Adimen artifizialari eta garapen iraunkorrari arreta berezia jartzea erabaki dute EHUren aurtengo Udako Ikastaroetan, «gaurko gizarte erronkei aurre egiteko», Itziar Alkorta ikastaroen zuzendariaren esanetan. «Adimen artifizialaren erronkak eta aukerak izango dira hizpide, adimen artifizialeko aplikazioak ezagutuz eta eraldaketa iraunkorrerako duen potentziala ezagutzeko aukera izanez». Garapen iraunkorrari lotutako 24 jarduera antolatu dituzte.
EHUren Udako Ikastaroen 43. aldia aurkeztu dute Bilbon. Eva Ferreira EHUko errektoreak, Itziar Alkorta Udako Ikastaroen zuzendari akademikoak eta Laura Poderoso BBVA fundazioko zuzendariordeak azaldu dituzte ekainaren erdialdetik hasi eta buruilaren bukaera arte eginen diren 191 ikastaroen nondik norakoak. Ikastaro horietarik 22 euskara hutsean izanen dira; 68 ikastarotan, berriz, euskararen presentzia bermatuko da. Ferreirak adierazi du «orotariko ikastaroak eta eskaintza orekatua» proposatuko dituztela aurtengoan, baita eguneroko gaiei loturiko formakuntza ere.
Osasuna beste ardatz nagusi gisa hartu dute, Alkortaren arabera «ezinbesteko zutabea baita sektore profesionalentzat eta, oro har, gizartearentzat». Hain zuzen, osasun mentala ikuspegi feministatik landuko dute, eta hizpide izango dituzte laneko arriskuen prebentzioa, haur elebidunen garapenean diren hizkuntza nahasmenduak eta adinekoen zaintza.
Horrez gain, hainbat ardatz estrategiko lantzea dute helburu. Batik bat, giza eskubideen gaia jorratuko dute. Ukrainako gerra eta Gazako genozidioa aztergai izanen dute, Alkortaren erranetan: «Modu didaktikoan, baina nazioarteko testuingurua eta azken urteetan tentsio handiena sortzen duten bi gatazken alderdi batzuk aztertu nahi dugu». Bertzalde, gazteen jarduera digitalak sozializazioan eta hezkuntza sexual eta afektiboan dituen ondorioak ere jorratuko dituzte hainbat aditurekin.
Basterretxea eta Urretabizkaia
Kulturari eta arteari doakionez, bi kongresu prestatu dituzte: bata Gernikako (Bizkaia) bonbardaketaren irudikapen kultural desberdinei buruzkoa izango da; bertzea, berriz, artea, kultura eta ondarea ardatz izanen duen kongresua. Euskal Herriko hainbat artista ere aipatuko dira udako saioetan, Nestor Basterretxeari buruzko dokumentala ezagutzeko parada emanen baitute. Eduardo Txillida zizelkariaren 100. urteurrenaren karietara, artistari berari eta haren obrei buruzko mahai ingurua antolatuko dute. Azkenik, bertze ikastaro batzuk tarteko, Arantxa Urretabizkaiaren kosmos literarioa ezagutzeko aukera emango dute, bi egun iraunen duen ikastaroan.
Hezkuntza ere bada lerro estrategikoetariko bat. Preseski, haurren parte hartzearen eta ekitatearen erronkak hizketagai izanen dituzte, eta sexu heziketak haurtzaroan eta nerabezaroan dituen erronkak aztertuko dituzte. Zuzenbideaz arituz, gizarteko bizikidetza arautzeko eta gatazkak konpontzeko legezko markoez arituko dira. Aurten, kriminologiari buruzko ikastaro baten eskaintza eginen dute, gobernantza eredu berriez solastatzeko parada izanen da.
Gaurtik aitzina eman daiteke izena, Udako Ikastaroen webgunean. Iaz, 3.000 parte hartzaile izan ziren Udako Ikastaroetan.