Jokabideari dagozkion adikzioek —besteak beste, ausazko jokoei, bideojokoei, erosketa konpultsiboari eta harremanei lotutakoek— emakumeei nola eragiten dieten ikusaraztea izan dute helburu Deustuko Unibertsitateko Ana Estevez ikertzaileak eta haren ikerketa taldeak. Substantziadun eta portaerazko adikzioen ebaluazioa genero-ikuspegitik azterlana taxutu dute horretarako, eta zera izan dute ikergai, «genero ondoezak» duen garrantzia mendekotasuna sortzeko eta hura tratatzeko orduan. Ikerketaren berri eman dute Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, eta Ana Estevez eta Laura Macia Deustuko ikertzaileek.
Ikerketaren bitartez ondorioztatu dute emakumeek estigmatizazio handia jasaten dutela adikzioei dagokienez, eta «lotsa sozial» horren eraginez asko ez direla gai laguntza eskatzeko. Laura Macia ikertzaileak azaldu du zergatik: «Tratamendu taldeetan oso emakume gutxi daude, eta ez dira leku seguruak benetan zer sentitzen duten kontatzeko». Izan ere, Maciaren arabera, adikzioak dituzten emakume askok indarkeria matxista eta sexu abusuak jasan dituzte, eta «asko kostatzen zaie» gizonekin halako esperientziez hitz egitea.
«Tratamendu taldeetan oso emakume gutxi daude, eta ez dira leku seguruak benetan zer sentitzen duten kontatzeko»
LAURA MACIA Ikertzailea
41 emakumek parte hartu dute ikerketan, eta bereziki jokoekin eta bideojokoekin lotutako adikzioak ikertu dituzte haien bitartez —30ek jokoarekiko adikzioa zuten, eta 11k bideojokoekiko adikzioa—. «Galdetzen genienean ea zergatik jokatzen zuten gizonek baino gutxiago, erantzuten ziguten gizonek baino diru eta denbora gutxiago zutela», azaldu du Estevezek. «Gainera, seme-alaben beharrak ase eta gero jokatzen zuten gehienek».
Ikertzaileek ondorioztatu dute zaintza lanak funtsezko faktorea direla mendekotasuna pizteko eta garatzeko orduan, eta uste dute genero desberdintasun hori ere oztopo bat dela adikzioa tratatzeko orduan. «Tratamendu taldeetan ez da zaintzari buruz hitz egiten, gai hori ez da lantzen gizonekin. Are gehiago, esango nuke lehen aldia izan dela emakume batzuek taldean adikzioari eta zaintzari buruz hitz egin dutena», argitu du Estevezek.
Errua eta lotsa
Zaintzaren gehiegizko karga da adikzioa pizteko arrazoi nagusienetako bat emakumeen artean, estresarekin eta bakardadearekin batera. Hala, ohartu dira emakumeak gizonak baino askoz geroago hasten direla adikzioak garatzen, ingurukoak zaintzeko ardura haien gain jartzen delako lehenago. Maciaren arabera, jokoarekin adikzioa garatzen duten emakumeek 55 urte dituzte, batez beste. Gizonak, ordea, 18 urte bete aurretik hasten dira jokatzen. Gainera, azaldu du emakume askok «ezkutuan» jokatzen dutela, estigmatizazioa dela eta. «Euren burua seguru nabari duten tokietan egiten dute, eta, askotan, bikotekideak bultzatuta hasten dira menpekotasuna garatzen».
Jokatzeko arrazoiak ere ezberdinak dira emakumeen eta gizonen artean. Estevezek azaldu duenez, emakumeek «emozioen erregulatzaile» gisa erabiltzen dute jokoa: «Gizonek nolabaiteko handitasuna frogatzeko baliatzen dute jokoa, besteak baino gehiago direla erakusteko. Emakumeek, berriz, esperientzia traumatikoak arintzeko eta horiek tarte batez baztertzeko dituzte jokabide horiek».
«Gizonek nolabaiteko handitasuna frogatzeko baliatzen dute jokoa, besteak baino gehiago direla erakusteko. Emakumeek, berriz, esperientzia traumatikoak arintzeko eta horiek tarte batez baztertzeko dituzte jokabide horiek»
ANA ESTEVEZ Ikertzailea
Estigmatizazioak errudun eta lotsagarri sentiarazten ditu emakumeak, eta, ikertzaileen arabera, tratamendua jasotzen duten emakumeek adikzio askoz handiagoa dute tratamendua jasotzen duten gizonek baino. «Menpeko emakumeek antsietatearekin eta depresioarekin lotutako sintomatologia izaten dute, eta, normalean, sintomatologia hori barrurantz bizitzeko joera dute; gizonek, aldiz, kanpora ateratzekoa», erantsi du Estevezek. Nabarmendu du tratamendu zentroetara jotzeko oztopo bat dela hori ere. «Horregatik, emakume askok Osakidetzara jotzen dute gehienetan, lehen arretara».
Laguntza eskatzeko zailtasun handiagoak izan arren, Estevezek argi utzi du menpekotasuna duten emakumeak asko direla, «orain arte ikusezinak izan badira ere». Emakunderen beka baten bitartez osatu dute gaur goizean aurkeztu duten ikerketa. Orain, genero ikuspegia aintzat hartuko duten beste ikerketa batzuei atea irekitzea espero du Estevezek: «Oso garrantzitsua da adikzioarekin lotutako ikerketetan genero ikuspegia txertatzea, orain arte ez baita behar bezala ikertu». Izan ere, azterlanean nabarmentzen denez, substantziekin lotutako adikzioen arloan pixkanaka txertatuz joan da genero ikuspegia, batez ere alkoholaren kontsumoan, baina jokabideari dagozkion adikzioetan sartu berria da.