AEBek «atzerriko talde terroristen» zerrendatik ezabatuko dute ETA

Etxe Zuriak guztira bost talde aterako ditu aurki zerrendatik, Japoniako Aum Shinrikyo eta bi talde islamista tartean. Orain arte soilik hamabost talde ezabatu dira multzo horretatik.

Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 16a
15:52
Entzun

Etxe Zuriaren zerrenda beltzetik aterako da ETA. Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak iragarri duenez, gobernuak laster aterako du ETA «atzerriko talde terroristen zerrendatik», jadanik zendua dela argudiatuta. Gainera, ETA ez da izanen multzoa utziko duen bakarra; guztira bost talde aterako dituzte, eta hutsunea utzi. Urrats bera eginen dute Japoniako Aum Shinrikyo taldeak, Kahane Kachek, eta Israelen, Palestinan eta Egipton aritutako beste bi talde islamistak ere; Mujahedin Shura Batzordea eta Gama’a al-Islamiyya.

Etxe Zuriak bost urtean behin eguneratzen du zerrenda, legez, eta, azken moldaketari dagokionez, espero da datorren astean ezabatzea aipatu bost talde horiek, Erregistro Federala argitaratzearekin batera. Orain arte, soilik hamabost talde ezabatu dituzte.

Talde batek «atzerriko talde terroristen» AEBen zerrendan bildua egon behar duen edo ez zehazteko, gobernuak irizpide jakin batzuei egiten die so. Zehazki, aztertzen dute taldea aktibo den oraindik ere, ea azken bost urteetan ekintza terroristarik gauzatu duten eta ea taldearen izena zerrenda horretan jasoa izateak kalte edo mesede egiten dion AEBen segurtasunari. Besteak beste ETAren kasuan, Etxe Zuriak iritzi dio, irizpide horiei erreparatuta, zerrendatik kanpo behar duela taldeak. ETAk 2011ko urriaren 20an iragarri zuen jarduera armatua behin betiko amaitu zuela. Bestalde, 2018an bere burua desegin zuen.

Dena dela, AEBetako Estatu Departamentuak nabarmendu du talde horiek zerrendatik ateratzeak ez duela «inolako aldaketarik» ekarriko iraganeko auziei loturiko politiketan. Hau da, nabarmendu dute bost talde horien ekintzen kontra ezarritako zigorrek berdin segituko dutela, ez dela izanen leuntzerik.

BERRIAk kontsultaturiko iturri juridikoen arabera, AEBek harturiko neurriak eragina izan behar luke berez ehunka euskal herritarrengan. Izan ere, ETAko kide izatea egotzita auzipetu eta zigortutakoek eragotzia zuten orain arte AEBetara bidaiatzea. Ez dago argi hemendik aurrera debeku hori izanen duten ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.