Sare Herritarrak egun osoko egitaraua prestatu du larunbaterako, Etxera bidea gertu lelopean. 11:00etan hasiko dute eguna, Donostiako Bulebarrean, eta eguerdiko manifestazioaren ostean, kontzertuen txanda izango da arratsaldean, Illunben. Plataformako eledun Inaxio Oiartzabalen (Donostia, 1986) esanetan, mobilizazioa «mugarri garrantzitsua»izango da, Izan bidea egitasmoaren irudi «koloretsu, alai eta dinamikoaren» erakusle: «Indarrak hartu eta etorkizuna beste modu batean ikusteko balioko du».
Zer helburu du larunbatekoak?
Duela bi urte eta erdi, Izan bidea dinamika martxan jarri genuenean, gogoa genuen presoen egoera beste modu batean jendarteratzeko. Hortik iritsi zen erronka: Euskal Herriak dituen adina kilometro egitea: guztira, 3.127.326 kilometro. Horri amaiera txukun eta polit bat eman nahi genion. Aldarrikapenerako egun batekin biribildu nahi genuen, baina baita jairako ere.
Oraintxe bete da urtebete Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketa bereganatu zuenetik.
Pauso bat da guretzat. Eskumena Gasteizen egoteak asko errazten du eguneroko bizitza. Baina baita legeak dioena betetzea ere. Uste dut Eusko Jaurlaritza horretan dabilela. Badaude presoak hirugarren graduan, eta horrek esan nahi du blokeoa pixkanaka gainditzen ari dela. Bigarren graduan daudenen kasuan ere, baimenak desblokeatzen ari dira.
Oraindik urtebete igaro da. Bada denbora, baina horrelako lekuetan ez hainbestekoa. Legearen barruan pausoak emateko jarrera erakutsi du Jaurlaritzak, nahiz eta oraindik ere blokeatuta dauden gauza asko.
Blokeo egoera horren erantzuleetako bat da Espainiako Auzitegi Nazionala. Zenbait kasutan, hirugarren graduek eta baimenek horma bat topatu dute han.
Badirudi, pauso txikiak ematen direnean, horiek oztopatzeko joera ikaragarria dagoela. Espainia aldean badago halako giro bat. Fiskaltzaren jarrera badakigu zein den, eta horrek giroa aldrebestu egiten du. Dena oztopatu, zaildu eta luzatu egiten du. Hedabideetan ere ikusi da pausoak eman direnean, eta, politika arloan, badaude ultraeskuinean kokatzen diren alderdiak konfrontazioa piztu nahi dutenak.
Euskal Herrian ere eragina du giro horrek?
Uste dugu Euskal Herrian aurreratuago gaudela arlo horretan. Jendarteak etorkizuna eraikitzeko gogo handiagoa du. Baina badaude hemen ere horrelako iritzi eta joerak. Horien aurrean, salbuespenezko espetxe politika atzean uztearen alde sortu den kontsentsu hori erakutsi behar dugu. Hori da joera horien aurrean eman dezakegun erantzun hoberena. Nahiz eta gure desadostasunak eduki, arlo honetan elkarrekin ados gaudela, oztopoei gailentzeko eta etor daitekeenari erantzuteko prest egongo garela.
2018an hasi zen euskal presoak gerturatzeko prozesua, baina oraindik ez da amaitu.
Asko luzatzen ari da Euskal Herriratzeena. Tantaka egiten ari da prozesua, eta bizi duenarentzat luzea eta gogorra da. Ezinegonak asko luzatu dira, baina itxaropenez ikusten dugu: 34 urte iraun duen urruntze politika atzean uzteko prozesuan gaude.
Egun, 37 dira Espainian Euskal Herriratu gabe dauden presoak. Espero dugu datozen hilabeteetan falta den azken bultzada hori eman ahal izatea, eta denok iraganeko zerbaiten gisan bizitzea urruntze politika hori.
Datorrena hauteskunde urtea izango da. Kezka dago Espainiako bozen ostean gerta daitekeenagatik?
Instituzioetako indar korrelazioak garrantzitsuak dira. Hartzen diren erabakiek norabide bat edo beste har dezakete. Denok dugu buruan Espainiako hauteskundeak datozela, eta horrek panorama asko alda dezakeela. Arrisku askorekin, gainera. Egungo aukerak nahastu daitezke.
Lehentasun nagusia da preso denak Euskal Herrian egotea. Eskumenak Gasteizen egoteak ez du esan nahi ezin denik atzerako erabaki politikorik egon; arriskua hor dago. Oztopoen aurrean, adostasunaren parte garenok elkarrekin agertu behar dugu.
Inaxio Oiartzabal. Sareko bozeramailea
«Adostasunaren parte garenok elkarrekin agertu behar dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu