Adimen artifiziala arautzeko akordio batera iritsi da Europako Batasuna

Poliziak kamera biometrikoak erabiltzea baimenduko du arauak, «eraso terroristak» saihesteko eta zenbait delituren egileak aurkitzeko. Adimen artifiziala arautzeko munduko lehen araudia izango da.

(ID_13410666) EEUU INTELIGENCIA ARTIFICIAL
William Barry AEBetako armadako IA CSL programaren burua adimen artifizialari buruzko hitzaldi batean. SARAH YAÑEZ-RICHARDS / EFE
jon ordonez garmendia
2023ko abenduaren 9a
10:14
Entzun

Europako Batasunak adimen artifiziala arautzeko akordio bat lortu du bart, eta adimen artifiziala arautzeko munduko lehen araudia izango da; 2026. urte amaieran lege izatea espero dute. Teknologia hori erabiltzen duten sistema batzuek pertsonei sortzen dizkieten arriskuen arabera, horiek baimentzea edo debekatzea du helburu akordioak. Adibidez, adostu dutenaren arabera, ezingo da adimen artifiziala erabili hauteskunde batzuen emaitzan eragiteko, eta banketxeek ezingo dute erabili bezero baten kaudimena ebaluatzeko.

Akordioak isun ekonomiko handiak aurreikusten ditu arauak betetzen ez dituztenentzat: 35 milioi eurotik araua hautsi duen enpresaren negozio bolumenaren %7ra arte, edo negozioaren bolumenaren %1,5 artekoa. Horrez gain, Txinaren eta AEBen aldean, Europako industria bultzatu nahi du akordioak. Adostutakoa Europako Parlamentuan eta EBren Kontseiluan berretsi beharko dute Batasuneko kide diren herrialdeek.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eman du akordioararen berri. 36 orduko negoziazio bat izan da, eta Von der Leyenek adierazi du babeserako tresna bat izango dela. Ez da negoziazio erraza izan, eta, zenbait iturriren arabera, kartsua ere izan da. Pertsonak identifikatzeko kamera biometrikoa erabiltzeko aukera izan da punturik gatazkatsuenetako bat. Adostu dutenaren arabera, espazio publikoetan Poliziak epaile baten baimenarekin soilik erabili ahal izango du teknologia hori, «benetako» eraso terrorista bat «aurreikus daitekeenean edo halakorik gertatzen ari denean». Gainera, delitu hauen egileak aurkitu eta identifikatzeko ere erabili ahal izango dituzte kamera horiek: «terrorismoa», pertsonen trafikoa, sexu esplotazioa eta ingurumenaren kontrako krimena. Delitu horien biktimak aurkitzeko ere kamera biometrikoak erabiltzea baimenduko dute.

Zenbait estatuk delitu gehiago ere sartu nahi zituzten zerrenda horretan, eta horrek negoziazioa luzatu du. Europako Parlamentuak, ordea, kamera biometrikoen erabilera murrizten eta oinarrizko eskubideak bermatzen ahalegindu da. Bart adostu duten akordioak debekatu egiten du kamera horiek erabiltzean pertsonak euren sinismenaren, ideia politikoen edo filosofikoen, arrazaren edo sexu orientazioaren arabera sailkatzea. Pertsonak euren jarreraren edo ezaugarri pertsonalen arabera sailkatzen dituzten adimen artifizialeko sistemarik ere ezingo dira erabili. Ezta pertsonen jokabideak manipula ditzakeen adimen artifizialik ere.

Personen aurpegien datu baseak Internetez edo ikus-entzunezko grabazioetan bereizkuntzarik gabe zabaltzeko sistemak ere debekatuko ditu akordioak, eta lantokietan eta ikastetxeetan emozioak antzeman ditzaketen adimen artifizial sistemak ere bai. Debekatutako sistemen debekua sei hilabete barru sartuko da indarrean.

«Gardentasun irizpidea»

ChatGPTren edo Bard-en tankerako adimen artifizial sistema sortzaileek «gardentasun irizpide bat» bete beharko dute, eta testu bat, abesti bat edo argazki bat adimen artifizialaren bidez sortu dela adierazi beharko dute. Gainera, sistema horiek entrenatzeko erabili diren datuek egile eskubideak errespetatu beharko dituzte.

2021eko apirilean Bruselak adimen artifiziala arautzea proposatu zuenean, sistema mota horiek arautzeko asmorik ez zuen, baina, ChatGPTren iazko eztandaren ostean, horiek ere sartuko dira egin nahi duten legean. Horiek sortzaileek euren produktuak merkatura atera aurretik bete beharko dituzte legean jasotzen diren baldintzak. Gainera, hainbat irizpide jarri dira erabiltzen diren testuinguruaren arabera arrisku handikoak izan daitezkeen modeloak antzemateko. Irizpide horiek guztiak hamabi hilabete barru sartuko dira indarrean.

Akordioak Europako Adimen Artifizialaren Bulegoa sortzea ere agintzen du. Erakunde horrek koordinatuko du teknologia horren erabilera Batasuneko kide diren estatuekin, eta hainbat zientzialariren eta gizarte zibileko ordezkarien aholkularitza izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.