Migratzaile adingabeak banatzeko kontingentzia plan bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiari

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du «behin betiko irtenbide bat» behar dela egoera konpontzeko, eta «autonomia erkidego guztietatik» erantzun behar zaiola.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
nerea intxausti
2024ko uztailaren 9a
15:30
Entzun

Bakarrik dauden adin txikiko migranteen harrera erregulatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, eta kontingentzia plan bat galdegin dio horretarako. Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri du Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek —eskumena diputazioena da— bihar egingo dutela eskaera. Espainiako Gobernuak eta erkidegoetako ordezkariek gai horri buruzko bilera bat egingo dute Tenerifen (Kanaria uharteak, Espainia). 

Kontingentzia plan horren bidez, nahi dute «behin betiko irtenbidea» ematea bakarrik dauden migratzaile adingabeak lurraldeen artean banatzeko. Bozeramaileak ohartarazi du «autonomia erkidego guztietatik» eman beharko zaiola irtenbidea, «bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak» kontuan hartuta.

«Jarrera solidarioa»

Ubarretxenak zehaztu nahi izan du Bizkaiak 511 migratzaile adingabe hartu dituela, Gipuzkoak 180 eta Arabak 70. «Errioxak [Espainia], berriz, bederatzi», gehitu du. «Jarrera solidarioa izango dugu, beti bezala, baina serio aritzeko eta kontingentzia plan bat osatzeko eskatzen dugu». 

Gobernu Kontseiluaren goizeko bileraren ondoren, Ubarretxenak azaldu du egoera ez dela koiunturala, «egiturazkoa eta giza eskubideei dagokiena baizik». Adierazi du egoera hori konpontzeko modua aurkitu behar dela, eta Jaurlaritza horretan laguntzeko prest agertu da, baina uste dute «talde lanean» aritu beharra dagoela: «Arazo bateratua denez, modu bateratuan heldu behar zaio».

EAEn migratzaile adingabeen kudeaketa foru aldundien konpetentzia bada ere, Ubarrenetxenak esan du Jaurlaritza ere izango dela biharko bileran, telematikoki, aldundiekin adostutako ikuspuntua helarazteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.