Adingabeei egindako bi sexu abusutatik bat, familia barruan

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, biktimen %81 neskatoak dira; gehienak, 14 eta 17 urte artekoak

Nerea Melgosa sailburua, atzo, UEUren ikastaroetan, Donostian. IREKIA.
edurne begiristain
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Adingabeei egindako bi sexu abusutatik bat familia barruan gertatzen da, eta biktima ia gehienak (%81) neska nerabeak edo neskatxoak dira, batez ere 14 eta 17 urte bitartekoak. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eman zituen datuok atzo, Donostian, Kontaidazu zer gertatu zen: Indarkeria jasaten duten haur eta nerabeak elkarrizketatzen EHUren ikastaroan. 2020an 1.459 adingabe izan ziren delitu baten biktima Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (adingabe guztien %0,4), eta horietatik ia erdiek (%45,5) tratu txarrak edo familia barruko indarkeria pairatu zuten.

OME Osasunaren Mundu Erakundearen datuak ere gogora ekarri ditu sailburuak: munduan bost adingabetatik batek sexu abusuak pairatu ditu 17 urte bete aurretik. Eta Espainiako Berdintasun Ministerioaren datuak ere antzekoak dira: 2019an galdetutako emakumeen %3,6k adierazi zuten sexu indarkeria motaren bat jasan zutela 15 urte bete aurretik. Datuok eskuan, ondoriozta daiteke Espainiako Estatuan haur eta nerabeen %20 inguruk sexu indarkeria jasan dutela noizbait, Melgosaren arabera.

Adingabeen aurkako sexu indarkeria ez da anekdotikoa: maiz gertatzen da, baina nekez atzematen da, eta, detektatzen denean, gutxitan salatzen da. Datuak, beraz, «icebergaren tontorra» baino ez direla nabarmendu du Melgosak, eta hori hala izateko arrazoi asko daudela azaldu du: «Salatzen ez den tratu txarren eta abusuen kopuru beltz bat dago,beldurragatik, nahasmendu disoziatiboak daudelako, haurrak egin diotena ulertzeko edo adierazteko elementurik ez duelako, edo errua botako dioten edo sinetsiko ez dioten beldur delako».

Prozesu judizialak

Nolanahi ere, gero eta sexu indarkeriako kasu gehiago salatzen dira: 128 salaketa 2016an, eta 159, berriz, 2020an. Baina adingabeentzat ez da samurra izaten salaketa jartzen dutenetik aurrera egin behar duten bidea. Are, Save the Children erakundearen arabera, haur eta nerabeen aurkako sexu indarkeriako kasuen %70 ez dira iristen ahozko epaiketara.

Melgosak esplikatu duenez, «prozesu judizial gogor bat» hasten da biktimarentzat, eta sarritan haurrentzat egokitu gabeko ingurune batean egin behar izaten du bidea. Gainera, prozesu hori urteetan luza daiteke, eta, sarritan, «trauma berpiztea» ekartzen du. Hori dena saihesteko, Jaurlaritzak proiektu bat abian jarri zuen 2022-2028 aldirako Justizia Plan Estrategikoaren barruan, zeinaren bitartez informazio «egokitua» ematen zaien adingabeei beren eskubideei eta eragiten dieten prozedurei buruz, eta, besteak beste, Barnahus proiektuak martxan jartzea aholkatzen duen.

Melgosak iritzi dio oso garrantzitsua dela haurren eta haien beharren mailan jartzea justizia: «Izan ere, sistemari aurre egiten diotenean, ulertu ezin duten helduen mundu beldurgarri batean ikusten dute beren burua». Gogoratu du haurren eta nerabeen aurkako indarkeria prebenitzeko estrategia bat duela Jaurlaritzak,eta adingabeen eskubideen babeserako urratsa dela Haur eta Nerabeen Lege proiektua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.