Maria Angeles Duran (Madril, 1942) soziologiako katedraduna da. Lan ordainduari eta ordaindu gabeari, emakumeen egoera sozialari eta desberdintasunari buruzko ikerketa andana idatzi du. Eusko Ikaskuntzako jardunaldietan, ordaindu gabeko lanari buruzko solasaldi bat eman du, Gasteizen. Azaldu du adinekoen zaintza dela luze gabe landu beharreko erronketako bat.
Zaintza esparru politikora iritsi da, baina horrek ez du ekarri agintariek herritarren eskariak betetzea. Zer behar dugu horretarako?
Ez da batere erraza, gaur egun ditugun ikuspegi anitz aldatzea dakarrelako. Arlo publikoan baliabideak egon behar dira legeak dioen hori bete dadin, eta baliabide horiek zerga sistematik datoz. Hor dago korapiloa: erakunde publikoak prest leudeke bertzelako zerbitzuak eskaintzeko, baina horiek finantzatu egin behar dira. Eta diru horrek aurrekontuen berrantolaketa batetik etorri behar du, baita erakunde publikoen finantzaketa gaitasunaren hazkundetik ere.
Zaintzailegotza terminoa proposatu zenuen aspaldi. Zergatik kontzeptu hori?
Izen horrek talde batean biltzen ditu zaintzara dedikatzen diren pertsonak. Hori da haien funtzio nagusia, baina hamarretik bederatzitan lan horiek ordaindu gabe egiten dituzte. Zainketen ikuspegia osatzeko modu bat da; izan ere, zaintza lanean oso garrantzitsua da bi pertsona horien arteko harreman pertsonala, normalean oso intimoa izaten baita, eta luzera begirakoa.
«Zaintza lanean oso garrantzitsua da bi pertsona horien arteko harremana, normalean oso intimoa izaten baita, eta luzera begirakoa»
Jaiotza tasak behera egin du nabarmen, eta, aldi berean, gero eta gizarte zahartuagoa dugu. Erronka handiena adinekoen zaintzan dago?
Hori da berriena, bai. Gizarte zahartua gara, eta eskari handia dago adinekoak zaintzeko, eta gehienetan emakumeak arduratzen gara zaintzaz. Horrek erran nahi du adin jakin batera heltzean gizonek zaintzaren afera erdi konpondua dutela. Zergatik? Gehienetan emazteak zaindu egiten dituelako. Ordea, adineko emakumeek ez dute zainduko dituen bikotekiderik, beraiek baino lehenago hiltzen baitira.
Bilakaera horretan argi ikusten da garai batean kolektiboa zen zaintza eredua gero eta indibidualagoa dela. Zer dela eta?
Gaur egungo gizartean familiak askoz txikiagoak dira, eta mugikorragoak ere bai. Hortaz, oso gutxitan gertatzen da adineko norbaitek seme edo alaba bat baino gehiago hurbil izatea zaintzeko. Badago bertze ideia interesgarri bat, erdi txantxetan erran ohi dudana: gizonak eder, kontent eta aberats hiltzen dira. Normalean beraiek baino gazteagoak diren emaztekiekin elkartzen direlako, eta, lehenago hiltzen direnez, bakardadea oso desberdin sentitzen dutelako gizon eta emakume horiek.
Zer garrantzi du merkatuak sistema horretan?
Hori oso galdera garrantzitsua da. Merkatua, berez, irabaziak sortuko dituen egitura bat da. Hortaz, merkatuari zaintza interesatuko zaio irabaziak sortzen baditu. Ordea, egun badugu erronka bat: adinekoendako zaintza zerbitzuak produzitzeko kostuak oso handiak dira, eta merkatuak ez du hori finantzatuko dion inor. Aldi berean, badago zaintzaren burdin legea deritzon kontzeptu bat, zera dioena: zenbat eta zaintza gehiago behar izan, orduan eta aukera gutxiago izanen da hori lortu ahal izateko.
«Zenbat eta zaintza gehiago behar izan, orduan eta aukera gutxiago izanen da hori lortu ahal izateko»
Zergatik diozu zaintza gehien behar duen horrek aukera gutxiago izanen dituela lortzeko?
Arrazoi nagusia da zainketa asko behar dituenak bere ondarea gastatu duela aurreko urteetan. Gaia ikertuta, zera ikusi dut: orokorrean adinekoek aurrezki gutxi dutela dirutan, baina badituztela jabetzak. Orduan, bikote batean bietako batek zaintza behar duenean, jabetza horiek errenta bihurtzen dituzte, eta diru hori erabili zaintza lan horiek ordaintzeko. Non dago arazoa? Horrek emakumeei kalte egiten diela: gizona izan ohi da lehenbizikoa gaixotzen, eta haren zaintzan darabilte bien dirua. Ordea, emakumea, zaintza behar duenean, babesgabe egon ohi da, ez baitzaio baliabiderik gelditzen.