Odola falta da. Ondorio hori atera dute Hego Euskal Herriko odol emaileen taldeek. Urtero bezala, odol emateek beherantz egin dute udan, eta beharra handia da. Nahiz eta egoera ez izan erabat kritikoa, odol gehiago behar da eskasiari aurre egiteko.
Aurten egindako odol emateen kopurua ez da asko aldatu Hego Euskal Herrian, iazkoarekin alderatuta. Hain zuzen, uztailaren 31ra arte, 61.057 odol emate egin dituzte 43.518 emailek. Iazko uztail bukaerara arteko datuen antzekoak dira.
Ikusi gehiago
Udako hilabeteetan, 200 emaile inguruk ematen dute odola egunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Iñigo Salaberriren arabera. Salaberri Bizkaiko odol emateen sustapen arduraduna da, eta TGEEZ Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan egiten du lan. Hiru lurralde horietako odol emaileen zentroetan bildutako odola TGEEZra eramaten dute, eta han analizatzen dute. Ondoren, odolaren osagaiak banatzen dituzte: globulu gorriak, plasma eta plaketak ateratzen dituzte.
Iaz, urte osoan 59.193 emailek 102.015 odol emate egin zituzten; hau da, Hego Euskal Herrian odola eman dezaketen —oro har, 18 eta 65 urte bitarteko herritarrak izan daitezke emaile— %3,25ek eman zuten odola. Denera, Hegoaldeko herritarren %2,36 dira odol emaileak. Kopuru «oso txikia» dela iruditzen zaio Salaberriri.
«Guk ez dugu odol poltsa bat nahi, bizitza osorako emaile bat baizik»
IÑIGO SALABERRIBizkaiko odol emateen sustapenerako arduraduna
Ebakuntzak, istripuak, gaixo kronikoak... Egunero, batez beste, 320 odol poltsa inguru erabiltzen dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Udako odol emateekin ez dituzte betetzen osasun zerbitzuaren beharrak, eta segurtasun stocka erabili behar dute.
Izan ere, esaterako, aurtengo uztailean 7.416 odol emate egon dira; maiatzean, ordea, 8.822 izan ziren. Gainera, hiru lurraldeetan abuztuko odol emateak %40 jaitsiko direla espero du Salaberrik, «beste urteetan baino gutxiago». Nafarroan, ordea, uztailean baino odol emate gehiago espero dituzte abuztuan.
Oporretan
Udaro gertatzen den odol emateen beherakadaren arrazoi nagusia zera da, herritarrak oporretan daudela. Udan herritar gehienek oporrak izaten dituztenez, asko Euskal Herritik kanpora joaten dira, eta, ondorioz, ez dute odolik ematen.
Beste arrazoietako bat beroa dela onartu du Salaberrik: «Tenperatura beroak ez dira osasungarriak emaileentzat». Emailearen osasunari garrantzi handia ematen diote, eta haien esperientzia ahalik eta onena izatea nahi dute, emailea fidelizatzeko eta ahal duten aldi guztietan odola ematera joateko.
Emailearen osasunaz gain, odola jasoko duen pertsonaren osasuna zaintzea ere bada helburu nagusia. «Normalean defentsak apal dituzten pertsonak dira, eta gure odol osagaiak behar dituzte sendatzeko», azaldu du Salaberrik. Horregatik, emailearen odolak erabat osasuntsua izan behar du, eta garrantzitsua da edozein birus ekiditea; udan, ordea, birusak edo gaixotasun kutsakorrak hedatzeko arriskua izan ohi da, batez ere intsektuengatik.
Stock urria
Udan odol emateak beherantz egitea urtero gertatzen den arazoa da. Horri aurre egiteko, segurtasun stocka daukate; odol gutxi dagoenean erabiltzen den larrialdi zerbitzua da. Emaileek emandako odola izozten dute, eta odol falta dagoenean —udako hilabeteetan, esaterako— erabiltzen dute. Hala ere, stocka berrituz joan behar da, odolaren osagaiak iraungitze data bat dutelako. Normalean, hamar egunetarako stocka izaten dute ezarria, baina gaur egun bost egunekoa da.
Odola hiru osagaitan banatzen dute: globulu gorriak, plaketak eta plasma. Globulu gorriak —hematieak eta eritrozitoak ere deitzen diete— ebakuntzetan, transplanteetan, istripuetan eta hezur muinaren transplanteetan erabiltzen dituzte; eta haren kontzentratuak 42 egunean kontserbatzen dira. Plaketak bost eta zazpi egun artean gorde daitezke, eta minbizia duten pazienteentzat eta bihotz, gibel edo muin transplanteetan erabiltzen dituzte. Plasmak sendagaiak sortzeko eta botikak egiteko ere balio du. Izoztuta hiru urtez gorde daiteke, baina etengabe erabiltzen dute.
Hiru osagaietatik eskasiarik handiena duena plasma da: «Globulu gorrietan eta plaketetan autosufizienteak gara, baina plasman ez», aitortu du Salaberrik. Lehen erosi egiten zuten, baina aitortu du orain kanpoko merkatuekiko mendekotasuna apaltzea nahi dutela: «Plasman %50eko mendekotasuna daukagu, eta %80 autosufiziente izatera iritsiko bagina, mendekotasuna eskasa izango litzateke».
Horretarako, plasmaferesi prozesua egiten dute. Emaileak odola ematen dio makina bati, baina, prozesu horretan, plasma bakarrik hartzen du makinak, eta globulu gorriak eta plaketak emaileari itzultzen zaizkio. Plasmaferesien emateak erdira jaitsi dira udan.
Biztanleria helduagoa
Odol eskasiari aurre egin eta emaile gehiago lortzeko helburuarekin, neurriak hartzen ere ari dira, medikuntzaren aurrerapenek uzten duten heinean: orain arte, 18 urte baino gehiago eta 65 urte baino gutxiago zituzten pertsonek eman zezaketen odola, baina orain 70 urtera arte igo dute emailearen adin muga, baldin eta noizbait odola eman badu.
Emaileen batez besteko adina 48 urte inguru da Hego Euskal Herrian gaur egun. Salaberriren ustez, emaileak «nahiko helduak» dira, eta gero eta helduagoak izango dira, biztanleria zahartuz doalako. Gainera, etorkizunean biztanleria heldu horrek odolaren osagaiak beharko dituela ohartarazi du. Hori dela eta, gazteak odola ematera bultzatu ditu, belaunaldi aldaketa falta delako.
«Globulu gorrietan eta plaketetan autosufizienteak gara, baina plasman ez»
IÑIGO SALABERRI Bizkaiko odol emateen sustapenerako arduraduna
Beste arazoetako bat da emaileek gutxiagotan ematen dutela odola urtean. 2023ko datuen arabera, emaile bakoitzak 1,72 aldiz ematen du odola urtean. Odola emateari uzten ari direnek hiru edo lau aldiz ematen zuten urtean; oraingoek, ordea, urtean behin edo bi aldiz eman ohi dute. Hortaz, aurreko odol emaileekin orekatzeko, egungo odol emaileak halako bi beharko lirateke. «Guk ez dugu odol poltsa bat nahi, bizitza osorako emaile bat baizik» dio Salaberrik. Hala ere,animatu bai, baina ez dute inor derrigortu nahi odola ematera.
Odol taldeei dagokienez, eskasia ere desberdina da taldearen arabera. Gaur egun, premiarik handien duten odol taldeak O+, O-, A+, A- eta B- dira. Egunero behar dituzte odol talde hauen emateak, transfusioetan gehien erabiltzen dituzten odol motak direlako; B+, AB+ eta AB- taldeetan, ordea, ez dago hainbesteko premiarik.
Gainera, odol emateen inguruan gezur asko daudela uste du Salaberrik: «Askok uste dute tatuaje bat edo piercing bat duen pertsona batek ezin duela odola eman». Beste gezurretako bat da A hepatitisa izan duen pertsona bat ere ezin dela emailea izan. «Zientziaren aurrerapenei esker, gaur egun gutxitzen ari dira odola ematea ekiditen duten eragozpenak», gehitu du.