Bakarrik datozen adingabe migratzaileak hartzeko hamasei harrera zentro ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Gaur, harrera sare horren salbuespenezko egoera ezartzea onartu dute, «bere ahalmenaren mugan» baitago. Horrela, salbuespenezko egoerak aldi baterako laguntza baliabideak aktibatzeko modua emango die, sarea arintzeko. Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatu eta aldundiko bozeramaileak eman du erabakiaren berri, gobernu kontseiluaren ostean egindako agerraldian.
Diputatuak ez du zehaztu zenbat zentro, zenbat adingaberentzat eta non zabalduko dituzten. Urtebetez egongo dira zabalik, eta urtea pasatutakoan beste sei hilabetez luzatu daiteke irekiera.
Gaur egun, hamasei harrera zentro kudeatzen ditu aldundiak; 602 gazte artatzen dituzte bertan. Adierazi dutenez, kopuru hori izugarri ari da handitzen —batez beste hiru adingabe jasotzen dituzte egunero—, eta, hori dela eta, tokirik gabe geratzen ari dira. Azken urtean lau zentro zabaldu dituzte. Adingabe gehiago iristea espero dute, gaur egun Kanarietan (Espainia) dauden gazteetatik asko Bizkaira iritsiko baitira, Arrizabalagaren arabera.
Aldundiarentzat, ezinbestekoa da «egoera zaurgarrian dauden haurrak eta nerabeak babesteko konpromisoa» hartzea. Halere, onartu dute «zailtasun larriak» dituztela gazte horiek gizarteratzen lagunduko duten proiektuak bermatzeko.
Aldundiak Espainiako Gobernuari «rol aktiboa» izan dezala eskatu dio, eta egiturazko neurriak har ditzala, «lurraldeen arteko erantzukizunaren banaketa bidezkoa eta zuzena ezartzeko». Espainiako autonomia erkidegoei eskatu die «lan humanitario horretan» euren partea har dezatela, eta euren erantzukizunari ez diezaiotela izkin egin. Alegia, autonomia erkidego bakoitzak proportzioan dagozkion adingabeak har ditzala. Adingabe migratzaileen harrera eta babesa bermatzen jarraituko duela ziurtatu du aldundiak, baina, era berean, «egiturazko irtenbideak» eskatu ditu, «egoerari aurre egiteko».