Adituen ustez, ezinbestekoa da energia trantsizioaren prozesua «bidezkoa» izatea

Energia berriztagarriei lotutako proiektuen onarpen soziala aztertu dute mahai inguru batean, Bilbon.

Ezkerretik, Jorge Fernandez, Mikel Amundarain, Julio Castro, Edurne Basterra, Jose Ignacio Mendoza eta Aitor Urresti. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ezkerretik, Jorge Fernandez, Mikel Amundarain, Julio Castro, Edurne Basterra, Jose Ignacio Mendoza eta Aitor Urresti. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko ekainaren 2a
20:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Berriztagarriak bai, baina ez horrela. Lelo hori ezagun egin da leku askotan, eta ongi laburbiltzen du gizartearen jarrera: herritarrak, oro har, energia berriztagarrien alde daude, eta ongi ikusten dituzte klima larrialdiaren kontra borrokatzeko bide gisa, baina, egitasmo zehatzak mahai gainean jartzen direnean, protestak eta kontrako iritziak ugaldu egiten dira. Gaiari heldu diote Bilbon egindako mahai inguru batean, AEEE Ekonomia Energetikoaren Espainiako Elkarteak antolatuta.

Eztabaidari ekin aurretik, iaz argitaratutako ikerketa baten berri eman du Orkestra institutuko energia arloko koordinatzaile Jorge Fernandezek. Esan duenez, 2008tik etengabe apaldu da energia berriztagarrietako egitasmoen aldeko iritzia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean. Gako batzuk eman ditu hori azaltzeko: «Herritar askoren pertzepzioa da berriztagarrien kostuen eta onuren banaketa ez dela bidezkoa». Esan duenez, horrelako proiektuek dakartzaten zamak eta onurak egoki banatzea, informazioa ematea eta herritarrei parte hartzeko moduak eskaintzea baitezpadakoa da horrelako egitasmoek herritarren oniritzia izango badute.

Mikel Amundarain EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak esan duenez, EAEn deskarbonizazio prozesua «arrakastatsua» izaten ari da, baina ez da «nahikoa», eta oraindik «bide luzea» gelditzen da. Bere iritziz abiapuntua zein den argi azaldu du: «Euskadi herrialde industriala da, eta 2050ean ere hala izan nahi dugu. Bidea egin behar dugu, baina geure bide propioa, errealitate horretatik abiatuta». Julio Castro Iberdrola Renovables enpresako arduradunak, berriz, azaldu du energia berriztagarrien inguruko proiektu batek hiru osagai behar dituela: baliabide natural bat, eremu bat azpiegitura ezartzeko, eta sare elektrikorako konexioa; «normalean, bigarren osagai horrekin egoten dira desadostasunak». Kexu agertu da, uste baitu horrelako proiektuetarako baimenak lortzeko prozesuak «oso luzeak» direla.

«Etxeko lanak» egin gabe

UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko presidente Edurne Basterrarena izan da berbaldirik kritikoena. Esan duenez, gai honetan arduradun politikoek «etxeko lanak egin gabe» izan dituzte, «eta orain korrika eta presaka ari dira, guri lurra, bizimodua eta kultura kentzearen truke». Ondorioa da horrelako egitasmoak ugaldu direla Araban, eta horiek bultzatzen dituzten enpresek «indarrez» eta «jazarpena erabiliz» dihardutela. Lehen sektorearen garrantzia nabarmendu du: «Industria ondo dago, baina gu ere sektore estrategikoa gara, eta errespetatu behar gaituzte».

Energia fotovoltaikoaren esparruan aritzen diren enpresak biltzen ditu UNEF elkarteak, eta Jose Ignacio Mendoza Ekisolar enpresako arduraduna da elkarte horren ordezkaria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Esan duenez, horrelako proiektuak aurkeztu dituzten zenbait enpresak «oso oldarkor» eta begirunerik gabe jokatu dute, eta horrek «inbasio» sentsazioa eragin du: «Beharrezkoa da gardentasunez jokatzea eta lurraldean bizi den jendea aintzat hartzea». Beste gako bat eman du Aitor Urresti EHUko irakasleak: gune urbanoak dira energia gehien kontsumitzen dutenak, baina egitasmo guztiak landa eremuan kokatu nahi dituzte. Bestelako bideak jorratzea proposatu du: kontsumoa murriztea eta energia aurreztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.