Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Administrazioa herritarrei «gerturatzeko» neurriak hartuko ditu EAJk

Besteak beste, udal eta foru bulegoetan aurrez aurreko arretari berrekiteko konpromisoa hartu dute Artolazabalek eta Gonzalezek

EAJren Gasteizko eta Arabako hautagaiak, atzo, Plaza Berrian. J.F.. / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
EAJk Gasteizko Plaza Berria hautatu zuen atzo hauteskunde kanpainako lehen ekitaldi ofiziala egiteko. «Kudeaketa zorrotzaren» inguruko neurri sorta aurkeztu zuten Beatriz Artolazabal Gasteizko alkategaiak eta Ramiro Gonzalez ahaldungaiak, Jose Antonio Suso EAJko Araba Buru Batzarreko presidenteak lagunduta.Neurrien berri eman aitzin, EAJren «kudeaketa eredua» goraipatu zuen EAJko Araba Buru Batzarreko presidenteak: «Zorrotzak eta serioak gara». Pandemia garaiak gogoan hartuta, azpimarratu zuen administrazioen erronka nagusia herritarrekiko aurrez aurreko harremanak berreskuratzea dela, eta premiazkoa dela tramiteak «azkarrago» eta «errazago» egiteko tresnak martxan jartzea.

EAJren alkategaiak hartu zuen hitza ondoren. Artolazabalek nabarmendu zuen jeltzaleek «printzipio argiak» defendatzen dituztela: «Lantaldean lan egiten dugu, zorrotz, garden eta herritarrengandik hurbil». Haren esanetan, EAJren «kultura politikoaren» oinarrian herritarrei entzutea eta herritarren parte hartzea sustatzea dago, eta, alde horretatik, instituzioak eta administrazioak herritarrengana «gerturatzeko» konpromisoa hartu zuen.

Azaldu zuenez, alkategaia denetik harremanetan egon da hiriko hainbat auzo elkarte, kultur eragile eta enpresabururekin, eta haien eskaera nagusietako bat da administrazioak «irekiagoak» eta «gardenagoak» egitea. Kezka horiek bere egiten dituela erantsi zuen: «Akordioen aldeko emakumea naiz. Hitz egin eta entzutearen aldekoa. Eta horixe da egingo dudan bidea».

Alkatetza eskuratuz gero «administrazio moderno, parte hartzaile, arin eta garden» baten alde lan egingo duela iragarri zuen Artolazabalek. Batetik, jakinarazi zuen aurrez aurreko arretari berrekingo diola herritarrei arreta emateko zerbitzuetan. «Bizilagunek helarazten duten eskaera bat da, eta, gure ustez, pandemiaren okerrena igarota, gure normaltasunera itzulita, garaia da zerbitzuari pentsatuta dagoen bezala berrekiteko». Bestetik, lizentzien ordenantza aldatuko duela iragarri zuen, lizentziak emateko epeak azkartzeko. Lizentziak emateko bulego bat ere sortu nahi du, baimenak emateko orduan epeak murrizteko. Udal langileria «modernizatzeko» urratsak ere iragarri zituen, «era digitalari egokitutako lan profil berriekin».

Halaber, EAJk azken zortzi urteotan Gasteizko Udalean egindako kudeaketa goraipatzeko baliatu zuen Artolazabalek aukera. Haren esanetan, Gorka Urtaranek liskar politikoa gutxitu eta elkar ulertzea sustatu du, eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez proiektuak lortu ditu hiriarentzat. Datu bat ere eman zuen, adibide gisa: «Azken bi legealdietan EAJk 400 milioi euroko inbertsioa erdietsi du hiriarentzat, horietatik 345 milioi Jaurlaritzak jarrita».

Gazteen hizkuntza berean

Bestalde, Ramiro Gonzalez EAJren ahaldungaiak gogoratu zuenaldundiak neurri zehatzak hartu dituela «entzute aktiboa» sustatzeko, hala nola Araba Irekia webgunea eta aurrekontu parte-hartzaileak. Ildo horretan, iragarri zuen foru erakundeaktramite «errazagoak eta eraginkorragoak» jarriko dituela martxan herritarren parte hartzea sustatzeko, eta aldundiaren bulegoetan aurrez aurreko arreta hobetuko dutela. «Bereziki adineko pertsonengan pentsatzen ari gara, eta online edo telefono bidez gurekin harremanetan jartzeko zailtasun gehiago dituztenengan».

«Biztanle gazteenei» zuzendutako neurriak ere hartuko dituztela jakinarazi zuen. Besteak beste, tresna digitalak garatuko dituzte foru erakundearekin harreman «intuitiboagoa» izateko, batez ere sare sozialen bidez. «Gazteenen lekuan jarriko gara, eta euren hizkuntza berean hitz egingo diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.