Korrika ardatz hartuta, euskararen lehenari, orainari eta batez ere etorkizunari buruzko dokumentala onduko dute AEK-k eta Mirokutana ekoiztetxeak: Jalgi hadi. Horretarako, norbanakoei eta eragileei diruz laguntzeko eskatu zieten, eta jaso dute erantzuna: dagoeneko 33.200 euro lortu dituzte, eta, horrenbestez, badute behar zuten gutxieneko diru kopurua. AEK-k «bihotzez» eskerrak eman dizkie «proiektuan sinetsi eta aletxoa jarri duten guztiei». Hain zuzen, herritarren ekarpena goretsi du Lurdes Etxezarretak, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak: «Euskararen etorkizuna hauspotzeko dokumentala egia bihurtuko da herritarren babesari esker».
Ikusi gehiago
Hasiak dira lanean. Mirokutana ekoiztetxea arduratuko da proiektua ontzeaz, eta Ander Iriarte izango da zuzendaria. Erronka jarri dute: 2027an estreinatzea eta Donostiako Zinemaldian ematea.
Kanpaina zabalik
Gutxieneko diru kopurua lortu badute ere, gogorarazi dute bederatzi egun falta zaizkiola oraindik bilketa kanpainari, 88.000 euro batzea baitute xede. Beraz, nahi duen eragile eta norbanako orok www.jalgihadi.eus webgunean egin dezake ekarpena. Azaldu dute azken egunotan ahalik eta diru bilketarik handiena egin nahiko luketela, proiektuari bultzada emateko. Iriarte: «Orain, azken ufada geratzen zaigu, azken esprinta, helmugara ahalik eta indartsuen iristeko».
Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak orain artekoagatik eskerrak eman ditu: «Beste behin, euskal jendarteak euskarari eta Korrikari babesa erakutsi dio. Ekarpena egin duten guztiei eskerrak ematea dagokigu, eskerrik asko euskararen auzia pantailetara eramateko ahalegina egin eta interesa erakutsi duzuen guztiei».