Elkar fundazioak aitortza egin nahi izan die AEKri eta hark antolatutako Korrika ekinaldiari, eta haientzat izan da aurtengo Ibilbidearen Elkar saria. Elkar fundazioko idazkari Jon Jakaren arabera, Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz «eroso bizitzea» da AEKren helburua, eta, hizkuntzaren normalizazioa xede hartuta, esparru guztietan egiten du lan: ezagutzan, erabileran eta sustapenean. Hala, orain arte egindako bidea saritu dute: «Ez duzue lan makala egin». Esker onez hartu dute saria AEK-ko Artezkaritza taldeko kide Aitziber Balantzategik, Bixente Claveriek, Xabier Gartziak, Lurdes Etxezarretak eta Aize Otañok, baita Korrikako koordinatzaile Ane Elordik ere.
Jakak azpimarratu du AEK-k milaka lagun euskaldundu dituela, eta beste hainbat hurbildu direla euskarara erakunde horri esker. Egitasmo batean jarri du azpimarra: Korrikan. «Ekarpen handia egiten dio, ez bakarrik helduen euskalduntzeari, baita euskararen normalizazioari ere». Korrikako koordinatzaileak ere hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie 1980. urtetik hona Korrika antolatzen aritu diren AEK-ko kideei, eragileei eta norbanako guztiei. «Denok egiten dugu Korrika, eta denok gara Korrika». Nabarmendu du Korrikak 23 aldiz zeharkatu duela Euskal Herria, eta ordutik, ehunka mila lagunek parte hartu dutela lasterketan: «Hizkuntza berreskuratzearen aldeko hautua egin dute den-denek. Azken Korrikan ere, kalera atera gara, plazak hartu ditugu, errepideak bete. Eta argi adierazi dugu bagarela nor, euskararen aldeko adostasun zabala dagoela». Orain arteko bidetik jarraituko dutela ziurtatu du, «euskararen aldeko kontzientzia suspertzen».
Era berean, Balantzategik esan du argi izan dutela beti zein den asmoa eta iparra: Euskal Herri euskalduna erdiestea. «Urte hauetan guztietan, hamaika erronkaren eta oztoporen gainetik, zubiak eraikitzeko eta aurrera egiteko bideak topatu ditugu». Elkarlanean aurrera segituko dutela esan du, «garen horretaz eta egiten dugunaz harro gaudelako».
Agintari, eragile eta euskaltzale ugari bildu dira sari banaketan, eta txalo artean hartu dituzte saridunak. Horren ondoren, poesia irakurraldi musikatua egin dute Oihane Jakak eta Xabier Zeberiok.
Joseba Jaka beka, Josu Goikoetxearentzat
Ibilbidearen Elkar saria banatzeko ez ezik, Joseba Jaka beka emateko ere aprobetxatu dute ekitaldia. Josu Goikoetxearentzat izan da beka: 10.000 euroko laguntza izango du, eta urtebeteko epea, Hiltzailea eta beste ipuin batzuk proiektua garatzeko. Aurkeztu diren hamabost lanen artean, Goikoetxearena hautatu du epaimahaiak, laginean aurkezturiko «ipuinen kalitatea» azpimarratuta.