelako modurik izaten horretan aplikazioak instalatzeko. Herren bat ere badu sistemak, halere: ez du kontrolatzen etxeko saretik kanpo egin daitekeen erabilera.
Gurasoen sakelakotik
Gurasoek, edo haurren ardura duenak, bere telefonoan jaso ahalko du erabiltzaile bakoitzaren jardueraren inguruko informazioa. Horretarako, adingabeko bakoitzaren profil bat sor dezake, eta horietako bakoitzari, esaterako, Internet erabiltzeko ordutegi bat finkatu. Esaterako: haur txikienei 21:00ak arte muga dakieke Interneten ibiltzeko aukera, eta, zaharragoei, beranduago arte utzi. Beste aukera bat: afaltzeko orduan Internet moztu diezaiekete guztiei, «botoi bat sakatze hutsarekin».
Diseinatzaileek esan dutenez, malware-a, hau da, programa gaiztoak blokea ditzake sistemak.
Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak irakasgaiaren barnean garatu dute aplikazioa, Eduardo Magaña Lizarrondo irakaslearen gidaritzapean. NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) kidea da Lizarrondo. Laugarren ikasturteko ikasleok lanean jarraitzen dute, aplikazioa osatzeko: «Sare sozialetarako edo streaming zerbitzuetarako sarbidearen kudeaketa pertsonalizatua, baita haietako bakoitzaren erabilera-denborak ezagutzeko bideak ere».
Ikusi gehiago: Sakelakoa haurrei noiz?
Aplikazioa Android sistemarako garatu dute, eta Google Play dendan dago eskuragarri.