Abusuen egia, argitara

Nafarroako Gobernuak, NUPek eta Ikastetxe Erlijiosoetako Sexu Abusuen Biktimen Elkarteak erasoen errealitatea agerian uzten duen liburu bat ondu dute

Eduardo Santos Nafarroako Justizia kontseilaria eta Jesus Zudaire Elizaren sexu abusuen biktimen Nafarroako elkarteko kidea, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Iruñea
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Nafarroan Elizaren ardurapean egindako sexu abusuak argitara ateratzeko: horretarako argitaratu dute Adingabeei egindako sexu abusuak Eliza katolikoan liburu mardula. Eduardo Santos Nafarroako Migrazio Politika eta Justizia kontseilariaren hitzetan, «urte luzeetan beste alde batera begira» egon baita gizartea: «Isiltasun aro luze bat hausten du liburu honek», adierazi zuen atzo Nafarroako Gobernuaren egoitzan liburua aurkezteko egindako agerraldian. Nafarroako Gobernuak, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Ikastetxe Erlijiosoetako Sexu Abusuen Biktimen Elkarteak ondu dute 300 orritik gora dituen azterlan «aitzindaria», eta atzo aurkeztu zuten hiru erakundeetako ordezkariek. Santosen hitzetan, elkarlan horregatik beragatik da berezia eta lehena: administrazio publikoak, unibertsitateak eta biktimek osatu dutelako, elkarrekin. Baina Elizaren parte hartzerik gabe.

Arlo anitzetako adituek egin dute ekarpena liburuaren osaeran, sei atal nagusitan banatuta: lehendabizikoan, Elizaren indarkeria aztertu du Esther Aldabe Monrealek, ikuspegi historikotik; bigarrenean, Gema Varona Martinezek arlo kriminologikotik ikertu du auzia; Maria Teresa Compte Grauk erasoak jasan dituzten emakumeen errealitatea ekarri du argitara; Mikel Lizarragak zuzenbidearen begirada eman dio; Roldan Jimeno Arangurenek Irlandako kasua ekarri du ikuspegi juridikotik; eta, azkenik, Josean Etxauri Tijerasek psikologiaren arlotik aztertu du sexu abusuen kasua. Testigantzak bildu dituzten kazetarien eta biktimen beren lekukotzak ere badakartza azterlanak.

Nafarroatik, egia, justizia eta erreparaziorantz dio liburuaren bigarren izenburuak, eta, hain justu, horixe da egileen xedea: gertaturikoa argitu, aitortu, eta berriro ez gertatzeko bermeak jartzea. Horretan guzian Elizaren egitekoa garrantzitsua litzatekeela azpimarratu dute, baina deitoratu dute liburuan parte hartu ez izana: «Haiekin bildu ginen, haien menpean eta zaintzapean gertatu baitziren abusuak, eta haiek baitute horien ardura», azaldu zuen atzo Santosek. «Baina ez dute parte hartu nahi izan. Batzorde bat osatu zuten, sexu abusuen gaia orokorrean lantzeko, baina ez zehazki Elizaren ardurapean gertaturikoena». Liburuaren abiapuntu izan ziren joan den urteko jardunaldietara ere ez ziren joan.

Jesus Zudaire abusuen biktimen elkarteko presidentea ere Iruñean izan zen atzo liburuaren aurkezpenean, eta azaldu zuen Elizak salaketak jartzeko eta gertaturikoa argitzeko bidea oztopatu diela behin eta berriro. Hark abusuak jasan zituen Lizarrako Puy eskola katolikoan, adibidez, erran zioten posible zela hura ikasle zeneko artxiboak hautsi edo erre izana.

Kopuruak zehazten

Liburuak ikuspegi kualitatibotik egiten dio aurre gaiari, baina Mikel Lizarraga liburuaren koordinatzaileak atzo jakinarazi zuen ez dutela horretan utziko. Orain, ikuspegi kuantitatibotik segitu nahiko lukete: «2020an aurretiazko txosten bat egin genuen, eta aurten beste bat eginen dugu jakiteko zenbatekoa izan den gaiaren hedadura». Santosek ere jakinarazi du liburua «urrats bat» dela, «baina ez bakarra»: «Zor bat daukagu biktimekiko, eta kitatu behar dugu». Bertzeak bertze, eskua luzatu diote Elizari, justizia errestauratiboko mekanismoak elkarrekin lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.