Adegi eta EH Bildu bat etorri dira herri itun bat behar dela industria politikak sustatzeko

Bi aldeetako ordezkariak batzartu dira gaur, Adegiren egoitzan. Funtsezkotzat jo dute industria sustraitzea.

EH Bilduko eta Adegiko ordezkariak batzartuta
EH Bilduko eta Adegiko ordezkariak, batzartuta, gaur. BERRIA
gurutze izagirre intxauspe
2025eko martxoaren 26a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Adegiko ordezkaritza bat eta EH Bilduko beste bat batzartu dira gaur, industriari buruz aritzeko, eta bat etorri dira herri itun bat behar dela industria politikak sustatzeko. Halaber, funtsezkotzat jo dute industria sustraitzea.

Gipuzkoako Enpresen Elkartea eta koalizio abertzalea bat datoz ziurgabetasun egoerari buruzko azterketan. EH Bilduren izenean, Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko burua, Nerea Kortajarena programa idazkaria, Maddalen Iriarte Gipuzkoako bozeramailea eta Ander Goikoetxea industria arduraduna egon dira bileran; Adegiren izenean, Isabel Busto presidentea, Jose Migel Aierza zuzendari nagusia eta Paul Lizeaga zuzendari nagusiaren albokoa.

Otxandianok bileraren ostean adierazi duenez, jokaleku global konplexua da gaur egungoa, eta aldaketa handiko garaia: industria trantsizio energetikoa eta jauzi teknologikoa aipatu ditu horien artean. «Testuinguru horrek industria politika irmoa eskatzen du, herri itun batean oinarrituta. Industriaren errotzea funtsezkoa da, politika ekonomikoa herri proiektu batekin lotzea».

EH Bilduren irudiko, Europako eliteek ez dute estrategia argirik garai konplexu honi aurre egiteko, eta funtsezkotzat jotzen dute estrategia propioak garatzea. «Funtsezkoa da gure gaitasun sozial, politiko, instituzional eta ekonomiko guztiak aktibatzea, ondo definitutako herri estrategia baten pean».

Ildo horretan, azpimarratu du industriarentzat garrantzitsua dela garraio sare elektrikoaren kudeaketa burujabea izatea. «Azpiegitura hori funtsezkoa da bai gure ehun industriala deskarbonizatzeko, bai energia berriztagarrien hedapen ordenatua eta orekatua bermatzeko». Gainerako eragileekin auzia lantzeko prest dagoela esan du.

Halaber, kritikatu egin du Gorenak atzerriko unibertsitate tituluak homologatzeko eskubidea baliogabetu izana: «Prest gaude gainerako indar politikoekin lankidetzan aritzeko gai horri heltzeko».

Lehiakortasuna indartzeko neurriak

Herri itun bat behar dela bat etorri da Adegi. Enpresak sustraitzea eta lehiakortasuna indartzeko neurriak hartzea dira ardatz nagusiak Adegirentzat.

Adegikoek 2024-2028rako estrategian onartutako lau lan ildoak azaldu dizkiete EH Bildukoei: enpresa aberastasun, enplegu eta ongizate sozialeko eragile gisa azaltzea; lehiakortasuna eta trantsizio ekologikoa jorratzea; talentuari eustea; eta enpresen kultura berria lantzea.

Enpresarien artean egindako inkestaren emaitza ere helarazi diete. Azaldu dietenez, enpresarien kezka iturri nagusienen artean daude lan kostu altuak, nazioarteko ekonomiaren ahultasuna, lan absentismoa eta pertsona kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak. Aberastasuna erakartzeko zerga politiken garrantzia ere azpimarratu diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.