Adinekoen arretarako zaintza sistema publikoa eskatu dute pentsiodunek

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin dituzte manifestazio nagusiak. Adinekoen senideen elkarteek ere parte hartu dute.

Pentsiodunek Donostian gaur egin duten mobilizioa. JON URBE / FOKU
iraia vieira gil
2023ko urriaren 2a
17:21
Entzun

Pentsiodunek duela bost urte eta zortzi hilabete hartu zituzten lehen aldiz kaleak. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen zuten orduan, eta %0,25eko igoera lortu zuten azkenean. Bizi baldintzak hobetzeko neurri eskasa delakoan, borrokan jarraitzea erabaki zuten, eta azken urteetan beste kezka batzuk ere azaldu dituzte. Izan ere, «zaintza sistema publiko duina» eskatzeko, osasun sistemaren pribatizazioa salatzeko eta KPIaren araberako pentsioen igoera exijitzeko manifestazioak egin dituzte gaur Hego Euskal Herrian. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean izan dira mobilizazio nagusiak eta, horrez gain, haien aldarriak laburbiltzen dituen gutuna eman dio Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak Elixabete Etxanoberi, Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiari.

Zahar etxeen pribatizazioa eta egungo zaintza eredua dira pentsiodunen kezka nagusiak. «Bizkaiko ahaldun nagusiari bilera bat eskatu diogu, egoitzetako arazoak zeintzuk diren azaltzeko», jakinarazi du Jon Fanok, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. «Zahar etxeak ordaintzeko ematen duten dirua publikoa da, baina zerbitzuaren kudeaketa pribatua egiten dute». Horrek hainbat ondorio dakarzkie egoiliarrei eta langileei: «Lan baldintzak oso txarrak dira, eta senideen kezkak ez dituzte kontuan hartzen». Hala, zaintzako langileentzako soldata eta baldintza duinak eskatu dituzte, eta «zerbitzu soziosanitario integralaren» beharra azpimarratu.

Era berean, «irizpide merkantilistetatik harago» doan arreta zerbitzua garatzeko exijitu diote Eusko Jaurlaritzari, eta leporatu diote egun martxan dagoen eredua «negozio eta irabazi eredua» dela. Bien bitartean, 200.000 pertsonak baino gehiagok oinarrizko beharrei aurre egiteko arazoak dituzte, pentsiodunen arabera. Hala adierazi dute, behintzat, Etxanoberi helarazi dioten idatzian: «Pentsiodunek gero eta zailtasun gehiago dituzte hilaren amaierara iristeko eta kalitatezko elikadura, sendagaiak eta baldintza klimatiko eta mugikortasun egokiko etxebizitzak eskuratzeko».

Iraide Urriz Babestu plataformako kideak, zehazki, hitza hartu du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean planto egin dutenean. «Honako hau eskatzen dugu egoitzetako senideen elkarteok: mendekotasuna artatzeko sistema publiko, hurbila eta kalitatezkoa; egoitzei buruzko dekretuaren zirriborroa sistema parte hartzailearen bidez aldatzea; gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea: eta erosahalmena berreskuratzeko, genero arrakala ezabatzeko eta erretiro aurreratuaren kenkariak indargabetzeko gure aldarrikapenak babestea».

Lola Gomez Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak aurreratu du erantzunik ez jasotzekotan mobilizazioekin jarraituko dutela eta Espainiako Estatuko pentsiodunekin ere elkarlanean arituko direla. «Nagusiek ere eskubideak ditugu, eta eskatzen dugun hori lortu arte ez diogu protesta egiteari utziko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.