Adineko lau emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du

Bikotekideek andre edadetuei pairarazten dieten bortxa ikertu dute, Emakunderen beka baten bidez. Ohartarazi dute fenomeno ikusezina dela, eta horrek zaildu egiten duela detektatzea

Iratxe Herrero Zarate, Miren Elgarresta eta Carlos Diaz de Argandoña Fernandez, atzo, ikerlanaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Alvarez Malaxetxebarria
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

65 urtetik gorako lau emakumetik batek indarkeria matxista jasan izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Emakunderen azterlan batean ondorioztatu dutenez. Adineko andreek sufritzen duten bortizkeria ikusezina dela ohartarazi dute Genero indarkeria eta adineko emakumeak Euskal Autonomia Erkidegoan: zaurgarritasun ezkutua agerian uzten ikerketan, eta haren eragina zenbatekoa den kalkulatu: %23,4k pairatu izan dute noizbait, hau da, 67.000 emakumek baino gehiagok, eta egun 16.500 andre inguru ari dira pairatzen, %5,7.

Iratxe Herrero Zarate gerontokriminologoak eta Carlos Diaz de Argandoña Fernandez politologoak egin dute ikerketa, Emakunderen beka baten bitartez. Atzo aurkeztu zuten, Gasteizen, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera. Elgarrestak nabarmendu zuen adineko emakumeak «bereziki zaurgarriak» direla bortizkeria matxistaren harira, adinarekin lotutako faktoreen ondorioz: «Askok ez dute autonomia ekonomikorik izan bizi osoan, edo senarrari baimena eskatu behar izan diote lanera joateko». Hain zuzen, Herrerok azaldu zuen biktimen azterketan adinaren perspektiba txertatzea izan dela lanaren helburua: «Fenomeno ezezaguna eta ahaztua da».

Izan ere, adinkeriak eragin handia du gizarteak indarkeria matxistaren biktimen inguruan duen iruditerian: estereotipoen eraginez, adinekoak baztertu egiten dira. «Iruditeria sozialean, emakume gazteak irudikatzen dituzte biktima gisa, edo hiltzen dituzten emakumeak; eta adinekoak ez dira identifikatuak sentitzen», adierazi du Diaz de Argandoñak.

Tratu txarrak ematen dituzten gizonengan ere eragina du adinkeriak, baina, Herreroren arabera, haientzat ondorio positiboa du: «Adinekoen inguruan onkeriazko aurreiritziak izaten ditugu; beraz, zaila da irudikatzea gizon edadetu bat indarkeria erabiltzen». Gaineratu du gizon horiek «sozializazio patriarkal sendoagoa» jaso zutela, gizartea egungoa baino matxistagoa zenean, eta horrek «indarkeriazko jokabideak indartzea eta legitimatzea» eragin duela, baita «kronifikatzea» ere, eta haiek zahartu ahala bortizkeria moldeak haien gaitasun fisikoetara egokitzea.

Ildo horretan, ikerlariek esplikatu dute askotan biktimen seme-alabek ere ez dutela sinesten aitak amari tratu txarrak ematen dizkiola, eta horrek indarkeria antzematea zailtzen du. Hala, ikerlanak nabarmendu du andre horiek «urte luzeetan» jasaten dutela indarkeria, eta ondorioz, «normalizatu» egiten dutela: «Barneratuta daukate haien emazte eta ama rolei eusteko obligazioa, haien identitatea eta prestigio soziala definitzen dituelako; beraz, funtzio horietatik aldentzea zailagoa denez, halako bizipenen onarpen handiagoa garatzen dute», azaldu du Diaz de Argandoñak. Bikote harremana haustea ere zailagoa zaie: «Beste adinetako biktimek baino kezka handiagoa agertzen dute senarraren egoerarekin: 'Zer gertatuko zaio ni joaten banaiz?'. Ondorioz, askotan harremana ez da eteten bietako bat hiltzen den arte».

Ikusezintasun bikoitza

Era berean, ikerketaren arabera, adineko emakumeek bikoiztuta pairatzen dute ikusezintasuna: batetik, gizarte oso matxista batean hazi izanak duen eraginagatik, gaztaroan normaltzat jotzen ziren jarrerak eta genero rolak barneratu zituztelako; eta bestetik, egungo adinkeriak ere ikusezin bihurtzen dituelako, eta erreferenterik ere ez dutelako.

Ikerlariek nabarmendu dute 65 urtetik gorako emakumeen errealitatea askotarikoa dela, baina badaudela hainbat arrisku faktore, indarkeria matxistarekin lotuta. Bereziki zaurgarriak dira «laugarren adinekoak», hau da, emakume oso zaharrak, landa eremuan bizi direnak eta laguntza elkarteetara edo arreta baliabideetara joaten ez direnak. Senarrak erretiroa hartzeak ere arriskua areagotu dezake, erasotzaileak denbora gehiago igarotzen duelako etxean.

«Indarkeria ikusezina izateak erantzun soziala zailtzen du; erantzun hori ere egokitu egin behar da emakume horientzat», gehitu du Herrerok. Hori dela eta, Emakundeko zuzendariak esan du halako ikerlanak garrantzitsuak direla emakumeei baliabide espezializatuak eskaintzeko, besteak beste. Ildo horretan, Elgarrestak azpimarratu du elkarteak funtsezkoak direla biktimentzako konfiantza giroak sortzeko, harremanak egiteko eta baita kasuak identifikatzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.