Apirilaren 19an Donostiako Aske Gunean Ertzaintzak izan zuen jokabidearen eta hari egin zioten erasoaren xehetasunak eman zituen atzo Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetariak Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta. Ertzaintzaren jokabidea «adierazpen askatasunaren aurkako erasoa» izan zela salatu zuen gazteak, eta kazetarien mugimendu askatasuna defendatu zuen.
Aske Gunean bizitako lekukotasunari buruzko azalpenak ematearekin batera, Ertzaintza oldartu zitzaion unea ikusten den bideoa erakutsi zuen batzordean. Arbelaitzek azaldu zuen hasieratik kazetari gisa identifikatu zuela bere burua, baina une batean polizia bat harengana joan eta kolpe batez sakelako telefonoa lurrera bota ziola, eta ostean lau ertzainen artean lurrera bota zutela: «Ertzain bat zuzenean ni seinalatzen ikusi nuen, niregana zetorrela. Pauso batzuk eman nituen atzera, eta konturatu nintzenerako gainean nuen». Haren irudiko, eraso hura «adierazpen askatasunaren» aurkakoa izan zen: «Kazetari txartela agerian nuela ni baztertzera etorri ziren. Adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat izan zen, argi eta garbi».
Ondoren, gainerako kazetariak zeuden eremura eraman zutela, Bulebarreko kioskora, eta handik ezin grabatu zela-eta Aske Gunera sartu zela azaldu zuen. Barrutik aritu zen lanean hortik aurrera, eta Aske Gunearen hustuketaren azken 20 minutuak grabatu ahal izan zituen. Haren esanetan, Ertzaintzaren jarrera «ez zen eredugarria» izan : «Ertzaintzak ez du inongo herritarrik horrela tratatzeko eskubiderik. Ez kazetaria izan, ez manifestaria».
Berak jasotako tratua kontatu ostean, «aurrera egiteko garaia» dela azpimarratu zuen: «Euskal Herrian garai politiko berrian bizi garela ukaezina da; horregatik, Ertzaintzak ere polizia indar gisa aurrera egin behar duela sinesten dugu askok». Hala, berari gertatutakoa berriro gerta ez dadin, eta Ertzaintzak «indarkeriarik ez darabilten pertsonen kontra zigorgabetasun osoz bortxa» erabil ez dezan, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion ertzainak identifikatuta egon daitezen, «bizkarrean, sorbaldan edo kaskoan» edonork ikusteko moduko zenbaki edo kode bat eramanez. Haren ustetan, neurri hori abian jarriz Eusko Jaurlaritzak «pauso handi bat» emango luke, eta «garai berrietara» egokituko litzateke.
EAJren eta PSEren itaunketa
Legebiltzar taldeen txandan, EAJko Iñigo Iturratek Arbelaitzi adierazi zion kazetariek eskubidea dutela jarrera politikoa izateko, baina deitoratu zuen bere testigantza «espekulazioz eta balorazioz josita» zegoela. «Ez da informazioa izan; ez, behintzat, objektiboa». Aske Gunera sartuta, kazetari izateari utzi, eta protestako partaide bihurtu zela adierazi zion, halaber. Argia-ko kazetariak ukatu egin zuen protestan parte hartu zuela, eta gertatutakoa Aske Gune barnetik kontatzeko beharra nabarmendu zuen: «Norbaitek ezkutatu nahi duen zerbait erakustea da kazetaritza», erantzun zion.
Mikel Unzalu PSEko legebiltzarkideak, berriz, Arbelaitzi galdetu zion ea, haren iritziz, egun horretan atxilotutako gazteen aurka Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia bete behar duen Ertzaintzak. PSEko buruaren irudiko, bete beharrekoak dira epai horiek, eta Ertzaintzak «profesionaltasunez» jokatu zuen. Egindako galderari erantzun zion Arbelaitzek, ondoren: «Nire iritzia da XXI.mendeko demokrazia batean ez dela onargarria lan politikoagatik bakarrik jendea espetxeratzea».
EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagaren ustetan, bestalde, epaitegien erabakiak errespetatzeari buruzko eztabaidan dago polemikaren muina: «Sei pertsonaren bizitza hondoratzen da erabaki injustuaren ondorioz, eta horren aurka protestan ari direnen segurtasunari kalte egiten zaio». Gogora ekarri zuen, halaber, Aske Gunean izan zela Urko Aierza senataria Ertzaintzarekin bitartekaritza lanak egin nahian, eta azpimarratu zuen horrek izan behar duela ordezkari politikoen lana.
Agerraldiak Segurtasun Batzordean
«Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa» salatu du Lander Arbelaitzek
'Argia'-ko kazetariaren jarduna «espekulazioz» betea iruditu zaio EAJri, kazetari izateari utzi eta protestari bihurtu zelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu