Indarkeria matxista

Adineko andreen aurkako indarkeria ikusgai jartzera deitu du Emakundek

Zazpi emakumeren testigantzak bildu ditu azaroaren 25eko kanpainarako. Gaur aurkeztu dute kanpaina Gasteizen.

Miren Izaskun Landaia eta Zuriñe Elordi, azaroaren 25erako Emakunderen kanpaina aurkezten, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Maialen Arteaga.
2020ko azaroaren 9a
13:58
Entzun

Entzunez gero ikusiko duzu, soilik adi dagoen gizarte batek antzeman dezake indarkeriarik ezkutukoena. Hori da Emakundek azaroaren 25eko kanpainarako aurten kaleratu duen leloa. Adineko emakumeek jasaten duten bortizkeria izango da aurtengo gai nagusia Emakumeen aurkako  Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean. Gasteizen aurkeztu dute gaur kanpaina hori, eta edadetuek jasaten duten bortizkeria ikusgai jartzera eta salatzera deitu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. 

«Emakumeen kontrako indarkeria ez dute soilik gazteek edo adin ertaineko emakumeek jasaten. Nagusiek ere jasaten dute, eta indarkeria honek berezitasun batzuk ditu», zehaztu du Landaidak. Aipatutako ezaugarri horien artean aipatu ditu «ikusezintasuna», «sistema patriarkalean sozializatu izana» eta «garaiko gizartean genero indarkeria aintzat hartu ez izana»: «Kontu korronte bat irekitzeko baimena eskatu behar zieten senarrei, eta bizitza osoa beste pertsonak zaintzen eman dute», jarri du Landaidak aipatutako ezaugarrien adibidetzat. Leloaren bitartez, emakume edadetuen aurkako jazarpenaren «ikusezintasuna» hautsi nahi dute, eta gizarteari zuzeneko deia helarazi nahi diote, indarkeriaren aurrean adi egon dadin eta «enpatia» izan dezan.

Kanpainarako 55 eta 79 urte bitarteko zazpi emakumeren testigantzak jaso dituzte. Zazpi horietatik bik, indarkeria psikologikoaz gain, fisikoa ere pairatu izan dute. Testigantzak biltzea zaila izan dela azaldu du Landaidak: «Emakume hauentzako da erraza izan honetaz hitz egitea, eta horren adibide da beraien aurpegiak erakutsi nahi ez izatea. Beste emakume batzuk laguntzeko egin dute, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu bihotzez». Andreon bizipenak biltzen dituen iragarki bat ere kaleratu dute kanpainari hasiera emateko; gaurdanik hasita azaroaren 25 arte iraungo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.