«Duela astebete UPNn jarraitu nahi genuen, baina kanporatu egin gaituzte. Ez digute beste erremediorik utzi», Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok politikaren lehen lerroan jarraitu nahi dute. Nafarroako eskuinaren eremuan lehia bizia dago. Lau alderdi dira dagoeneko, eta igerileku horretan ez dute berehalakoan jauzi egin nahi. Apurka joan nahi dute. Horretarako plataforma bat aurkeztu dute gaur goizean, Iruñeko Foruen Monumentu aurrean. «Ez da alderdi bat», argitu dute.
Ez dute izen ofizialik oraingoz, Dena den, plataformanavarra.com webgunean bilduko dituzte atxikimenduak. Oraingoz, 631 kidek eman dute izena. Kongresuko bi diputatuen arabera, «gehienek» ez dute alderdirik, baina horietako batzuk UPNtik datoz. Ez dute zehaztu nahi izan zenbat pertsonak utzi duten alderdia. 200 pertsona inguru izan ote daitezkeen galdetuta, ez dakitela erantzun dute, eta ez dutela horretan sartu nahi. Plataformak «zeharkakotasun handia» duela esatera mugatu dira.
«Zerbait garrantzitsua egin nahi dugu, hurrengo legealdietan Nafarroan eta Espainian gobernua aldatu dadin. Sanchezekin hitzarmenik ezin dela egin argi dutenekin osatu nahi dugu plataforma», azpimarratu du Adanerok. Haren ustez, sozialisten «makulu eta sostengu» ezin da esan. UPNk bi urte eta erdiz militantzia eten zien bi diputatuei ez zutelako alderdiaren agindua bete —UPNk lan erreformaren alde bozkatzearen truke bost puntuko hitzarmena lortu zuen PSOErekin—.
UPNren erantzuna
Javier Esparza UPNko presidentea ez du ustekabean harrapatu bi diputatuen mugimenduak. Salatu du alderdia sortu aurreko urratsa baino ez dela plataforma. «UPNren kontra egin da, hura bultzatu duten mesederako. Ziurrenik, gaur EH Bildu ospatzen dago Sayas eta Adanero jaunek alderdi bat sortuko dutelako». Esparzaren arabera, lehen indarra izango da 2023ko bozetan ere, eta ez da hautsiko «ez barrutik ez kanpotik». Ez du argitu horrek zer ondorio izango dituen Navarra Suman. «Ez dut politika fikziorik egin nahi».
Gaurko aurkezpenean, Sergio Sayasek azaldu du «askatasunaren eremu» izango dela plataforma. «Oso egun gutxitan 631 nafarrek eskatu digute urrats bat aurrera egiteko. Hala sortu da plataforma, bidesaririk gabe, libre, etsituta sentitzen diren nafarrei ahots eman nahirik.. Etsipen hori ilusio bihurtu nahi digu». Haren esanetan, nafar askok «egonezina eta desilusioa» dute oraintxe: «nafar eta espainiar izateko harrotasuna berreskuratu behar du Nafarroak».
Adanerok dio plataformak ez duela izenik ez eta egoitzarik ere. Sayasek "askatasuna" du ahoan uneoro eta ez dutela Sánchezen "makulu" izan nahi (UPNri erreferentzia eginez, lan erreformaren bozketa gogoan). UPNn jarraitu nahi zutela azpimarratu dute baina kanporatu dituztela pic.twitter.com/LXAic6ahLC
— Joxerra Senar (@joxerrasenar) March 11, 2022
Hauteskundeez
Hauteskundeetan aurkeztuko ote diren galdetuta, Adanerok ez du argitu euren asmoa. Biek azaldu dute plataforma aurkeztu berri dutela eta ez dutela egoitzarik. «Begira non gauden. Ez dugu pentsatua besterik, bakarrik goiz honetan zer egingo dugun». Dena den, azpimarratu dute zentro eskuinean ez dutela «inoren aurka» jo nahi, eta Sanchezen zein Nafarroako bosteko gobernuaren «alternatiba erreala» osatu nahi dutela, «makulu, sostengu eta harrizko gonbidatu izan gabe».
Beste alderdiren batekin aurkeztuko ote diren galdetuta, Adanerok erantzun du ez dutela ezer buruan. «Egin genuena ondo iruditzen zaio, eta beste gauza batzuk begi txarrez ikusten duen jende hori bideratu nahi dugu». Plataforma horretan alderdiak batu daitezkeen galdetuta, Sayasek erantzun du «askatasunetik» jaio dela plataforma eta ez dutela beste alderdiekin hitz egin. «Sinesten dugun Nafarroa horretan sinesten duten guztiek dute tokia bertan». Jende asko izan daitezkeela uste dute, «karnetik izan edo ez, edo duen alderdiko karneta duela». .
«Hau mugimendu bat da, plataforma bat. Etorkizunean gertatuko denari buruz, etorkizunean hitz egingo dugu», esan du Sayasek, hauteskundeetan beste alderdirik egongo ote den galdetu zaion enegarren aldian. «Orain umezurtz sentitzen diren nafarrei eman nahi diegu ahotsa».