Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak etorkizunean izan beharreko estatus politiko-juridikoaren zimenduak jarri zituen joan den urte politikoan, eta oinarri horiei forma juridikoa ematea egokituko zaio orain taldeek aukeratutako aditu batzorde bati. Talde bakoitzak atzo arteko epea zuen aditu bat proposatzeko, eta goizean jakinarazi zituzten proposatuen izen-abizenak: EAJk Mikel Legarda diputatua, EH Bilduk Iñigo Urrutia Euskal Herriko Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko irakaslea, Elkarrekin Podemosek Arantxa Elizondo EHUko Politika Zientzietako irakaslea, PSE-EEk Alberto Lopez Basaguren EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna eta PPk Jaime Ignacio del Burgo eskuin nafarrean ibilbide luzea eginiko politikaria.
Aditu taldea datorren asteazkenean osatuko da formalki, Autogobernu Lantaldearen bileran izendapenei oniritzia ematean. Ofizialki bi izango dira lantaldearen zereginak datorren asteazkeneko bileran: aurreko urte politikoan atalka bozkatutako oinarriak osorik onartzea edo baztertzea, eta adituen izendapena onestea. Hala ere, hilaren 12ko batzar horretan, taldeek izango dute zer adostu: besteak beste, adituek noiz arteko epea izango duten testu artikulatua ontzeko, testu artikulatua EAJ-EH Bildu akordioan oinarritu behar duten edo nola jasoko dituzten Elkarrekin Podemosen, PSE-EEren eta PPren boto partikularren edukiak, zein izango den bitartean Autogobernu Lantaldearen zeregina, adituen lana ikuskatuko duen edota batzartuko den datozen hilabeteetan.
Halaber, erabakitzeke dago batzorde horrek nola hartuko dituen erabakiak. Izan ere, oinarriak nagusiki adostu dituzten taldeek bi ordezkari izango dituzte batzorde horretan, eta babestu ez dutenek, hiru. Gutxi gorabehera, espero da adituek zortzi bat hilabeteko epea izatea testua prest edukitzeko; ekain ingururako, beraz. 2019ko udako etenaldiaren ostean erregistratuko lukete Eusko Legebiltzarrean lege proposamen gisa, eta gutxienez zortzi bat hilabeteko tramitazioa beharko luke osoko bilkuran onartu edo baztertu arte; 2020ko udaberri edo uda ingururako, alegia. Epeak betez gero, 2020ko udazkenean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.
Adituek hilaren 30erako jasoko dute Eusko Ikaskuntzak ekainean eginiko bilerekin osatutako txostena. 200 bat herritarrek hartu zuten parte Gasteizen, Bilbon eta Donostian eginiko batzarretan. Agiri hori eta lantaldeak onartutako oinarriak izango dira txostengileen lanabesa.
Beraz, bost aditutik lau gizonezkoak izango dira, eta bakarra emakumea. Bostetik hiru, euskaldunak. Hain justu, batzordeak izango duen parekidetasun falta salatu du Elkarrekin Podemosek: «Ezinbestekoa da emakumeek rol protagonista izatea estatus berri bat ordezkatzen duen itun sozialaren idazketan, negoziazioan eta aurkezpenean». Koalizioak erantsi du parekidetasuna «beharrezko baldintza» dela emakumeen «beharrak eta ekarpenak kontuan har daitezen prozesu ia-konstituziogile honetan». Batzordearen genero desoreka zuzentzeko, Elkarrekin Podemosek proposatu du talde parlamentario bakoitzak bi aditu izendatzea, eta horietako bat gutxienez emakumezkoa izatea. Koalizioak «ez du eragozpenik adituen izendapen eta erregistro epea luzatzeko».
Erabakitze «mekanismoa»
Adituek izango duten egitekoaz eta estatus berriaren oinarrietan onartutakoaz hitz egin zuen atzo Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak. Onda Vascan, esan zuen espero duela «gutxiengoek beto eskubiderik ez izatea». Izan ere, azaldu zuen EH Bilduren nahia dela «berdinen arteko harreman bat» izatea Espainiako Estatuarekin, «eta ez du zentzurik dena geldiaraztea gutxiengo baten betoagatik». Gaineratu zuen EAJrekin adostutako oinarrietan ez dela independentzia jasotzen, «herritarrei mekanismoak ematea baizik, erabaki dezaten zer izan nahi duten».
Autogobernu Lantaldeak uztail hasieran amaitu zuen estatus berriaren oinarriak adosteko prozesua. EAJk eta EH Bilduk bat egin zuten atal gehienetan, eta Elkarrekin Podemos akordiora batu zen eskubideen alorrean. Udako asteetan, ordea, ugari izan dira adostasun hori zabaltzeko eta testuaren edukiak moldatzeko beharra azpimarratu duten mezuak; Elkarrekin Podemosen, PSE-EEren eta PPren aldetik zabaldu dira mezu horiek nagusiki, baina baita EAJren barrutik ere.
Espainiako Gobernuak argi esan zion Jaurlaritzari joan den igandean: «Kongresuak baztertu egingo du estatutuaren erreforma subiranista bat». Isabel Zelaa gobernuko bozeramailearenak dira hitzak, El Correo egunkariak hilaren 2an argitaratutako elkarrizketa batekoak. Eneko Andueza PSE-EEko Gipuzkoako buruzagiak, berriz, abuztuaren 26an itxaropena azaldu zuen EAJk «obsesio subiranistak» alde batera utziko dituela. Urte politikoa hasteko ekitaldian, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak adierazi zuen EAJk eta EH Bilduk adostutako testua «oso identitarista eta baztertzailea» dela, eta PPk akordioarekin «Euskadi amildegi ertzera» eramatea egotzi zion. Bestalde, ohar egin dio EH Bilduk EAJri, onartutako edukietan ez dezan amore eman. Esaterako, Pello Urizar legebiltzarkideak BERRIAn eginiko elkarrizketa batean ohartarazi zuen EH Bilduk zail izango lukeela estatus berria babestea erabakitzeko eskubidea testutik kanpo geratuko balitz.
Edukien alorrean, posizio ugari azaldu ditu EAJk asteotan. Urte politikoa abiatzeko ekitaldian, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak nabarmendu zuen adostutako oinarriak ez direla «dogma bat», eta alderdiei «mugitzea» dagokiela. Ekitaldi berean, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak Elkarrekin Podemos, PSE eta PPri egotzi zien «gutxiengo obstrukzionista» izatea, eta azpimarratu zuen euskal instituzioei dagokiela «autogobernua definitzea». Irailaren 3an, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eskatu zuen estatutu berriaren akordioa «bideragarria» izan dadila, eta uste du «aztertu» egin beharko dela EAJk eta EH Bilduk adostutako guztia. Biharamunean, ordea, oinarriei «babes osoa» agertu zien Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Oinarriak onartu osteko agerraldian, uztail hasieran, Egibarrek azpimarratu zuen adituen zeregina argia dela: horiei soilik dagokie oinarriak testu artikulatu batean antolatzea, ez interpretazioetan sartzea. Adituek zume horiekin ekin beharko diote lanari.
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea. Adituen batzordea
Adituak zehaztuta, horien eginkizuna adostu beharko dute taldeek asteazkenean
Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok, Alberto Lopez Basagurenek eta Ignacio del Burgok osatuko dute EAEko estatutu proiektua idatziko duen aditu batzordea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu