MARTIN GARITANO
'Egin'-eko erredaktore buru ohia«Adierazpen askatasuna preso dago oraindik Euskal Herrian»
«Ez da zazpi urte eta erdiz egon preso: hamazazpi urtez egon da. Egin itxi zuten egun beretik preso izan da Salutregi, eta adierazpen askatasuna preso egon da Euskal Herrian. Eta preso da oraindik, Egin-en sumariotik beste bi kide preso daudelako oraindik: Karlos Trenor eta Joxean Etxeberria. Zorigaiztoko egun hartatik, denok gaude adierazpen askatasunaren faltan».«Egin-en proiektuak oso ilusioa sortzen zuen, eta suntsitu egin zuten, ezkerraren arima omen den Garzon haren aginduz. Suntsitu egin zuten hainbeste milaka lagunen ametsa zena. Proiektu aurrerakoia zen, profesionala, eta etorkizun ona zeukana».
MERTXE AIZPURUA
'Gara'-ko zuzendari ohia«Beste aldera begiratu da kasu honetan; tamalgarria da hori»
«Egoera injustu bati amaiera ez zaio eman, oraindik bi lagun gelditzen baitira barruan. Baina egia da konfusiozko zeremonia batean hasi zela dena, eta absurdoa izan zen hasieratik guztia. Absurdo hori mantendu egin da urteotan guztiotan. Penagarria izan da, zeren horrelako kasu batek, beste nonbait gertatu izan balitz, elkartasun oihua zabalduko baitzuen kazetarien artean. Ez da horrela gertatu kasu honetan: beste aldera begiratu da. Tamalgarria da adierazpen askatasunaren ikuspegitik. Gaurkoa, behintzat, pozteko eguna da, preso bat gutxiago dagoelako kartzelan.Harentzat bukatu da hamazazpi urteko kondena hau».«Ilusio handia sortzen zuen Egin-ek; indar handia zuen. Orduan, nahiz eta urte asko izan martxan zebilela, azken urteetan izugarrizko indarberritze bat eman zitzaion. Horrek beldurtzen zuen Espainiako Estatua, eta pentsatu zuen akabatzea. Oso proiektu polita zen, indartsua zen, baina horrela gertatu zen».
JOSE LUIS ELKORO
Egin enpresako presidente ohia«'Egin' desagertu zen, baina haren izpirituak bizirik jarraitzen du»
«Denok gogotsu gaude Salutregi ikusteko, besarkatzeko. Egin-en historian beste urrats bat da. Egin desagertu zen, baina guk oraindik bizirik jarraitzen dugu: sortu zeneko izpirituak jarraitzen du, eta ez dugu ahaztu. Hau da haren bizitasunaren beste ekitaldi bat; ospatzeko eguna da».IÑAKI SOTO
'Gara'-ko zuzendaria«Salutregiren gisakoek utzitako ondareaoso garrantzitsua da»
«Alde batetik, poz handia da, pertsona batek askatasuna berreskuratu duelako. Beste alde batetik, badauka frustrazio puntu bat: batetik, ez garelako kapaz izan aurretik ateratzeko, eta iruditzen zaidalako 'terrorismoaren aurkako gerra' horretan, lortu zutela, neurri batean, euskal gizartearen parte handi batek beste alde batera begiratzea. Gertatu dena oso-oso larria da, eta orain, kontakizunaz hainbeste arduratzen diren honetan, askok pentsatu beharko lukete zer egin zuten beste aldera begiratze horretan: egunkari bat itxi zutenean ?gero beste batzuk etorri ziren, baina lehenengoa hura izan zen?, bertan lan egiteagatik jendea kartzelatu zutenean, eta zazpi urteren ondoren orain kalera atera direnean».«Nik beti esaten dut: gu gara azkenengo belaunaldia unibertsitatera joan eta gure dirutik egunero-egunero egunkari bat erosi genuena. Hori, ordutik, gutxiengo baten ohitura izan da; batez ere, ofizioari lotutako jende gazteagoarena. Guretzat, Egin gauza oso-oso berezia izan zen, politikoki hezi gintuelako, beste tokitan gertatu ez den era batean. Gure belaunaldian erabat markatu zuen gure prestakuntza politikoa eta mundu ikuskera. Horrez gain, kazetaritzaren ikuspuntutik, niri egokitu zaidan aldetik, memoria instituzional bat gorde izan du proiektu honek. Kazetaritza politiko independente bat egiteko era bat sortu du. Gu tradizio horretan gaude, eta Salutregi bezalako jendeak utzi zuen ondare hori oso garrantzitsua da herri honentzat».
JESUS MARI ZALAKAIN
'Egin'-en administrazio kontseilukokide ohia«Ez daukat hitzik:nekez egindakoa kolpe batez kendu ziguten»
«Bazen garaia hau ere iristeko; administrazio kontseiluko guztiok batzen ari gara. Oraindik geratzen zaizkigu batzuk; beraz, espero dugu, poliki-poliki, bere garaian egin zen injustizia hau erreparatuz joatea; gutxienez, horiek kalean ikusita. Lehenengo pausoa da hori».«Egin-en proiektua herriaren proiektua izan zen, hainbat neke eta izerdiz egin zena. Gero, poliki-poliki, garai hartan kazetaritza ikasten ari ginen batzuk maitemindu ginen proiektuarekin. Nire kasuan, suertea izan nuen barruan lan egiteko, eta administrazio kontseilura bidali ninduten gero. Ondoren gertatu zena adierazteko ez daukat hitzik: nekez egindako gauza bat arrapaladan eta kolpe batez kendu ziguten, orain arte. Proiektu ederra izan zen: moztu ziguten, eta gabe geratu ginen. Baina herri honek badu halako kolpe eta injustiziei buelta emateko indarra, eta orain beste bat daukagu, aurrera segitzeko.