Ertzaintzak 15 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo Sestaon (Bizkaia), uztailaren 25ean Zornotzan 23 urteko gazte bati emandako jipoia grabatzea egotzita. Guztira hamabost dira eraso horren harira atxilotutakoak; horietatik zortzi, adingabeak. Erasotzaileetako sei, adinez nagusiak, espetxeratu egin zituzten; bat utzi zuten aske, baina hilean behin epaitegian aurkeztu behar da. Zauritutako gaztea Gurutzetako ospitalean dago oraindik (Barakaldo, Bizkaia), koman.
Erasotzaileek jipoia grabatu, eta bideoa sare sozialetan zabaldu zuten, eta irudi horiei esker identifikatu dituzte. Atzo atxilotutakoa ere identifikatu zuten, eta herenegun jakinarazi zioten sendiari atxilo hartuko zutela. Hori horrela, adingabea bera atzo agertu zen polizia etxean, eta adingabeen fiskalaren esku utzi zuten. Ertzaintzak zabalik du oraindik ikerketa, baina, horren arabera, atxilotuak Koala Anaiak taldeko kide dira.
Uztailaren 25ean gertatu zen erasoa, goizaldean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, zauritutako gaztea hainbat lagunen artean jipoitu zuten, Jauregibarria inguruan. Buruan hartutako kolpeen ondorioz, konortea galdu zuen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Erasotzaileek grabatu eta zabaldu zituzten irudietan ikus daiteke herriko beste zenbait tokitan ere istiluak sortu zituztela.
Gertakariok salatzeko, agerraldia egin zuten Zornotzan uztailaren 27an, «erasoen eta giro oldarkorraren» aurkako jarrera agertzeko. Zauritutako gazteari elkartasuna agertu zioten, baita erasoak jasan zituzten gainerakoei ere. Salatu zuten arazoaren muina «betiko gizonen gizonkeria» dela.
Adingabe bat atxilotu dute Zornotzako erasoaren harira
Gazteak Sestaoko polizia etxean aurkeztu du bere burua. Jipoia grabatzea egotzi diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu