AET Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu duenez, Iruñeko Udalak egin berri duen lan deialdi batean ez dute irizpide moduan ezarri euskararen ezagutza. «Jendaurreko harremanak izatea eskatzen duten lanpostuak izanik, euskaraz jakitea ez da baloratu. Ez asko, ez gutxi; ezer ez», gaitzetsi du AETk. Zehazki, deialdiaren helburua da ofizial administrarien bi zerrenda osatzea, lanpostuak aldi baterako betetzea behar denerako —zerrenda bat barne promoziokoa da, eta bestea, kanpoko jendearentzat—.
Taldeak salatu du Iruñeko Udaleko lanpostu gutxitan eskatzen dutela euskaraz jakitea, eta, batzuetan, ez dakitenek betetzen dituztela postu horiek. Horregatik, AETk funtsezkotzat jo du euskara eskakizun ez den deialdietan gutxienez merezimendu izan dadila.