Bere biografia idazteko proposamen bat baino gehiago jaso zuen Periko Solabarriak (Portugalete, Bizkaia, 1930 - Bilbo, 2015). Jon Idigorasek El hijo de Juanita Gerrikabeitia (Juanita Gerrikabeitiaren semea) idatzi zuenean, esaterako, beste horrenbeste egiteko eskatu zioten Solabarriari ere. Baina bere burua nabarmentzea gogoko izan ez, eta burugogor samarra izaki, Solabarriak beti egin zion uko eskaera horri.
Orain, baina, Periko gazteekin hizketan izeneko lana plazaratu du Txalapartak. Ibai Ariztegi eta Aritza Munarriz gazte independentistek esan dutenez, Solabarriak gazteekin sentitzen zuen identifikazioak eta haienganako atxikimenduak obratu dute miraria. Ernaiko kideek esan ziotenean harekin solasaldi batzuk izan nahi zituztela, ezin izan zien ezetzik eman.
Ariztegi eta Munarriz izan dira solasaldi horietan parte hartutako batzuk, eta, diotenez, Gazte Danbada Ernai gazte erakundea aurkezteko antolaturiko ekitaldian hasi zen liburuaren ideia mamitzen. «Perikok ekitaldi politikoan parte hartu zuen, eta haren hitzaldiak harriturik utzi zituen guztiak, lehenagotik ezagutzen zutenak zein Periko nor zen ez zekitenak».
Orduan hasi ziren pentsatzen ideia ona izango zela Solabarriaren irudia gazteengana gerturatzea. Munarrizek dioenez, orain plazaratutako liburua ez da gertaera historikoen bilduma soila, horrelakoak erruz agertzen diren arren: «Hemen, batez ere, Perikok gertaera horien inguruan egiten duen interpretazioa agertzen da, haren testigantza pertsonala».
Liburua egiteko, Solabarriarekin gelditu ohi ziren gazteak Barakaldoko Lutxana auzoko gizarte etxean, eta han solasaldi luzeak izaten zituzten. Berbaldi horiek guztiak bideoz grabatuta daude, eta litekeena da etorkizunean ikus-entzunezko material hori ere argitara ateratzea.
Solabarriak bere bizitza osoari ematen dio errepasoa liburuaren orrietan: umetan ezagututako gerra, apaiztegia, apaiz langile gisa emandako urteak, frankismoaren kontrako erresistentzia, Herri Batasunaren sorrera, azken urteetan gizarte mugimenduetako mobilizazioetan egindako lana...
Eneko Barberenari egokitu zaio liburua idazteko ardura, nahiz eta, hark nabarmendu duen moduan, «lan kolektiboa» izan. «Periko oso hizlari ona zen», esan du, «eta gu bide bat ezartzen saiatzen ginen arren, beti zekien hizketaldia nahi zuen lekura eramaten».
Txalapartako editore Mikel Soto pozik agertu da Solabarriaren bizipenak biltzen dituen liburua kalean dagoelako azkenean. «Solabarriak garrantzi itzela izan zuen gaur egun ezker abertzalea deritzon bloke politiko berriaren sorreran», esan du.
Fundazio baten egitasmoa
Barakaldon egin dute liburuaren lehenengo aurkezpena —laster Euskal Herriko hiriburu guztietan eta Durangoko Azokan ere aurkeztuko dute—, eta lehenengo aurkezpen hori baliatu dute Periko Solabarria fundazioa sortzeko egitasmoa plazaratzeko ere. Meatzaldeko eta Ezkerraldeko zenbait lagunek sustatu dute, eta «Solabarriaren balioak belaunaldi berriei transmititzea» izango du helburu nagusia.
Adin handiko gaztea
Periko Solabarria ezker abertzaleko kide historikoak zenbait gazte independentistarekin izandako solasaldiak bildu dituzte Txalapartak argitaratutako liburu batean; atzo aurkeztu zuten, Barakaldon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu