AETk Iruñeko Udalari eskatu dio euskaraz jar ditzala UPNk gaztelania hutsean jarritako kale izenak

Konstituzio plazako eta Donejakue Bidea parkeko seinaleetan euskarazko bertsioak jartzea eta gainerakoetan «euskara lehenestea» galdegin dute. Udalak iragarri du izena aldatuko diola Donejakue Bideko parkeari, eta 'Magdalena parkea' jarri.

Administrazioan Euskaraz Taldeko kideak, Iruñeko Konstituzio plazan. AET
Administrazioan Euskaraz Taldeko kideak, Iruñeko Konstituzio plazan. AET
Ion Orzaiz.
2024ko maiatzaren 20a
15:40
Entzun

UPNko Enrique Maia Iruñeko alkatetzara iritsita, zenbait kale izen aldatu zituen, eta gaztelania hutsean jarri horietako batzuk. Konstituzio plaza eta Donejakue Bideko parkea izan ziren polemika handiena piztu zutenak. EH Bilduko Joseba Asironek helegitea jarri zuen Konstituzio plazako errotulazioa euskaratzeko, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman zion. Antzera gertatu zen Donejakue Bidea parkearen kasuan ere: 2022an, errotulazioa erdara hutsean paratu zuen UPNk; AET Administrazioan Euskaraz Taldeak, errekurtsoa aurkeztu, eta irabazi egin zuen. Bi kasuotan, izenak euskaraz ere paratzeko betebeharra zuen Iruñeko Udalak, baina ez zuen egin, eta euskararen ordenantza urratu zuen hala. AET taldeak salatu duenez, ordea, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak ez dute urratsik egin egoera onbideratzeko: «Erdara hutsean segitzen dute biek», salatu dute ohar batean.

AETk uste du arazoa bi kasu horiek baino zabalagoa dela, beste zenbait bide seinalek ere ez baitute betetzen 103/2017 foru dekretua: «Arau horrek dio errotulu elebidunetan lehentasuna eman behar zaiola hizkuntza gutxituari, lehenik euskaraz jarri behar dela. Horren berri emanez idatzi genien alkateari eta zinegotzi batzuei, baina berdin segitzen du, 103/2017 Foru Dekretua bete gabe. Hala, errekurtsoa jarri beharko dugu Nafarroako Administrazio Auzitegian», adierazi dute. Hortaz, hiru eskakizun egin dizkiote Iruñeko Udalari: bat, ele biz jar dezala Konstituzio plazako seinalea; bi, Donejakue Bidea parkeko errotulazioa ere euskaratu dezala; eta hiru, lehentasuna eman diezaiola euskarari kale izendegi osoan.

Azkenik, AET taldeak salatu du Espainiako Poliziak hiru kide identifikatu dituela, Konstituzio plazako errotuluaren ondoan pankarta bat zabaltzeagatik. Ez da gure konstituzioa, baina... noizko euskaraz? irakur zitekeen pankarta horretan. Argazkia egiten ari zirela, Espainiako Poliziaren bi auto aldamenean gelditu, eta AETko kideak identifikatu dituzte. «Euskara susmagarria al da? Edo pankarta bat zabaltzea?», galdetu dute oharrean.

Magdalena parkea

Hain zuzen, AETk oharra bidali eta ordu gutxira, Iruñeko Udalak iragarri du izena aldatuko diola Donejakue Bidea parkeari. Aurrerantzean, Magdalena parkea izanen da, inguruko bizilagunen eskaerei men eginez. Izendapen berria euskaraz eta gaztelaniaz paratuko dute seinaleetan. Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030erako Agendako Sailak azaldu duenez, Magdalena auzoa zen eremu horren jatorrizko izena, eta XX. mendearen erdialdean aldatu zioten, Txantrea auzoa urbanizatzen hasi zirenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.