Asier Amondo. Korrikaren koordinatzailea

«AEKrentzat kolpe itzela izango da Korrika ez egitea»

Korrika 2022ra atzeratzeak AEKren kontuetan eragingo du, baina Amondo kezkatuta dago pandemiak euskara kaletik atera duelako, eta adierazi du pentsatu beharra dagoela egoera horri buelta nola eman.

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Donostia
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Erabaki zaila izan dela dio Asier Amondok (Laudio, Araba, 1969), baina zuhurtziaz hartutakoa: 2021eko udaberrian egiteko asmoa zuten Korrika 2022ra atzeratu dute. Korrikaren koordinatzaileak Donostiako San Telmo museoan egin zuen iragarpena, atzo, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzailearekin batera. «Bizi dugun egoerak argi eta garbi erakutsi digu zuhurrak izan behar dugula, eta, beraz, erabakirik onena delakoan gaude».

Zergatik erabaki duzue Korrika urtebete atzeratzea?

Segurtasunik eta bermerik ez zegoelako. Oso lotuta gaude, bost eremutako administrazioei baimenak eskatu behar dizkiegu: Eusko Jaurlaritzari, Nafarroakoari, Iparraldekoari, Burgoskoari eta Errioxakoari. Baimenak egon daitezke edo ezezkoak etor daitezke. Ezezkoaren kasuan, zer egin? Eta baiezkoa emanda ere, hemendik hiru edo lau hilabetera ezezkoa balitz, zer? Orduan, zuhurtziagatik, segurtasunagatik eta erantzukizunagatik hartu behar izan da erabakia. Azken batean, ez dago bermerik gaur ondo dagoena hemendik hiru egunera ondo egoteko, eta, agian, Korrika ezin da pasatu herri batetik. Egoera hain aldakorra den honetan, erabaki dugu urtebete atzeratzea datorren edizioa.

Erdibideko Korrika bat baino nahiago izan duzue ez antolatu?

Ikusten genuen lasterketarik ez duen Korrika bat antolatzea Korrikari zentzua kentzea zela. Kultur ekitaldiak egin ditzakegu, baina lasterketarik ez badago, pastelari ginga kenduko litzaioke. Dinamismo handia du, herririk herri doa, eguzkia zein euria egin, jende askorekin eta gutxirekin... Hori da Korrikaren xarma eta dinamismoa, euskara kalera ateratzen du, euskarak kalean egon behar duelako. Euskararen aldeko sustapen mugimendu itzela da. Horregatik, erdibideko Korrika egitea baino, hobe ez egitea.

Uda aurretik esan zenuten 2021eko Korrika egiteko asmoa zenutela. Lanak aurreratzen hasita zeundeten?

Bai, gauza asko eginak geneuzkan dagoeneko. Mezua eginda zegoen, irudi guztia, iragarkia... Hori dena tiraderara joango da. Egia da, halaber, uda hasieranuste genuela egin zitekeela, baina irailetik hona egoerak izan duen bilakaera ikusita, zaila da ohiko Korrika irudikatze hutsa.

Egindako lana 2022rako gordeko duzue?

Bai, egindako guztia tiradera batean sartuta dago. Balio du, eta balioko du. Mezuak zentzu handiagoa izan dezake, ikusita pandemiak euskarari zelan eragin dion.

AEKri kolpe handia eragingo dio Korrikarik ez egiteak, oinarri ekonomikoa ematen baitio. Nola erantzungo duzue?

AEKrentzako kolpe itzela izango da Korrika ez egitea. Daukagun abantaila da erakunde dinamiko bat garela, eta beti egokitu garela egoera berri onetara eta txarretara. Orduan, uste dut jarraituko dugula gure zerbitzua %100 ematen arlo guztietan, eta berriz pentsatu beharko dugu galera ekonomiko hori berreskuratzeko zelako neurriak hartzen ditugun. Gauzak egin daitezke, baina ez da Korrika izango. Ikusi beharko dugu zer izan daitekeen, eta zelan apaldu galera ekonomiko hori.

Jendeari dirua eskatuz?

Ez dugu oraindik aukerarik jarri mahai gainean. Urriaren 1ean hartu dugu atzeratzeko erabakia, eta gaurko [atzoko] ekitaldiari begira aritu gara lanean. Datorren astean, eseri, eta hasiko gara halako gauzak pentsatzen.

Korrikak beste hutsune bat utziko du: ez da euskararen aldeko ekitaldi erraldoirik egingo. Nola egin dakioke aurre?

Jakin badakigu aurten ez dela Korrikarik izango, ez ditugula kaleak jendez beteko, euskara ez dela kalean egongo... Orduan. pentsatu beharko dugu horren ordez zerbait egin daitekeen. Guk Euskaraldiari babes guztia emango diogu, eta euskararen aldekoak diren ekimen guztiak babestu egingo ditugu. Pentsatu behar dugu ea euskarak berriro kaleak nola berreskuratu ditzakeen.

Eta nola egin daiteke?

Pentsatu beharko dugu euskalgintzan gabiltzan guztion artean eta instituzio guztien artean zelan berreskuratu kale horiek, eta zelan bete euskaldunez. Azken batean, pandemia honek ekarri digu euskara kaletik ateratzea. Eremu pribatura iritsi bada, ondo, baina eremu batzuetara ez da heldu. Are gehiago, galdu ere egin da: komunikabideen aldetik jarrera izan da pandemiari buruz erderaz hitz egitea, frantsesez edo gazteleraz.

Alde horretatik, euskarak espazioa galdu du?

Nik uste dut pandemia honek euskara ere gogor kolpatu duela. Eremuak galdu ditugu, eta kaleak berreskuratu behar ditugu, azken batean hor ere mintzatzen delako. Datu soziolinguistikoak ikusita, euskara ikasten ari den jendeak kalean hitz egiten du gehiago, eremu pribatuan baino.

Erakundeekin dituzuen harremanak egonkortuta daude?

Korrikaren eta erakundeen artean harreman normalizatua dugu. Guk gure aldarriak egiten ditugu, eta erakundeekin bat egiten dugu gauza askotan. Beste kontu batzuetan ezberdintasunak izan ditzakegu, baina erakundeek bere babesa eman diote Korrikari, eta pentsatzen dut 22.ean ere emango diotela. Erakundeek ondo bidean egiten badituzte urratsak, gu ere beti egongo gara euren ondoan elkarlana sustatzen.

2021eko Korrika egingo ez denez, erakundeen ateak joko dituzue babes eske?

Hori guztia datorren astetik aurrera jarriko dugu mahai gainean. Erakundeei ere jakinarazi diegu Korrikarik ez dela egongo, hainbat eragileri ere adierazi diegun bezala, eta denek tristuraz eta penaz hartu dute erabakia. Bai esan digute erabakirik zentzudunena horixe zela, baina tristuraz hartu dute. Azken batean, herri ekimenetik datorren ekimen handi bat da, non Euskal Herriko bazter guztiak zipriztintzen diren. Euskararen alde egiten den ekitaldirik handiena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.