Txinan hasi zen koronabirusaren pandemia, eta Txinatik iritsi dira Euskal Herrian ahazten hasita dagoen izurriteari buruzko berriak: milioka kutsatze gertatzen ari dira han, eta transmisio masibo horrek alerta piztu du Europako Batasuneko herrialde batzuetan.
Batasuna adostasun bila dabil Asiatik etor daitekeen arriskuari erantzuteko, eta, hain zuzen, BERRIAk neurria hartu nahi izan dio arrisku horri bi birologorekin hitz eginda: ez dute ikusten oinarririk kezka berezirik pizteko. Garbi esan dute «transmisio komunitarioa» dagoela Euskal Herrian ez ezik Europa osoan ere, eta «gure ospitaleetara» begiratu behar dela Txinara baino gehiago. Asiako erraldoitik datozen bidaiariei jarri zaizkien neurriak ez dituzte «eraginkortzat» jotzen, «baldin eta birusaren transmisioa etetea bada helburua». Horretan bat datoz Ignacio Lopez Goñi mikrobiologoa (Iruñea, 1962) eta Izortze Sartin Biocruces institutuko ikertzailea (Barakaldo, Bizkaia, 1981).
«Birusa Europan dabil kontrolik gabe, eta, beraz, Txinako bidaiarientzat nolabaiteko hesi bat jarri nahi izateak ez du eraginik izango izurritearen kontrolerako». Lopez Goñik uste du ez duela zentzurik herrialdeen araberako neurriak hartzeak: «Birusa gure artean da; beraz, nola geldituko dugu aireportuetan? Ezin dugu ahaztu bidaiariak beste herrialde batzuetatik sar daitezkeela, eskalak egin eta gero». Hala ere, ez du gaizki ikusten Europako Batasunean neurriak adostea, «baina alferrik dira aireportuetan».
Txertatze ziurtagiria eskatzeari ere ez dio praktikotasunik ikusten, «aski frogatua» baitago txertoek ez dutela transmisioa eteten; «zuk txertoa jarria izan dezakezu eta besteak kutsatu aldi berean», dio. Larri gaixotzea eta hiltzea eragozten dute txertoek, osasun agintariek maiz esplikatu dutenez. «Txinari begira egon beharrean, hemen egin behar ditugu etxeko lanak. Txertoen indartze dosiak jartzearen garrantzia hobeto helarazi behar da, oraindik 60 urtetik gorako herritar asko daudelako hirugarren eta laugarren dosiak jarri gabe».
AEBetako azpialdaera
Santinek, berriz, uste du hegaldiei buruzko neurriek izan dezaketela transmisioarekin lotura zuzenik gabeko beste helburu bat: herritarrei zerbait egiten dela helaraztea. «Beharbada, herritar batzuk lasaiago geratuko dira jakitean neurriak hartzen direla, baina, praktikan, ez dute eragin handirik izango. Izan ere, ez da ezer berririk gertatu hemen: birusaren transmisioa komunitarioa da oraindik ere; hemen ez bagara gai kutsatze komunitarioa eteteko, zertarako balio du hegaldiekin hasteak?».
Kutsatzeen kopuruarekin dauka zerikusia Txinak eragin duen kezkak. 1.400 milioi biztanleko herrialdea izaki, milioika dira hango kutsatzeak egunotan, aditu askoren irudiko. Pekinek alde batera utzi du gardentasuna pandemiaren zenbakiei buruzko informazioa helaraztean, eta horrek ere bultzatu ditu Europako herrialdeak badaezpadako neurriak hartzera, Lopez Goñiren arabera. «Egia da Txinaren informazioa ez dela gardena, eta horrek mesfidantza eragiten du, noski. Iritsi da, ordea, hango azpialdaerak hemen aurrez ibili direnak direla». Eta Santinek azaldu du birusaren milioika erreplika egiteak zer arrisku dakarren: «Birusa erreplikatzen den bakoitzean dago mutaziorako aukera, eta zenbat eta gehiagotan erreplikatu, orduan eta arrisku handiagoa dago». Kontua da hori ez dela Txinan bakarrik gertatzen. Hango aldaeren inguruan iritsi den informazio lasaigarria azpimarratu du, dena den, Santinek: «Txinan dabiltzan azpialdaerak hemen lehendik zabaldutakoak dira, denak ere omikronetik eratorriak».
Izan ere, Txinatik ez baina beste kontinente batzuetatik etor daiteke omikron ordezkatuko lukeen pi aldaera berria, Lopez Goñik dioenez; ez du zertan hori gertatu, ordea. Omikronen azpialdaera gehiago azaltzea normala da, berriz. «AEBetan omikronen azpialdaera bat nagusitzen ari da orain: XBB. 1.5. Ez da oldarkorragoa sintomei dagokienez, baina bai kutsakorragoa».
Edonola ere, Iruñeko mikrobiologoak «oinarrizkotzat» jo du aurrerantzean ere zaintza epidemiologikoa egitea. «Birusaren sekuentziazioekin jarraitu behar da, jakiteko zein aldaera edo azpialdaera zabaltzen ari diren gure artean, hori baita modu bakarra urrats bat aurretik joateko». Pandemiaren aurkako beste zutabea «osasun sistema indartzea da», adituen arabera: «Esan beharrik ere ez dago».
Nolanahi ere, adituek lasaitasun mezua helarazi dute: ez dago oinarririk orain arte dagoen arriskuan beste koska bat igotzeko. Horrela dio Santinek: «Datuak beti aztertu behar dira zuhurtziaz, baina sortzen ari diren aldaera guztiak omikronetik eratorriak dira, eta antzeko oldarkortasuna eta kutsatzeko gaitasuna dute». Pandemiaren aroei begira ere, Txinarekin alderatuta abantaila handia dugula uste du adituak. «Hemen askoz ere aurreratuagoa dugu bidea haiekin alderatuta. Txertoen eta kutsatzeen bitartez immunitate handia lortu dugu, eta Txinan, berriz, zero COVID politikari eutsi diote, eta jende gehienak ez du kontakturik izan birusarekin. Esan daiteke duela urte eta erdi eduki genuen egoeran daudela haiek».
Immunitate hibridoa
Lopez Goñik eta Santinek uste dute alferrik dela larritzen hastea. Txertoen garrantzia eta immunitate hibridoaren eraginkortasuna nabarmentzen dituzte pandemiari eman beharreko erantzunaz aritzean. «Laugarren dosia omikronera egokitu dute jadanik», gogoratu du Lopez Goñik. «Ezin da baztertu birusa berriro mutatzea, baina nik ez dut espero arazo handirik, birusa ez baita berria gure immunitate sistemarentzat, txertatze zabala eta kutsatze asko izan baititugu».
Iritzi berekoa da Santin: Txinari baino gehiago, gure ospitaleei begiratu behar zaie. «Oinarrizkoa da zer-nolako aldaerak iristen zaizkigun jakitea eta zaintza epidemiologikoa egitea, baina, oraingoz, ez dugu larritu behar Txinako berriak direla eta. Guk ospitaleei begiratu behar diegu: transmisioa handia da, baina kutsatze horiek guztiek ez dute lehen zuten isla bera erietxeetan».
Herritarrek lortu duten immunitatea da egungo egoera hobea azaltzeko arrazoi nagusia, Santinen irudiko: «Txertoen indartze dosiak hartu dituztenen artean, adineko herritarrak dira gehienak, baina laugarren dosia, omikron aldaerara gaurkotu dutena, ez dute hainbestek hartu Euskal Herrian». Sartinek uste du ez diola inori kalte egingo indartze dosiak hartzeak, baina adineko jendea dela gehien behar dituena. «Zaurgarriei emango diote babes gehigarria, eta garrantzitsua da herritar horiek indartze dosiak jartzea. Bestela, immunitate hibridoa duten herritarrentzat, hau da, txertoek eta kutsatzeek eragindakoentzat, ez da hain garrantzitsua».
Koronabirusa. Adituen iritzia
Adituek ez dute ikusten oinarririk alarma pizteko Txinako egoera dela eta
Txinara baino gehiago «gure ospitaleetara» begiratzeko eskatu dute. Zaintza epidemiologikoa egitea nahi dute, aldaeren berri azkar izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu