Adinekoen arretarako zaintza sistema publikoa eskatu dute pentsiodunek

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin dituzte manifestazio nagusiak. Adinekoen senideen elkarteek ere parte hartu dute

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Donostian egindako mobilizazioa, atzo. JON URBE / FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Duela bost urte eta zortzi hilabete hartu zituzten lehen aldiz kaleak pentsiodunek. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen zuten, eta %0,25eko igoera lortu zuten azkenean. Bizi baldintzak hobetzeko neurri eskasa delakoan, borrokarekin jarraitzea erabaki dute, eta, gainera, bat egin dute adinekoen zaintzaren inguruan piztutako kezkarekin. «Zaintza sistema publiko duina» eskatzeko, osasun sistemaren pribatizazioa salatzeko eta KPIaren araberako pentsioen igoera aldarrikatzeko mobilizazioak egin zituzten atzo Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Eta Bilbon, haien aldarriak biltzen dituen gutun bateman zioten Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiari.

Zahar etxeen pribatizazioa eta egungo zaintza eredua dira pentsiodunen kezka nagusiak. «Bilera bat eskatu diogu ahaldun nagusiari, egoitzetako arazoak zeintzuk diren azaltzeko», esan du Jon Fano Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak: «Zahar etxeak ordaintzeko ematen duten dirua publikoa da, baina kudeaketa pribatua egiten dute». Horrek hainbat ondorio dakarzkie egoiliarrei eta langileei: «Lan baldintzak oso txarrak dira, eta senideen kezkak ez dituzte kontuan hartzen». Hala, zaintzaileentzat soldata eta lan baldintza duinak eskatu dituzte, eta «zerbitzu soziosanitario integralaren» beharra azpimarratu dute.

Era berean, «irizpide merkantilistetatik harago» doan arreta zerbitzua garatzeko exijitu diote Eusko Jaurlaritzari, eta leporatu diote «negozio eta irabazi eredua» dela egungoa. Bien bitartean, 200.000 pertsonak baino gehiagok oinarrizko beharrei aurre egiteko arazoak dituzte, pentsiodunen arabera. Hala adierazi dute Etxanoberi helarazitako idatzian: «Gero eta zailtasun gehiago dituzte hilaren amaierara iristeko, eta kalitatezko elikadura, sendagaiak eta baldintza klimatiko eta mugikortasun egokiko etxebizitzak eskuratzeko».

Iraide Urriz Babestu plataformako kideak hitza hartu du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. «Honakoa eskatzen dugu egoitzetako senideen elkarteok: mendekotasuna artatzeko sistema publiko, hurbila eta kalitatezkoa; egoitzei buruzko dekretuaren zirriborroa sistema parte hartzailearen bitartez aldatzea; gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea: eta erosahalmena berreskuratzeko, genero arrakala ezabatzeko eta erretiro aurreratuaren kenkariak indargabetzeko aldarrikapenak babestea». Lola Gomez Bizkaiko pentsiodunak aurreratu du erantzunik jasotzen ez badute mobilizazioekin jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.