Ertzaintzak 84 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizen, 76 urteko emaztea hiltzen saiatzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Arma zuri batekin egin dio eraso, eta larri zauritu du emaztea. Biktima Txagorritxuko ospitalera eraman dute.
Ordu txikietan izan da erasoa, 04:00 aldera, senar-emazteen etxebizitzan, Gasteizko Pilar auzoan, eta bertan atxilotu dute gizonezkoa. Efe agentziaren arabera, gizonak hiru labankada eman dizkio labana handi batekin, horietako larriena ezkerreko saihetsean.
Bizilagun batek eman die erasoaren berri ertzainei. Ertzainak iritsi direnean emakumea lurrean etzanda topatu dute, labankadek eragindako zauriekin. Larrialdi zerbitzuek bertan artatu dute aurrena, haren egoera egonkortu dute, eta gero eraman dute Txagorritxuko ospitalera.
Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erasoa salatu du, biktimari babesa azaldu dio, eta herritarrak kontzentrazio batera deitu ditu, bihar, 11:00etarako, Plaza Berrian. Gasteiz eraso matxisten kontra izango da leloa. Udalak adierazi du mugimendu feministak erasoa salatzeko ekitaldiren bat antolatuz gero harekin bat egingo duela.
Udalak emakumearen esku jarri ditu behar dituen baliabide guztiak: psikologikoak, juridikoak, osasun arlokoak eta harrerari eta babesari dagozkionak. Abian jarri du indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa. «Indarkeria matxista giza eskubideen urratze larria da», Gasteizko Udaleko alderdi politikoen arabera. «Lehen mailako soziala da, duintasunaren eta osotasun fisikoaren eta moralaren kontrakoa, jasaten duten emakumeena batez ere».
«Indarkeria matxista ez da ekintza isolatu bat», jarraitu dute. «Gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizituen eta mezu normalizatuen eta sinbolikoen egitura bat da, emakumeek indarrean dagoen sistema heteropatriarkalak markatutako gizonen mende jarraitzeko». Udalak ziurtatu du neurriak bultzatzen jarraituko duela, besteak beste, biktimari lehentasunez laguntza eskaintzeko, emakumeei indarkeriari aurre egiteko tresnak eskaintzeko eta erasotzaileen inpunitate soziala ez onartzeko.
Kontzentrazioa Donostian
Donostian, berriz, kontzentrazioa egin dute gaur goizean, atzo goizaldean hiriko Easo plazako lurrazpiko aparkalekuan izan zen sexu erasoa salatzeko. Gizon batek sexu erasoa egin zion emakume bati, eta ihes egin zuen. Emakumeak laguntza eskatu zien inguruan zeuden udaltzain batzuei. Berak emandako informazioarekin erasoaren ustezko egilea identifikatu zuten, eta etxean atxilotu. Biktima ospitalean artatu zuten.
Eneko Goia alkateak eta udaleko alderdi guztietako ordezkariek parte hartu dute elkarretaratzean. Baita Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak ere. Donostiako Udala eraso sexisten aurka izan da leloa. Goiaren esanetan, «nazkatuta» daude halako erasoak behin eta berriro errepikatzen direlako.