AETk salatu du euskararen puntuazioa murriztu dutela Burlatako Udalaren lan deialdi batean

Talde euskaltzalearen arabera, lehiaketako puntuen %10 zegozkion euskarari. Administrazio Auzitegiak, baina, arrazoia eman dio udalari.

Euskararen Ordenantza berriaren aurkako protesta Burlatan
Euskararen ordenantza murriztailearen aurkako protesta, Burlatako Udalaren parean. AET
Ion Orzaiz.
2024ko otsailaren 14a
09:00
Entzun

Iazko martxoan, lan deialdia egin zuen Burlatako Udalak, Udaltzaingoko bi agente lanpostu kategoriaz igotzeko. Lehiaketa bidez egin zuen. Horietako batean, ezinbestekoa zen euskaraz jakitea, udalaren lantalde organikoan zehaztua dagoen bezala. Bestean, eskakizuna ez, meritua zen euskara: araudiaren arabera, puntuen %10 jasotzen ahal zituzten hautagaiek, euskara titulazioa aurkeztuz gero. AET Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu duenez, ordea, hautagai euskaldunei ez zitzaien ehuneko hori aplikatu, horren laurdena baizik: %2,74. «Euskararen balioa gutxituta, udaltzain lanpostu horretan zerbitzu elebiduna emateko aukera murriztu dute», salatu du AETk, ohar batean.

Hautagaietako batek helegitea jarri zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian, baina organo horrek arrazoia eman dio udalari. Ebazpenean, auzitegiak argudiatu du euskarari dagokion %10 hori ezin zaiola aplikatu puntuazio osoari, baizik eta merituen atalari soilik. Lehiaketan, gehienez, 301,50 puntu lortu daitezke, eta, horietatik, 81,5 dagozkie merezimenduei. Burlatako Udalak atal horretako puntuen %10 eman zizkien euskarazko titulazioa aurkeztu zuten hautagaiei: 8,15 puntu, guztira.

«%10 hori nola aplikatu behar den zehazteko araurik ez dagoenez, auzitegiak ontzat eman du udalaren jokabidea, hori egiteko askatasuna baitu», azaldu du AETk. «Lotsagarritzat» jo du Administrazio Auzitegiaren jokabidea, erabaki baitu «lantalde organikoan araututakoa txikle baten moduan erabil daitekeela». Are: hizkuntza eskubideak auzitegiaren interpretazioaren menpe daudela salatu du. «Euskaldunontzako berme guztia galtzen dute arauek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.