Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak amaitu berri du lehendakari gisa AEBetara egindako lehen bidaia ofiziala, eta ezin ukatu izan du «garai berezi batean» egin duela, Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak zein baino zein neurri arantzatsuagoak iragarri baititu egunen joanean: «Munduarentzat aztoragarria eta ziurgabea den garai batean izan da, justu Europaren eta AEBen harremanei dagokienez». Baina Trumpek eragindako «zarata eta ezegonkortasun» giro hori gorabehera, han izan dituen harremanetan ondorioztatu du badagoela aukera AEBekin lankidetzan aritzeko. Harreman komertzialak, zientifikoak, kulturalak, akademikoak eta politikoak estutzeko aukera ikusten du, hain zuzen.
Aliantza berriak bilatzeaz gain, harreman berriak ehundu eta bien interesak defendatzeko modua ikusten du. «AEBetan era badago Europarekin lankidetzan aritu nahi duenik, eta Atlantikoaz gaindiko harremanak sendotu nahi dituenik». Horregatik, Trumpen «zarata kirrinkari eta mediatikoa gorabehera, hortxe daude egiatako AEBak, indartsu, eta haiekin estutu behar ditugu harreman komertzialak, zientifikoak, kulturalak, akademikoak eta politikoak».
Uste du munduak multilateralitatea, elkarlana eta irekitzea behar dituela, eta AEBetako herritar askok bat egiten dutela ideia horrekin.
Bidaiaren helburuak betetzat eman ditu horrenbestez: «Solaskide berriak ezagutu ditugu, Euskadirentzat balio handikoa izango den informazio politikoa eta ekonomikoa jaso dugu, harremanak estutu ditugu Guggenheimekin eta IBMrekin, eta han lan egiten duten euskal enpresak lagundu ditugu». Harreman horiek iraunkorrak izango direla gaineratu du. «Etorkizuna ziurgabea den honetan, mundura atera behar dugu; mugitu egin behar dugu, eta aukerak bilatu, badaude eta».