Adostasunerako eta «sinkroniarako» aroa

Estatus berrirako ituna ezagutaraztea, adostasun soziala zabaltzea eta Katalunia izango dira GEDen lan ildoak 2019an. Giltzarri jo dute herri dinamika sendoa izatea, oinarriak «lege» bihur daitezen

jon olano
Errenteria
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
«Bost urteko zikloari amaiera eman dio Gure Esku Dago-k, eta, urte berria hastearekin batera, etapa berri bati ekingo diogu». Hitz horiekin hasi zuten Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide GEDeko kideek BERRIAn urtarrilaren 6an argitaratutako iritzi artikulua. Dinamikak oraindik ez du jakinarazi zerk ezaugarrituko duen GEDen etapa berri hori, baina testuinguru politikoari, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean adostutako estatus berrirako oinarriei eta herri mugimendu indartsua izatearen garrantziari buruzko «irakurketa proposamen bat» plazaratu zuen dinamikak joan den larunbatean, Errenterian (Gipuzkoa). GEDen izenean mintzatu ziren Zelai Nikolas legelaria eta Mario Zubiaga Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakaslea, eta dozenaka lagun joan ziren solasaldira.

Orain arteko bidea balioetsi zuen aurrena Zubiagak: «Lehen helburua lortu da; agenda politikoaren erdian kokatzea erabakitzeko eskubidea». Gogora ekarri zuen Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak estatus politiko berrirako onartutako oinarrietan jasota dagoela erabakitzeko eskubidea, eta uste du hori ezin dela «bereizi» GEDek eginiko lanetik. Aitzitik, ez du uste «etxera joateko ordua» denik: «Pauso bat eman da, baina oinarrien akordioa ez da lege; oraindik ez dago tresna zehatz bat erabakitzeko aukera jasotzeko». Dinamika herritarrak 2013ko ekainean aurkeztu zuen bere burua, eta, Zubiagak uste du bost urteotan «ilusiotik beharrera» igaro dela GEDen jarrera erabakitzeko eskubidearekiko; «ilusioari» eusten diotela, baina, «koiuntura politikoa ikusita», behar bat ere bilakatu dela.

Izan ere, zein da koiuntura politikoa Espainiako Estatuan? Hiru hipotesi marraztu zituen Zubiagak: 2020an -edo 2019an bertan- PP, C's eta Voxen gehiengoa, PSOE-Ciudadanos gobernua edo PSOEk, Podemosek eta indar subiranista eta abertzaleek osatutako gehiengoa. Jokalekua horietako edozein delarik ere, Zubiagak «ezinbesteko» jo zuen «erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu zabal bat» izatea: aurrenekoan, «autogobernua arriskuan» legokeelako; hiru- garrenean, «leihatila bat» zabalduko litzatekeelako; eta bigarrenean, jokaleku «gertagarrienean», «bereziki inportantea» izango delako «argi izatea Euskal Herritik zer planteatzen den» erreforma «oso mugatu» baten aukeraren aurrean.

Testuinguru horretan, hiru egiteko nagusi izango ditu GEDek datozen hilabeteetan: batetik, erabakitzeko eskubidearen aldeko adostasun politikoa zabaldu eta sendotzea, eta, ildo horretan, estatus berrirako oinarrien akordioa ezagutaraztea, hitzaldi, mahai inguru eta abarren bidez; bestetik, erabaki eskubidearen aldeko adostasun soziala zabaldu nahi dute, «bandera» hori ez dadin izan soilik GEDena: «Erronka da sektorekako eragileak inplikatzea». Funtsean, «erreferendumari begira gizartearen inplikazioa» eskuratzea da asmoa.

«Bidelagunekiko» harremanetan sakontzea da GEDen estrategiaren hirugarren hanka, Kataluniara begira: «Itsasontzi berean goaz. Beraz, agendak batuta egon behar dira». Hortaz, «sintonia eta sinkronia sendotu» nahi dute katalanekin. Euskal Herriak eta Kataluniak garai politiko ezberdinak bizi izanagatik, bietan «gako» komuna nabari du Zubiagak: «Han eta hemen, planteamendu bera dago sakonean: erreferendum adostu bat». Ideia horren inguruan sortu zuen Omnium Culturalek Som el 80% egitasmoa, hitzartutako galdeketa baten alde eta buruzagi independentisten epaiketaren aurka dagoen katalanen portzentajea adierazten duena. Dinamika hori «erreferentzia» da GEDentzat, Zubiagaren hitzetan.

ANC Biltzar Nazional Katalanak astelehenean jakinarazi zuen Europako hiri ugaritan mobilizazioak egingo dituztela otsailaren 12an, buruzagi independentisten aurkako epaiketa hasten den egunean, eta, ANCk berak zehaztu zuenez, GED izango da sustatzailea Euskal Herrian egingo diren protesten kasuan. Bilboko Arriaga plazan, Donostiako Bulebarrean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Iruñean oraindik zehaztu gabeko leku batean egingo dituzte elkarretaratzeak; 20:00etan Bilbokoa eta 19:00etan gainerakoak.

Eztabaida, legebiltzarrean

Euskal Herrian, berriz, «erritmo ezberdina baina logika bera» antzematen du Zubiagak: erabakitzeko eskubidean sakontzearena. Iparraldean, Batera plataforma ari da Euskal Elkargoan «aurrerapauso demokratikoak» emateko bidea urratzen, eta Nafarroako Parlamentuan sortuta dago autogobernuari buruzko lantalde bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, etorkizuneko estatus politiko-juridikorako oinarriak adostu ditu Autogobernu Lantaldeak, eta bost adituz osatutako talde bat ari da orain testu artikulatua osatzen, oinarrietatik abiatuta. Ekainera arteko epea dute horretarako. Testu hori lege proposamen gisa erregistratuko dute ondoren, gutxienez talde batek testua bere egiten badu. Besteak beste, etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea eta Espainiako Estatuarekiko harreman konfederala jasotzen dituzte oinarriek.

Hori horrela, orain arte adostutako oinarrien balioa defendatu zuen Nikolasek: «GED konprometitu zen aldarrikapen bat praktikara eramatera. Ez da soilik agenda politikoan dagoen gai bat; praktika instituzional bat dago martxan». Nikolasek azpimarratu zuenez, akordioak «testu konstituzionalen egitura» dauka, bertan jasotzen baitira hitzaurre bat, eskubideen zerrenda bat, nazioarteko harremanak, erreformarako prozedurak... «Zergatik egitura hori? Herri akordio bat izateko borondatea duelako».

Nagusiki, EAJk eta EH Bilduk adostu dituzte estatus berrirako oinarriak, eta Elkarrekin Podemos adostasunera batu zen eskubideen atalean. Boto partikularrak aurkeztu dituzte Elkarrekin Podemosek berak, PSE-EEk eta PPk. Nikolasen esanetan, testuan zehar badira zenbait elementu «ardatz transbertsal gisa funtzionatzen dutenak». Esaterako, «sakontze demokratikorako tresnak» jasotzen dituzte oinarriek: herri ekinaldia, prozesu deliberatzaileak... Genero ikuspegitik, berriz, «aitzindari» iruditzen zaio, eta ikuskera hori «akordioaren eduki ia osoan» antzematen du. Erabakitzeko eskubideari dagokionez, Nikolasek uste du «legalitatea eta demokrazia lotzen» dituela: «Borondate demokratikoa, eta hura gauzatzeko tresna juridikoak». Funtsean, «kultura demokratiko zehatz bat» dago adostutako oinarrien atzean: «Akordio hau ez dator hutsetik. [Euskal gizartea] Belaunaldiz belaunaldi adierazten ari da bere borondate demokratikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.