Babesgabe dauden adingabeak. Elena Aiarza Elorriaga. EAEko Arartekoko Umeen eta Nerabeen saileko arduraduna

«Adingabeen egoitza asko beteta daude: muga-mugan»

Duen arduragatik maiz bisitatu behar ditu adingabeen egoitzak, eta,oro har, horietan lan egokia egiten dela uste du. Hobetu daitekeela adieraztea ere ezinbesteko deritzo, hala ere. Eta prebentzioa indartzea: familiei laguntzeko.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Bilbo
2016ko abenduaren 11
00:00
Entzun
2010etik EAEko Arartekoko Haurren eta Nerabeen Saileko arduradun lanetan ari da Elena Aiarza (Bilbo, 1963), eta talaia egokia da jardunbide hori euskal gizarteak umeak eta nerabeak zer moduz zaintzen dituen ikusteko. Aparteko begirada eskatzen dute babesgabetasun egoeran edo arriskuan dauden adingabeek.«Portzentaje txiki bat dira gizarte honetan, baina hor daude». Horiei eskaintzen zaien arretaren kalitatea ebaluatzeko ahalegina egiten du.

Jatorrizko familian —edo harrera familia batean— egon ezin, eta zentroetan bizi behar izaten dute, zenbaitetan, haur eta nerabeek. Zer moduzkoak dira, zuen ikuspegitik, babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeentzat dauden zentroak?

Guk egoitza baliabideei buruz hitz egiten dugu; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan legez zehaztuta dago baliabide horiek, ahal dela, etxebizitza baten itxura izan behar dutela: ahalik eta handiena. Hain zuzen ere, etxebizitzatan daude sarri askotan. Zentro hitza erabiltzen badugu, oso bestelako eraikinak datoz sarri burura, zementu puskak, jende askorentzako prestatuak. Etxebizitza gehienak, gainera, komunitatean txertatuta daude, herri eta hirietako guneetan. Oro har, guk egiten ditugun txostenetan, egoitza horien balorazio ona egiten dugu: lan oso on bat egiten dela iruditzen zaigu, eta horien jarduna arautzeko dekretua [2008an atera zuen Jaurlaritzak] abiapuntu oso ona dela. Praxis txar asko saihesten dituela iruditzen zaigu, eta profesional kopuru egokiak zehazten dituela lanerako, baldin eta dekretuaren irakurketa xuhurregi bat egiten ez bada. Guk egoitzak bisitatzen ditugu: oro har, ondo lan egiten dela ikusten dugu, eta beren jardunbideari sakonki lotutako profesionalak ari direla alorrean. Apika, ikusten dugun eragozpenetako bat da hainbatetan —haur eta nerabeen jarraipenetan— hartu behar diren zenbait erabaki atzeratu egiten direla; sarri askotan argi eta garbi daude zenbait erabaki, baina prozedura administratiboen ondorioz, motelegi hartzen dira.

Baliabide horien funtzionamenduaren inguruko dudak agertu dira, Gasteizko Sansoheta egoitzan jazotakoen harira. Ez duzue inoiz deus okerrik atzeman?

Oro har, ez. Dekretuan argi jartzen du, hala ere, adingabeentzako zerbitzu orokorraz aparte, zenbaitetan kalte handiena duten adingabeentzat, nerabezaroan, bestelako baliabideak ere ireki daitezkeela portaera arazo larriak —edo oso larriak— badituzte. Aparteko ahalegina egin izan dugu zentro horiek bisitatzeko...

Sansohetakoa, hain justu, portaera larriak dituzten gazteentzako zentro horietako bat da. Arabako diputatu nagusiak esan zuen han jazotakoa beste edozein zentrotan ere jazo daitekeela. Ez dago kontrolik?

Adierazpen horiek ez ditut ulertu nahi erabateko deskontrola erakusten duen ikuspegi batetik; justu kontrakoa. Egoitzetan profesionalek egiten dute gazteen jarraipena. Nolanahi ere, hezitzaileek ezin dute nerabeen bizitza guztiz fiskalizatu; izan ere, haiek ere badute intimitaterako eskubidea, eta, hori kontuan hartuta, haien komunikazio guztiak ez dituzte fiskalizatzen. Hori bai, hainbat portaera ezohiko atzematen badituzte —aparteko diru sarrerak, jarrera hipersexualizatuak—, erreparatu egin behar diete horiei, eta pentsatzekoa da akaso kasu honetan ez zaiela ongi erreparatu. Hori bai, hori jazo daiteke: baina familia onenetan ere gerta daiteke hori. Eta zera erantsi nahi nuke; nerabe horiek diru pixar bat eskuratzearren prostituziora jo izanak gogorarazten digu zer nolako kaltea duten, zer nolako kontrol falta duten beren garapenean, eta zer nolako beharra duten norbait ondoan laguntzen izatekoa. Laguntza handia behar duten nerabeak dira. Nolanahi ere, Sansohetako kasuan ofiziozko ikerketa bat abiatu dugu, eta ikusiko dugu, zehazki, zerk egin duen kale kasu horretan.

Behar duten laguntza ematen zaiela uste duzu?

Baietz esango nuke. Baina argi esan behar da: miraririk ezin da egin. Era horretako nerabe bat 17 urterekin heltzen bazaizu, barruan duen mina handia da; egoitza batera iriste hutsarekin ez da dena konponduko. «Aizue, astebetera ihes egin dizue», entzun behar izaten dute usu hezitzaileek. Baina lehendik zenbat aldiz egin ote zuen ihes etxetik? Zer nahi dugu? Egoitzara iritsi orduko portaera horiek guztiak bazterrean uztea? Heziketa prozesuek denbora asko eskatzen dute.

Beteegi al daude egoitzak?

Oinarrizko egoitzak, oro har, beteta daude. Egoitzetako arduradunek ematen diguten informazioa hori izaten da sarri askotan. Eta arazo bat da hori, nolabaiteko domino efektua sortzen delako: izan ere, esaterako, emantzipaziorako egoitzak beteak badituzu, 18 urte bete eta gero, hainbat gaztek adingabeentzako egoitzetan jarraitu beharko dute, eta atzetik datozen adingabeak ezingo dira eraman horietara... Horrek ekar dezake larrialdiko zentroetan, berez egonaldi oso laburretarako pentsatuta badaude ere, zailagoa duela jendea handik ateratzea. Halakoak gertatzen dira. Hori ez da beti gertatu, baina orain gertatzen ari da. Beteta daude adingabeentzako egoitzak: muga-mugan. Horrek ez du esan nahi hamar lagunentzako pentsatuta dagoen egoitza batean hogei pertsona daudenik... Horrelakorik ez da gertatzen. Baina sarea, bere horretan, muga-mugan dago.

Horrek esan nahi du badaudela abaro egokirik gabe geratzen diren adingabeak?

Nik esango nuke zera gertatu dela: lehen, hamar tokiko egoitza batean normalean 8-9 beteta egoten baziren, orain beti hamar lagunekin beteta egoten dela, eta akaso hamaikagarren bat ere hartu behar izana dakarrela horrek zenbaitetan. Nolanahi ere, eta egoera ekonomikoak azkenaldian lagundu ez badu ere, baliabide berriak jarri dira. Eta zinetan egoitza klase horiek ez dira batere merkeak. Gure seme-labak zaintzen ditugu, badakigu zeinen garestia den hori, eta ezin dugu ahaztu: gure seme-alabak balira bezala zaindu behar ditugu.

Portaera oso larriak dituztenen zentroetan sartzeko epaile baten baimena behar da iaztik. Erabaki egokia iruditzen al zaizue?

Egoitza horietan zenbaitetan portaera oso latzak ager daitezke, bortitzak, eta horiek artatzeko hainbat neurri har daitezke oinarrizko eskubide eta askatasunak urra ditzaketenak... Horregatik,erne egon behar da horrekin. Tartean epaile baten erabakia sartzea? Berme gehiago dakartza. Baina lehendik ere EAEn adingabeen fiskaltzek egoitza horietara bisitak egiten zituzten, gu ere agertzen ginen... Ez zeuden kontrolik gabe. Eta esan dezaket, oro har, guk gure bisitetan hainbat gomendio egin bagenituen ere, oro har, kontrol egokia ikusi genuela adingabeen askatasuna muga dezaketen neurri horien inguruan.

6 urtetik beherako umeak harrera familietara bideratzen saiatzen dira erakundeak, eta, beti lortzen ez badute ere, hurbil dabiltza. Garrantzitsua da, ezta?

Gero eta argiago dago umeen garapen psikologikorako bizitzako lehen urteetan, bereziki, ezinbestekoa dela kontaktu fisikoa: jana bezain garrantzitsua dira lehen urte horietan kontaktu fisikoa, laztanak eta maitasuna. Estimulazioa bera maitasun keinuei lotuta dago: horregatik hazten gara, ez horrekin. Behar hori aintzakotzat hartuta, beti izango da hobea familia bat egoitza baliabide bat baino, zentzuzkoa da hori; profesional bikainak daude gehienetan, eta ahalegin handia egiten dute, baina ez daude egun osoan umearekin, eta ez dira haiek etengabe—era jarraitu batean— behar duten erreferentzia. Ongi dago egoitzetan tokiak bermatzea, baina ez dezagun ahatz harrera.

Egoitzen balorazio ona egiten duzue. Eta nola artatzen dira, halako zailtasunetara heldu gabe, beren umeak ondo zaintzeko zailtasunak dituzten sendiak?

Prebentzioan aurrera egite aldera, badago lan bat, oro har, familia guztiekin egin behar dena: gurasotasun positiboa sustatzeko ahalegina egin behar da. Alde horretatik, dauden baliabideak urriak eta sakabanatuak direla esango nuke; hainbat erakundetatik martxan jarri dira, baina bizi zaren tokiaren —edo umearentzat hautatzen duzun eskolaren— arabera helduko zaizkizu baliabide horiek. Hori gogoan hartuta, beti esan dugu era sistematikoago batean landu behar direla gurasotasun positiboa sustatzeko programak. Ja zailtasunak erakusten dituzten familiekin, zer? Denok argi dugu arrisku egoeretan dauden familietan eraginda, urritu egingo litzatekeela erabateko babesgabetasunera heltzen diren haur eta nerabeen kopurua. Baina, oro har, esango nuke alor hori ez dagoela egoitzena bezain egoera onean. Arazoak atzematea, esaterako, zaila da askotan. Horretarako sistemen arteko koordinazioa ezinbestekoa da: adibidez, giltzarri da pediatra batek zerbaiten susmoa badu, gizarte zerbitzuek lehenbailehen horren berri izatea.

Izan ere, kasuak garaiz atzeman eta lanean hastea giltzarri da...

Inolako zalantzarik gabe. Zertarako itxaron haur bat oso kaltetua egotera? Has gaitezen harekin eta haren familiarekin aurretik lanean. Udaletan badira esku hartze soziohezitzailerako taldeak, baina aski funtzionamendu ezberdinak dituzten jardunbideak batzen dituzte, eta konplexutasun handia dakar horrek. Lan handia dago hor egiteko, baliabide horiek berdintzera egiteko, eta garatzeko. Lan itzela dago hor. Asko dago jokoan; ez da itxaron behar dena gaizki joatera ume hori ongi artatzen hasteko. Udalek garbi ikusi behar dute inbertsio bat dela hori: pertsonengan egindako inbertsio bat. Umeengan gastatzea ez da gastatzea: inbertitzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.