Adikzio prozesuak identifikatzea; adikzioen ondorio soziosanitarioak ulertzea; adikzioen errehabilitazioan elkarri laguntzeko taldeek duten garrantzia nabarmentzea; eta adikzioari estigma kentzea. Helburu horiek zituen, besteak beste, EHUk Donostiako Miramar jauregian antolatutako Adikzioak errealitatean udako ikastaroak. Asteartean eta asteazkenean izan zen, eta zenbait adituk askotariko ertzetatik heldu zioten gaiari. Astearteko saioan, Gurutz Linazasoro Quiron Saludeko neurologoak garuneko sari sistemaren eta adikzioen arteko loturaz hitz egin zuen; Enrique Etxeburua EHUko Psikologia katedradunak, jokoaren nahasmenduaz; Francisco Pascual mediku eta Espainiako Socidrogalcohol elkarteko lehendakariak, kalamuari buruz; eta Elisa Garcia psikologo eta sexologoak, adikzioek sexu harremanetan duten eraginaz. Ikastaroaren zuzendaria, berriz, Jose Antonio Fernandez Gipuzkoako Alkoholikoak eta Menpekoak Birgaitzen (Aergi) elkarteko presidentea izan zen. Ehun lagun baino gehiago zeuden entzuleen artean.
Asteazkeneko saioan, berriz, generoaren aldagaiak adikzioetan duen eraginaz, alkoholismoaz, borondatearen kontrolaz eta teknologia berriekiko adikzioaz aritu ziren Miramarren.
Quiron Saludeko neurologoa
“Garuneko mekanismo batzuk daude adikzioen atzean”
Haren esanetan, substantzia jakin batzuk kontsumitu arren edo portaera jakin batzuk izan arren, pertsona guztiek ez dute garatzen adikzioa; hain zuzen ere, Linazasorok azaldu zuen sentikortasun faktore batzuk beharrezkoak izan ohi direla horretarako. Besteak beste, faktore biologiko edo genetikoek edo inguruari lotutako faktoreek izaten dute eragina. “Garuneko mekanismo batzuk daude adikzioen atzean”.
Pertsona bat mendeko noiz bihurtzen den azaltzeko, garuneko sariaren zirkuituaz hitz egin zuen. “Sariaren zirkuitua aztarna ebolutibo bat da, eta ezinbestekoa izan da gure iraupenerako. Estimulatzaile naturalak daude; adibidez, janaria eta sexua”. Azaldu zuen ezen, adikzioetan, berehalako eta intentsitate handiko ondorioak dituzten substantzia eta estimulatzaile ez-natural batzuek “bahitu” egiten dutela sistema hori.
Dopamina da zirkuitu horretako neurotransmisore nagusietakoa. Estimulatzaileen adikzio bat dagoenean, aurrena dopaminaren goraldi azkar bat izaten da, eta plazer sentsazioa eragiten du. “Baina, denborarekin, alterazioa sortzen da, eta gaizki funtzionatzen hasten da”. Linazasororen esanetan, zenbait substantziak berez ez dute zuzenean eragiten sariaren zirkuitu horretan, zeharka baizik. “Baina, azkenean, eragina izaten dute”.
Parkinsonaren eta dopaminaren arteko lotura ere jarri zuen adibidetzat Quiron Saludeko neurologoak, adikzioekin sortzen diren antz eta alde batzuen berri emateko. “Dopaminak mila aurpegi ditu”, jakinarazi zuen. Mezu itxaropentsu batekin amaitu zuen hitzaldia: parkinsonari eta beste gaitz batzuei aurre egiteko metodo berriak ari direla garatzen kontatu zuen, eta horiek adikzioetarako ere baliagarriak izan daitezkeela erantsi.
EHUko Psikologia katedraduna
“Online jokatzen denean, urtebete aski da adikzioa garatzeko”
Hain zuzen, Etxeburuak azaldu zuen berberak direla norbaitek jokoaren nahasmendua duenean gertatzen diren mekanismo psikobiologikoak eta substantzia adiktiboek eragindako nahasmenduetan agertzen direnak. Era berean, esan zuen antzekoak izaten direla portaera nahasmenduei lotutako adikzioetan ageri diren sintoma psikopatologikoak eta adikzio kimiko askotan ageri direnak.
EHUko Psikologia katedradunaren hitzetan, oro har, adikzio hitza gehiegi erabiltzen da, eta bereizi egin behar dira adikzioa eta zaletasuna. Pentsatu baino diru gehiago gastatzen denean, norberak aisialdirako duen diruaren %25 baino gehiago jokoan gastatzen denean edo galdu arren jokatzen jarraitzen denean hartu behar da arazotzat. Familia kohesio txikia dutenak, adikzio portaeraren baten aurrekariak dituztenak edo presio soziala jasaten dutenak zaurgarriagoak izan ohi dira halako nahasmenduen aurrean.
Jokatzen duenak dirua irabazi nahi izaten badu ere, Etxeburuak adierazi zuen motibazio bakarra ez dela hori izaten. “Apustuaren emozioa bera ere hor dago, horrek sortzen duen zirrara”. Kirolarekin lotura estua izan ohi du jokoak. “Kirol apustuetan, arrisku sentsazioa txikiagoa da, uste oker bat egoten delako: kirolaz badakiela uste izaten du jokalariak, eta hori nahikoa dela irabazteko”.
Apustu etxeen arrakasta ulertzeko, kontuan hartzekotzat jo zituen haietan egon ohi diren pantaila handiak, jan-edan merkeagoak, apustuak norbere kirol ezagutzak erakusteko modu bat izatea, kirolak sozializatzen laguntzea… “Batik bat, bazterreko auzoetan egoten dira lokal horiek, alokairuak merkeagoak direlako eta pertsona desklasatu gehiago daudelako horietan”.
Online jokoa “izugarri” ari da areagotzen, Etxeburuaren esanetan, eta bereziki arriskutsutzat jo zuen modalitate hori. “Presentzialki jokatzen denean, bost urte inguru behar izaten dira adikzioa garatzeko; online jokatzen denean, urtebete aski da”. Izan ere, 24 orduz egoten da jokatzeko aukera, norbaitek ikusteko kezka txikiagoa da, oso mozkortuta egonda ere apustu handiak egin daitezke…
Erronka terapeutikoei dagokienez, Etxeburuarentzat arazo nagusia izaten da inguruko norbait joaten dela laguntza eske, ez adikzioa duena bera, hari kostatu egiten zaiolako arazoa ikustea; batik bat, irabaziak baditu. Horri lotuta, azaldu zuen jokalari bati gerta dakiokeen okerrena lehen apustua irabaztea dela, beti gogoratuko baitu irabazi zuen aldi hori. “Jendea zirkuitu terapeutikoan sartzeko motibazio estrategia erakargarriak behar ditugu”, nabarmendu zuen EHUko Psikologia katedradunak, Donostiako hitzaldian. Etorkizunari begira, Etxeburuak gazteekin eta emakumeekin ikusten ditu erronkarik handienak.
Socidrogalcohol elkarteko lehendakaria
“Beharrezkoa da gauzak ebidentzia zientifikoetan oinarrituta pentsatzea”
Azken boladan, asko hitz egin da haren erabilera terapeutikoez. Kontatu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuan askotariko eragile eta adituek beren ikuspegiak eman dituztela, eta kalamua farmakopean erabiltzeari buruzko erabaki bat hartzekotan dela Espainiako Sendagaien Agentzia. “Kalamua zeini eman? Zer patologiari? Zer dosi? Eta patologia bat baino gehiago dagoenean? Zer kannabinoide?”, galderak bota zituen Pascualek astearteko hitzaldian, nabarmentzeko oraindik ez dagoela erabakirik.
Pascualek azaldu zuen batez ere bi kannabinoide daudela boladan: THCa —kalamu landarearen substantzia psikoaktiboa— eta CBDa. “Azken horri egozten zaizkion ahalmenen artean daude mina arintzea, goragaleak gutxitzea eta epilepsiaren zenbait sintoma tratatzeko baliagarria izatea”. Kontatu zuen ohiko sendagaiek balio izan ez duten kasuetan THC kantitate txikia duten zenbait sendagai erabiltzen direla jada.
Alabaina, zuhurtzia eskatu zuen Socidrogalcohol elkarteko presidenteak. “Gaur-gaurkoz, ez dugu ebidentzia zientifikoko azterketa sendorik erakusten duenik kannabinoide horiek terapeutikoki baliagarriak direla benetan”. Gaineratu zuen ezen, bibliografiak xehe berrikusita, askoz ebidentzia sendoagoek frogatzen dituztela kalamuaren eragin negatiboak —adibidez, mendekotasuna eragiten duela—.
Manipulazio genetikoaren, laborantza hidroponikoaren eta landareen feminizazioaren eraginez, gaur egungo kalamu landareek duela 20-25 urtekoek baino 3-5 aldiz THC gehiago dute, haren hitzetan. “THCaren arazoa da hark dituela eragin psikoaktiborik handienak. Ondorioz, azaldu zuen konplikazio psikiatrikoak gero eta ohikoagoak eta larriagoak izaten direla.
Orain arte kalamuaren kontsumoa arautua edo legeztatua zuten herrialdeetan egindako azterketak ere “kezkagarriak” direla esan zuen, trafiko istripuak eta koadro psikiatrikoak ugaritu egin direlako, besteak beste. Zenbait substantzia droga “biguntzat” jotzeari ere utzi behar zaiola nabarmendu zuen, guztiak direlako “gogorrak”. Kalamua bera ere osasunari eragin diezaioketen ondorio psikotropikoak dituen droga bat dela esan zuen. “Bestela, galdetu etxean gazte kalamu erretzaile bat izateak nola izorratu dezakeen familia bat”. Pascualek “beharrezkotzat” jo zuen erabakiak hartzean gauzak “ikuspegi zientifikotik eta ebidentzia zientifikoetan oinarrituta pentsatzea”. Eta, hitzaldia amaitzeko, esan zuen ez ahazteko kalamuaren atzean “negozioa” dagoela.
Psikologoa eta sexologoa
“Irizpideak izan behar ditugu eduki nahi dugun sexualitateari buruz”
Lasterbideak alde batera utzi eta tresnak norbere buruan bilatzearen garrantzia aipatu zuen sexologoak. Gogoratu zuen ongizatea eta plazera eragiten duen elementua desioa izaten dela, eta beldurrak oztopoak jartzeko bakarrik balio duela. Era berean, beharrezkotzat jo zuen sexualitatearen kontzeptu propio bat fintzea, norbere buruarekin konektatzea, norberaren plazeraren kontzientzia hartzea…
Bere hitzaldia ere “kontzientzia hartzeko” ariketa bat izatea nahi zuela adierazi zuen. “Sexualitate osasuntsu batez gozatzen jarraitzeko, funtsezkoa da irizpideak izatea eduki nahi dugun sexualitateari buruz. Eta hori umeei erakusten badiegu, berme handiagoa izango dugu sexualitatea arazo izango ez den gizarte batean bizitzeko”.