Adingabe bat hil eta hiru lagun zauritu dira Lizarran, autobus istripu batean

Autobusa balaztarik gabe geratu da, eta auto bat jo du. Autoan zegoen hildakoa, amarekin eta ahaidearekin. Biak zauritu dira

Ezbeharra gertatu zen lekua. BERRIA.
jon olano
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ezbehar larria gertatu zen atzo iluntzean Lizarran (Nafarroa): Logroñotik abiatutako autobus bat balaztarik gabe geratu zen, eta, gidariak ibilgailua kontrolatu ezinda, auto baten aurka egin zuen talka. Autoan emakumezko bat eta bi adingabe zeuden, eta haietako bat hil egin zen, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez. Bi lagun larri zauritu ziren.

Ezbeharra 20:10 aldera gertatu zen, NA-1110 errepidean, Aiegiko errepidetik Lizarrarako sarbidean. Estellesa konpainiako autobusak Lizarra erdialdeko Carlos VII.a kaleko biribilgunean dagoen gasolindegia jo zuen. Hil zen adingabea bertan geldirik zegoen auto batean zegoen, eta harekin zeuden senidea eta ama. Biak zauritu ziren kolpearen ondorioz. Anaia Garcia Orkoien erietxera eraman zuten, larri. Autoa jo aurretik, autobusak oinezko bat harrapatu eta hamabost bat autoren kontra egin zuen talka. Lekukoen arabera, autobuseko gidaria oihuka hasi zitzaien, esanez balaztarik gabe geratu zela, eta ongi heltzeko. Autobusak zortzi bidaiari zeramatzan, eta barruan zeuden guztiak onik irten ziren.

Ezbeharraren berri izatean, larrialdi zerbitzuak, foruzainak eta suhiltzaileak bertara joan ziren; izan ere, autobusak jotako autotik atera ezinik geratu ziren. Gertatutakoa ikertzen ari da Foruzaingoa, eta ezbeharraren lekura joan zen Javier Remirez Barne kontseilaria.

Elkartasun mezuak

Eragile ugarik kezka agertu zuten sare sozialetan, gertatutakoaren aurrean: «Albiste mingarriak iristen ari dira Lizarratik. Nafarroako Gobernuak laguntza eskaini dio Lizarrako Udalari, beharrezko jotzen duen guztian laguntzeko. Nire besarkada hildako umearen senideei eta zauritu guztiei», idatzi zuen Maria Txibite gobernuko lehendakariak. Unai Hualde parlamentuko presidenteak, berriz, «maitasun eta elkartasun osoa» helarazi zien ezbeharraren biktimei eta beren senideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.