IRUÑEA. «Duela astebete UPNn jarraitu nahi genuen, baina kanporatu egin gaituzte. Ez digute beste erremediorik utzi». Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok politikaren lehen lerroan jarraitu nahi dute. Nafarroako eskuinaren eremuan lau alderdi dira dagoeneko, eta apurka joan nahi dute. Horretarako plataforma bat aurkeztu zuten atzo, Iruñeko Foruen Monumentuaren aurrean. «Ez da alderdi bat», argitu zuten.
Ez dute izen ofizialik oraindik; plataformanavarra.com webgunean bilduko dituzte atxikimenduak. Oraingoz, 62 herritako 631 pertsonak eman dute izena. Kongresuko bi diputatuen arabera, «gehienek» ez dute alderdirik, baina batzuk UPNtik datoz. Plataformak «zeharkakotasun handia» duela esan dute.
Hauteskundeetan aurkeztuko ote diren galdetuta, Adanerok ez du argitu beren asmoa. Biek azaldu dute plataforma aurkeztu berri dutela eta ez dutela egoitzarik: «Ez dugu besterik pentsatu, bakarrik goiz honetan zer egingo dugun». Dena den, azpimarratu dute zentro-eskuinean ez dutela «inoren aurka» jo nahi, eta Espainiako eta Nafarroako gobernuen «alternatiba erreala» osatu nahi dutela, «makulu, sostengu eta harrizko gonbidatu izan gabe».
Javier Esparza UPNko presidentea ez du ustekabean harrapatu bi diputatuen mugimenduak. Salatu du alderdia sortu aurreko urratsa baino ez dela. «UPNren kontra egin da, hura bultzatu dutenen mesederako. Ziurrenik, gaur EH Bildu ospatzen ari da Sayas eta Adanero jaunek alderdi bat sortuko dutela».
Adanerok eta Sayasek plataforma bat sortu dute
Nafarroako 62 herritako 631 kide ditu, batzuk UPNtik ateratakoak; ez dute argitu bozetara aurkeztuko diren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu