Mikel Ormazabal. Kristau Eskolak

«Ados gaude eskaera askorekin, baina nola finantzatu?»

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa, Kristau Eskoletako eta IZEAko ikastetxeetan greba egi dute atzo eta gaur. ELA, Steilas, LAB, CCOO eta UGTk deitu dituzte. Guztira, 9.000 irakasle dira. Akordiorik lortu ezean, azaroan lau egunekoa egingo dute: 27tik 30era.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Langileen %34ek egin dute greba, Mikel Ormazabal (Andoain, Gipuzkoa, 1959) Kristau Eskoletako zuzendariaren arabera. «Penaz» hartu du atzoko eguna. Iruditzen zaio greba beti dela negoziazioak porrot egin duen seinale. «Ez zait gustatzen gure arteko desadostasunek ikasleei eragitea. Gure arten konpondu behar dugu».

Zergatik egin du porrot negoziazioak?

Eskakizun batzuk badaude, baina erantzuna ematea ez dago soilik gure esku. Jaurlaritzaren erantzuna behar dugu, finantzaketa hobetzen ez bada ezin baitiegu eskariei erantzun. Guk saiakerak egin ditugu sindikatuekin, ez eskakizunei muzin egiteko. Ados gaude egin dituzten eskaera batzuekin, baina, horretarako, itunpeko ikastetxeen finantzaketa hobetu behar da. Gure aukera ekonomikoen azterketa bat egin genuen, eta sindikatuei erakutsi genien. Haien erantzuna negoziazio mahaitik altxatzea izan zen. Posible da gure proposamena hobetzea; hori beti. Baina, horretarako, negoziatu egin behar da. Ezin da mahaitik joan.

Zer arazo du Jaurlaritzatik jasotzen den finantzaketak?

Hezkuntza Sailaren aurrekontuaren %70 sistema publikoak jasotzen du, eta ikasleen %50 dira; hau da, itunpekook %30 jasotzen dugu, eta erdiak gara. Horri ere erantzun bat eman beharko dio gobernuak. Eta badago beste dimentsio bat. Adibidez, DBHko 1. eta 2. mailako irakasleek eta 3. eta 4. mailakoek berdin kobratzea eskatzen dute sindikatuek. Gu horrekin ados gaude, eta lau urte daramagu Jaurlaritzarekin negoziatzen. Gu sindikatuen eskaera askorekin ados gaude, noski! Nola egongo gara langileen eskubideen kontra? Baina nola finantzatu hori? Horregatik ari gara Jaurlaritzarekin negoziatzen, eta badut akordioa lortuko dugun itxaropena. Guk hau guztia sindikatuei argi eta garbi azaldu diegu. Ez dugu inolako estrategia ezkuturik langileen aurka.

Sindikatuek leporatzen dizuete Jaurlaritza egiten duzuela erantzule bakar. Baina diru publikoaz gain beste finantzaketa bide batzuk ere badaudela diote.

Zeintzuk? Esan dezatela argi. Derrigorrezko eskola doakoa da legez. Batzuk leporatzen digute kuotak kobratzen ditugula. Eta zer egin behar dugu? Torlojuak egiten dituzten enpresak jarri ikastetxeetan dirua lortzeko?

Zer eskaini duzue zuek?

Adibidez, ordu osagarriak eskaini ditugu, zenbat jar ditzakegun. Badakit sindikatuak ez daudela ados. Bale, baina eztabaidatu dezagun. DBHko soldatak parekatzea ere negoziatzen ari gara. Baina eman iezadazu denbora, eta ez grebara jo. Hemendik bi hilera lortzen dugunean esango dute grebagatik lortu dela. Ados.

Ohartarazi dute lanpostuak arriskuan egongo direla jaiotza tasaren jaitsieragatik.

Guk egin genuen ikerketa hori, ez haiek. 2014an jarri genuen mahai gainean zer etorriko den. Eta esaten dutenean ez dugula plangintzarik, gezurra da. Guk bi urte daramagu ELArekin akordio bat lortzeko. Adibidez, ratioak igota. Ezin dugu galdu irakasleek urteetako lanean lortutako jakituria.

Lan ituna 2008koa da.

Bai, eta beti azpimarratzen dute hori: langileen erosahalmena duela hamar urtekoa dela. Baina itunpekoon ahalmena ere duela hamar urtekoa da. Guk ez dugu gehiago jaso Jaurlaritzatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.