Adunan (Gipuzkoa) izango da Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren 35. aldia, ekainaren 16an, eta bertan bilduko dira herrialde horretako eskola txikien sarea osatzen duten 27 herri eta auzo txikietako ordezkariak. Gaur aurkeztu dute egitaraua, herrian bertan. Antolatzaileek nabarmendu dute eskola «garrantzitsua eta estrategikoa» dela landa eremuko herri txikientzat, «bizia ematen dielako».
«Umeengan herriarekiko erroak eta lotura estua sortzea beharrezko du herri batek, bere oraingo eta etorkizuneko izana ziurtatzeko», esan du Irati Manzisidor Urbietak, Eskola Txikien Sareko irakasleen koordinatzaileak. Manzisidorrek azaldu du herri eta auzo txikiak direla «euskararen arnasgune nagusiak», eta eskola publiko txikietan lan egiten dutela «horrek horrela jarrai dezan». Hala ere, adierazi dute prest daudela «erronka berriei aurre egiteko» eta beste hainbat eragilerekin «elkarlanean aritzeko». Elkarlan horren adibidetzat jo du heldu den igandeko festa.
Adunako alkate Kristina Rodriguezek ere elkarlanean egin du azpimarra: «Udalak, eskolak eta herri osoak parte hartu du jaiaren antolaketan, eta elkarrekin lan egiteak indartu eta batu egiten gaitu, gainera». Antolaketa lanetan buru-belarri aritu diren boluntario eta eragile guztiak zoriondu ditu Rodriguezek.
Adunako eskolaren ibilbide luzea nabarmendu du ikastetxe horretako zuzendari Itsaso Novalek. «Eskola udaletxe azpian zegoen hasieran; entziklopedia bat hartuta ikasten zuten ikasleek, erdaraz». Gaur egun, oso bestelakoa da egoera: «1976-1977ko ikasturtean hasi zen euskarazko irakaskuntza, orduko baliabide urriekin, eta inurriak bezala, garatuz joan da denborarekin. 1995ean, eskola aldatu zen: orain dagoen tokian eraiki zen eskola berria, erabat euskaraz, irakasle gehiagorekin eta espezialistekin». Adunako eskolan bi ikasgela besterik ez zen garai hartan. Gaur egun, 54 ikasle dira: 16 Haur Hezkuntzan, eta 38 Lehen Hezkuntzan.
Egun osoko egitaraua
Igandeko festaren xehetasunak eman ditu Lorea Iñigok, Adunako Basopeta guraso elkarteko ordezkariak: «Hainbat gune egongo dira herri osoan zehar, eta bai haurrek bai helduek ondo pasatzeko aukera bikaina izango dute horietan». Herriko zenbait eragilek berezko tokia izanen dute egitarauan; hala nola sagardogileek, «sagarraren ibilbidea» antolatu baitute, eta Zirkuola arte eszenikoen lantegiak, gune propioa izanen baitu Elordi plazan.
10:30ean hasiko da festa, harrera ekitaldiarekin. «Ekitaldi horretan, hitza emango diegu eskola txikien sarean zeresana duten eragileei eta ordezkari politikoei», azaldu du Iñigok. Horren ostean, «nahi beste ekitaldi» izanen direla nabarmendu du guraso elkarteko kideak: «Zirkuolaren guneaz eta sagarraren ibilbideaz gain, txikien zumba, puzgarriak, ur jolasak, txiki txokoa, umeentzako tailerrak, pottokak...». Arratsaldean, segida emanen diete jarduera horiei guztiei, eta bazkari herrikoia eta bingo musikatua ere izango dira. Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldiak emanen dio amaiera egitarauari.
Festan parte hartu nahi dutenek aukera izanen dute Adunaraino autoz joateko, aparkalekuak atonduko baitituzte herriko industrialdeetan. Horrez gain, doako autobus zerbitzua ere eskainiko dute, aparkalekuetatik herriko plazaraino joateko.
Gaurko aurkezpenean, Adunako eskolako Elene Aburuza eta Ekhi Matute ikasleak ere mintzatu dira. Aipagai izan dituzte festa prestatzeko egiten ari diren lanak, eta beste herrietako haurrak eta gaztetxoak gonbidatu dituzte hilaren 16an Adunara joatera.