AHT abiadura handiko trenaren obrak direla eta, abuztuaren 3tik 25era bitarte itxita egongo da Donostia eta Irun arteko tren zerbitzua, Espainiako Garraio Ministerioak jakinarazi duenez. Irun eta Hernani arteko linean, gainera, mozketa gehiago ere egingo dituzte, nagusiki asteburuan; litekeena da lehena ekainean izatea.
Ikusi gehiago
Ministerioaren arabera, obrak 2026ko lehen lauhilekoan amaitzea da asmoa, baina ordura arte zenbait eragin izango dituzte martxan dauden tren zerbitzuetan. Jose Antonio Santano Garraiorako estatu idazkariak El Diario Vasco egunkariari azaldu dionez, egungoak baino nabarmenagoak izango dira horiek, batez ere AHTa Astigarraga eta Irun artean igarotzeko egin beharreko lanen ondorioz. Zehaztu du are gehiago murriztuko dela zerbitzua; gutxi gorabehera, orduko tren bat noranzko bakoitzean. Eta datorren udan ere beste hiru asteko mozketa bat egin beharko dute Donostia eta Irun artean.
Santanok bilkurak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko eta lanen eraginak pairatuko dituzten udaletako ordezkariekin. Halere, azaldu du trenek ohi baino bidaiari gehiago garraiatzeko gaitasuna izango dutela, «egunero egungo bidaiari kopuru bera garraiatzeko» helburuz, eta autobus zerbitzua ere egokituko dutela.