Adituek sinesgarritasuna aitortu diote Txapartegiren tortura salaketari

Salatu dute inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarritutako epai batengatik estraditatu nahi dutela. Suitzan dago preso, iazko apiriletik

Suitzak Tesalonikan (Grezia) duen kontsuletxean eginiko protesta, Txapartegiren kasua salatzeko. BERRIA.
jokin sagarzazu
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Istanbulgo Protokoloa aintzat hartuta, bi adituk «sinesgarritasuna» aitortu diote Nekane Txapartegiren tortura salaketari. Txapartegi behin-behinean preso dago Suitzan, iazko apiriletik, Espainiako Estatuak eskatuta. Haren estradizioa galdegin du, 2007tik Justiziatik ihes eginda dagoela argudiatuta. Horrekin batera, Suitzako Justizia aztertzen ari da Txapartegiren defentsak aurkeztutako argudioak: bereziki, 1999. urtean eginiko tortura salaketa.

«Adituen ondorioa da benetakoak direla salatutako torturak, espetxean eginiko azterketaren ondoren eta agiri medikuak aztertu ostean». Hala dio Txapartegiren abokatuak komunikabideetara bidalitako oharrak. Adituen txostena Suitzako Justizia Bulego Federalera igorri dute.

Defentsak azaldu duenez, atxilo zegoenean eginiko deklarazioetan oinarrituta zigortu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Txapartegi, 18/98 sumarioaren barruan. Sei urteko zigorra ezarri zioten, baina espetxeratu aurretik ihes egin zuen, 2007an. ETAko nazioarteko aparatuko kide izatea egotzi zioten. Estradizio eskaera ez onartzeaz gain, Txapartegik asiloa eskatu dio Suitzari. Torturetan oinarritutako epaietan eginiko estradizio eskaerak ukatu dituzte aurretik Europako estatu batzuek.

Istanbulgo Protokoloa

NBE Nazio Batuen Erakundeak pertsona bat torturatua izan den frogatzeko erabiltzen duen ikerketa metodoa da Istanbulgo Protokoloa. Txapartegiren kasua aztertu dute Onder Ozkalipci auzitegi medikuak eta Thomas Wenzel psikiatrak. « Ondorioztatu dugu inkomunikatuta atxilotuta egon zen 10 egunetan torturatua izan zela, [torturen] diagnostiko psikologikoak eta arrasto fisikoak aintzat hartu ondoren », azaldu du Ozkalipcik.

Protokoloaren sortzaileetako bat da bera, eta aditu gisa parte hartu du, besteak beste, Nazio Batuen Giza Eskubideen goi mandatariarentzako, Giza Eskubideen Europako Auzitegiarentzako eta Jugoslavia izaniko Nazioarteko Zigor Auzitegiarentzako. Wenzelek, bestalde, 30 urteko esperientzia dauka psikiatriaren alorrean, eta Istanbulgo Protokoloari buruz artikulu ugari idatzi eta ikastaroak antolatzen ditu.

Txosten horretaz gain, defentsak Suitzaren esku utzi du Eusko Jaurlaritzaren Tortura: 1960-2013 ikerlana, zeinetan Paco Etxeberria auzi medikuaren taldeak ere sinesgarritasuna aitortzen dion Txapartegiren salaketari. OMCT Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak ere Suitzari esan dio Espainiaren esku uzteko eskaerak «torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako epai batean» duela jatorria.

Espainiako Gobernuak, berriz,ukatu egin du Txapartegi torturatua izan zela. Suitzak eginiko eskaerari erantzunez, argudiatu du epaitegietan ikertu zela haren salaketa, eta delitu zantzu faltagatik artxibatzea erabaki zutela. Gobernuak bere idatzian ziurtatu du ETAk diseinatutako estrategia baten ondorio dela «tratu txarren salaketa sistematikoa».

Ziurtatu du, halaber, Espainiako Poliziak ez duela legez kanpoko jarraipenik egin Suitzan, eta Txapartegiren eskubide guztiak bermatu direla. Iazko apirilean atxilotu zuten. Aurrez, ordea, iheslariak salatu zuen Espainiako poliziak izan zituela atzetik eta identifikatzera joan zitzaizkiola, estradizioa eskatu baino lehen. Txapartegiren defentsaren arabera, Suitzako Gobernuak ez zuen horren berririk izan, eta delitu bat egiten ari ziren polizia haiek, gobernuaren baimenik gabe ezin delako Suitzan lanik egin atzerriko estatuen interesei erantzunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.