Abusuen icebergari, lupaz

Zentro erlijiosoetako sexu abusuei buruzko txostena aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. 58 kasu ikertu ditu NUPeko lantalde batek. Biktimei ordaina emateko lege bat sustatuko dute parlamentuan

Ezkerretik eskuinera, Mikel Lizarraga NUPeko ikerlaria, Eduardo Santos Justizia kontseilaria eta Marivi sexu abusuen biktimen ordezkaria. NAFARROAKO GOBERNUA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak aitzindari izan nahi du Eliza katolikoaren sexu abusuen auzian. Argi apur bat jarri urteetan ilunpean egon den arazo batean. Atzo egin zuten lehen urratsa: ikastetxe erlijiosoetako sexu abusuei buruzko txostena aurkeztu zuen Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilari Eduardo Santosek. Bigarren pauso garrantzitsu bat ere iragarri zuen: foru lege bat onduko dute, sexu abusuen biktimei justizia eta ordaina emateko.

Ikusi gehiago:«Prostituzioan saldu banindute bezala sentitu nintzen, mojek erabilia»

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari talde batek ondu du atzo aurkeztutako txostena. Sexu abusuen biktima izandakoen testigantzak eta Foruzaingoan jarritako salaketak hartu dituzte oinarritzat. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco katedrako zuzendari Jon Mirena Landak eta NUPeko aditu Amaia Alvarezek eta Roldan Jimenok ere parte hartu dute txostenean, aholkulari lanetan.

Txostenean, zurian beltz jarri dituzte azken urteetan tantaka azaleratutako kasu guztiak, eta auziak beste tamaina bat hartu du: guztira, 58 kasu ikertu dituzte, baina «askoz gehiago» izanen direla nabarmendu du Santos kontseilariak: «Hau izozmendiaren tontorra baino ez da».

Txostenaren arduradunak, NUPeko Mikel Lizarragak, ikerlanaren nondik norakoak aletu zituen. Esan zuen «zailtasun handiak» izan dituztela testigantzak biltzeko: «Biktima askok ez dute beren burua biktimatzat identifikatzen. Ez dute uste sufritutakoak sexu abusuak izan zirenik, beste jende askok ere sufritu zituelako eta, nolabait, normalizatu egin dutelako. Beste askok, berriz, subkontzientean lurperatu dituzte erasoak, erabat ahazteraino». Halaber, esan zuen salaketa gehiago ez azaleratu izanaren atzean «Eliza katolikoak oraino duen eragina eta itzal luzea» dagoela: «Batzuek, salaketa jartzeko urratsa egin dutenean, ingurukoen presioa jasan behar izan dute. Esan diete ez duela merezi halakoak salatzea, eta zenbait biktimak, gainera, mehatxuzko oharrak jaso izan dituzte».

Hala ere, lortu dituzten datu eskasei hotzean erreparatuta, argazkia lazgarria da: 13 kasu «larri» gisa sailkatu dituzte, eta horien artean daude «penetrazio bidezko bortxaketak, felazioak edo haurren sedazio kimiko bidez» eginiko abusuak. Horiez gain, beste 24 kasu «larritasun maila ertainekoak» dira: genitalak ukitzea eta masturbazioa, besteak beste. Gainerakoak «abusu arin» gisa sailkatuta daude: proposamen lizunak, musuak, biluztera behartzea eta bestelako ukitzeak.

Eraso horiek gertatu ziren garaian —1945etik 1985era bitartean—, biktima gehienek 8-9 urte zituzten batez beste, baina izan zen gazteagorik ere: 5 urteko bi haur ageri dira biktimen zerrendan, eta 6 urteko beste bi. Kasu horietan, gainera, hainbat urte iraun zuten erasoek, biktimek 10 urte bete arte. Sexu abusuen eskandaluak, gainera, hamabost ikastetxe erlijiosori eta beste sei zentrori eragiten die. «Argi dago ez direla sagar ustel batzuk bakarrik», esan zuen Lizarragak.

Lege berria, martxan

Txostenean jasotako datuen argitara, «biktimei ordaina emateko foru lege bat» prestatzen hasia da Justizia Departamentua. Atzoko agerraldian eman zuen horren berri Santosek. Lehenik eta behin, «batzorde legegile bat» osatuko dute Nafarroako Parlamentuan, gaiari heltzeko. Han eginiko lanean oinarrituta ondu nahi dute lege berria, «ahalik eta kontsentsurik handienarekin». Horregatik, «artxiboak irekitzeko eta laguntzeko» eskatu diote Elizari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.