Joan den astean «harriduraz» jaso zuten berria Tentacles Diseinu estudioko kideek, prentsaren bidez: Gasteizko Herritarren Segurtasunerako Sailak estudioa ikertzeko eskatu zion Arabako Fiskaltzari, aste batzuk lehenago kaleratu zuten diseinu batengatik. Afixean udaltzain bat ageri da All Pitufos Are Bastards mezuaren ondoan. Estudioko kideek prentsaurrekoa egin zuten atzo, eta, Mikel Gonzalez Cthulhu kartelaren sortzaileak adierazi zuenez, otsailaren 23an Hedegile kalean «Udaltzaingoak izandako neurrigabeko jarrera» salatzeko sortu zuela diseinua: «Ez gaude prest gure tonua apaltzeko, edo gure obretan adierazten ditugun terminoak berrikusteko instituzio batzuei minik ez emateagatik». Halaber,iragarri dute jasotako babes zabalaren berri eman eta autoinkulpazio kanpaina bat abiatuko dutela.
Poliziaren «abusu sistematikoak» salatu dituzte: «Polizien estamentua ukiezina da, eta oso azal finekoa, gainera. Badirudi, ustez herritarren esanetara dauden arren, haiek egiten dizkieten edozein kritikaren gainetik daudela».
Udalak hartutako erabakia adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat hartu dute: «Herri honetan bizi garenok badakigu adierazpen askatasunaren aurkako erasoak badaudela, baina uste dugu pandemia garaian areagotu egin direla».
Izan ere, adierazi dute adierazpen askatasunaren auzia puri-purian dagoela izurrite garaian, baina instituzioei «besteei onartzen ez zaien larru fina» jarri zaiela. Gehitu dute, gainera, «egunero gertatzen diren gauzak gertatuta» ez dutela ulertzen pitufo deitzeagatik norbait «irainduta» senti daitekeenik: «Terrorismoa goratzea eta gorrotozko delituak dira legearen marra gorriak, eta diseinu hau ez da bietako bakar batera hurreratu ere egiten», diseinu taldearen arabera.
Estudioak Gasteizko beste eragile batzuen babesa jaso du; besteak beste, Jimmy Jazz, Baratza Aretoa, Mazoka, Red Fanzine eta Ilustrapados taldeena.
Autoinkulpazioa
Tentacles Estudioko kideek adierazi dute jaso duten babesa antolatu eta «eraso» horri erantzun bat emateko lantalde bat sortzeko asmoa daukatela. Horrez gain, iragarri dute datorren asterako sare sozialen bidez Denok gara Gargamel «autoinkulpazio kanpaina» martxan jarriko dutela, umoretik eta sormenetik abiatuta.
Stop censura (Zentsura gelditu) mezua daraman kartel bat ere aurkeztu zuten prentsaurrekoan, eta sare sozialetan ere komunikatu batekin batera zabaldudute afixa, udalak hartutako neurriei emandako erantzun baten gisara.
Horrez gain, iragarri dute ezen, auzitara eramaten badituzte, beren esku dauden legezko tresna guztiak baliatzeaz gain, orain arte «hobekien» erabiltzen jakin dituztenak ere erabiliko dituztela: mobilizazioak kaleetan eta beste eragile artistiko eta sozialen elkartasuna.
Adierazpen askatasunaren aldeko kanpaina bat hasiko dute sarean
'All Pitufos Are Bastards' mezua daraman diseinuaren egileek adierazi dute otsailaren 23ko gertaeretan Udaltzaingoaren gehiegikeria salatzeko sortu zutela afixa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu