SOSLAIA. Mertxe Mugika

AEK-ko kidea lehendakari

Irati Urdalleta Lete.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
AEK-ko Mertxe Mugika izendatu dute Soziolinguistika Klusterreko lehendakari, bazkideen artean egiten duten txandakako sistemari jarraikiz. Printzipioz, datozen bi urteetarako hartu du kargua Mugikak, orain arte lan horretan aritu den Eusko Ikaskuntzako Mikel Irizarrek zuzendaritza utzi ondoren.

Herenegun Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egindako ezohiko batzar orokorrean erabaki zuten Zuzendaritza Batzordea berritzea. Ardurak berrantolatuta, horrela geratu da zuzendaritza: AEK-ko Mertxe Mugika izango da zuzendaria; Euskaltzaleen Topaguneko Jasone Mendizabal lehendakariordea; Elhuyar aholkularitzako Maddi Etxebarria diruzaina, eta Soziolinguistika Klusterraren zuzendari Imanol Larrea idazkaria.

Horietaz gain, zuzendaritzako kide izango dira Gipuzkoako Urtxintxa eskolako Maite Asensio, Artez euskara zerbitzuko Estiñe Astorkia, Emun kooperatiba elkarteko Anaida Agirre, Mondragon Unibertsitateko Eneritz Garro, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Miren Segurola, Eusko Ikaskuntzako Ibon Manterola eta Soziolinguistika Klusterreko Asier Basurto.

Soziolinguistika Klusterreko lehendakari izendatu ondoren, Mugikak adierazi zuen «gogotsu eta ilusioz» helduko diola eginkizun berriari. «Eskerrik asko nigan jarritako konfiantzagatik», idatzi zuen Twitterren.

Ibilbide luzea du MugikakAEK-n. Idazkari nagusi gisa hamahiru urte egin zituen, 2006tik 2019ra. Aurretik urteak egin zituen irakasle modura, euskaltegietan. Alizia Iribarrenek hartu zuen haren lekukoa, eta egun oraindik ere hura da AEK-ko koordinatzaile nagusi. Mugikak, halere, AEK-n jarraitu du, irakasle lanetan.

Idazkari nagusi kargua utzitakoan, urteotan guztietan egindako ibilbidetik momentu bat hautatu zuen Mugikak: 2017ko Korrikan euskalgintzako eragileek eta erakundeetako ordezkariek kilometro bat egin zuten elkarrekin, eta hori aukeratu zuen. Argazki berezia izan zen, geroko urratsen aurrekaria. «Irudi hura betiko geratuko zait iltzatuta buruan», esan zuen.

2019an Bai Euskarari saria ere eman zioten, AEK-n egindako bidea eta lana aitortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.