«Adostasunen garaia» heldu dela iritzita

Foro Sozialak 'Bizikidetza demokratikorako konpromiso soziala' dinamika hasi du, «indarkeria zikloa» ez errepikatzeko bermeak izate aldera

Nekane Altzelai Foro Sozialeko bozeramailea azalpenak ematen, atzo, Aieteko jauregian. JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak Bizikidetza demokratikorako konpromiso soziala prozesua hasi du. Plataformako zenbait kidek Aieteko jauregian (Donostia) aurkeztu zuten atzo ekinbidea, eta nabarmendu oraindik lortzeko dauden «erronkez» eta askatu beharreko «korapiloez» hausnartzea izango duela asmo. Dinamikaren «helburu nagusia» izango da «indarkeria zikloa ez errepikatzeko bermeen oinarri sendoak ezartzea». Hurrengo hilabeteetan jarriko dituzte martxan lan ildoak, eta horiek ekarriko dute, Eneko Calle dinamika berriaren bi bozeramaileetako batek azaldu zuenez, «debate eta hausnarketarako espazioa eratzea, bilera publikoak egitea euskal gizarteko entitate eta elkarteekin, erreferenteak diren pertsonen ekarpenak jasotzea, konferentzia publikoak antolatzea, baita buzoi publiko bat zabaltzea ere», besteak beste.

Nahi dute prozesua «dinamikoa, eraginkorra eta parte hartzailea» izatea, eta, horretarako, burutzen ari den bitartean «ebaluatu» egingo dute, baita «moldatu» ere, beharrezkoa izango balitz. Prozesuari berari ez diote epe mugarik jarri, baina Callek zehaztu zuen «aurrerapenen aurkezpen bat» egingo dutela 2021eko maiatzaren 16an, bizikidetza baketsuaren nazioarteko egunean.

Mikel Casado da prozesuaren beste bozeramailea, eta azpimarratu zuen «hausnarketa anbiziotsu» bat egitea dutela intentzio. Aitzpea Leizaola plataformako kideak dioenez, bizikidetzaren eraikuntzak planteatzen duen «konplexutasuna ikusarazi» eta haren bueltan egon daitezkeen «ikuspuntu desberdinak» mahaigaineratu nahi dituzte. «Hori guztia, adostasunen garaia iritsi dela uste dugulako». Casadoren hitzetan, debaterako «gutxieneko eduki batzuk» behar dira, eta «ezinbestekoa» da bai eskubide zibil eta politikoak errespetatuko dituen «marko sozial bat» eratzea, bai «herri ikuspegi guztiak eta iraganeko kontakizun oro entzutea».

Adostasuna lortu behar da, Leizaolaren ustez, «behetik gorako» prozesuan «konpromiso sozial bat eraikiz». Horrek «oinarri batzuk» bermatuko ditu, «etorkizunean gure herriaren inguruan dauden ikuspegi ezberdinak bakean eta demokratikoki elkarrekin bizi ahal izateko».

Aieten aurkeztu zuten ekinbidea, atzo; izan ere, duela bederatzi urte, atzoko egunez, Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia egin zuten han. Orduan Kofi Annan, Bertie Ahern, Gro Harlem Brundtland, Pierre Joxe, Gerry Adamseta Jonathan Powellek sinatutako adierazpenak ekarri zuen, Nekane Altzelai Foro Sozialaren bozeramaileetako batek —Agus Hernan da bestea— atzo adierazi zuenez, «ETAren indarkeriaren behin betiko amaiera». Hiru egun geroago, 2011ko urriaren 20an, jakinarazi zuen bukatutzat ematen zuela jarduera armatua. Gogoratu zuen, bide batez, Foro Soziala Aieten bertan aurkeztu zela jendaurrean, 2016ko urriaren 22an.

Altzelairen esanetan, «imajinatu ezinak ziren adostasun instituzional, politiko, sindikalak eta sozialak» lortu dira azken urteetan. Baina iruditzen zaio ez dela «erlaxatzea» komeni, eta oraindik ezin direla ziurtzat jo indarkeria ez errepikatzeko bermeak. Horregatik, «hauteskunderik gabeko» hurrengo hiru urteetan «erabakitasunez hiru korapiloak ebaztera» deitu du. Lehen korapiloa da «biktimen auzia». Iruditzen zaio garrantzitsua dela «biktima mota desberdinen artean dagoen diskriminazioa gainditzea». Guztientzat eskatu du «egia, justizia eta erreparazioa». Bigarren korapiloa «presoen auzia» da, Altzelairen irudiko. «Gai honek inoiz ez du izan orain duen adostasuna. Norabide onean urratsak egiten ari dira, baina oraindik badira iraganeko inertziak, eta horiek gainditu behar dira». Eta «memoria historiko inklusiboa» da hirugarren korapiloa. «Atal honek eragiten ditu zailtasun gehien; besteak beste, alderdien kontakizunaren eztabaidak baldintzatua dagoelako», esan zuen plataformaren bozeramaileak. «Euskal gizartea politikarien aurretik doa gai honetan. Hori erakusten duten esperientzia ugari daude».

«Min eta frustrazio gehiago» ez sortzeko, korapilo horiek askatu behar dira, Altzelairen hitzetan. Baina azpimarratu zuen Foro Sozialean «kezkatuta» daudela «eztabaida politikoaren tonuarekin»; Madrilgoarekin «batez ere», baina baita «hemengoarekin» ere.

Belaunaldi berriak

Prozesuaren erronkei dagokienez, bi nabarmendu dituzte. Batetik, pertsona guztien eskubide politiko, sozial eta zibilak errespetatzen dituen «kultura demokratiko osoa» sustatzea; bigarrenik, belaunaldi berriei elkarrizketaren eta indarkeriarik ezaren kultura transmititzea, «elkarrizketa delako», Altzelairen arabera, «gatazkak konpontzeko tresna bakarra XXI. mendean».

Aurkezpenean jakinarazi zutenez, iazko irailean hasitako prozesu baten emaitza da abiatutako dinamika. «Prozesu horretan, gure arau nagusia izan da erabakietan adostasuna bilatzea; adostasuna, lortzen hain zail den hori, batzuetan benetan existitzen ez dela ematen duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.