Abusuen biktimei laguntza emateko talde bat osatu du Iruñeko Artzapezpikutzak

Elizaren esparruan nahiz hortik kanpo abusuak jasan dituztenei eskaini nahi diete laguntza. Maite Kintana izango da batzordeko zuzendaria

Maite Kintana eta Josetxo Bera, atzoko agerraldian. VILLAR LOPEZ / EFE.
jon olano
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Iruñeko eta Tuterako Elizbarrutiko apezpiku Francisco Perezek Adingabeak eta Pertsona Zaurgarriak Babesteko Batzorde bat jarri du martxan, kontzientzia, botere eta sexu abusuen biktimak artatzeko. Batzorde horrek Maite Kintana abokatu eta Nafarroako Caritaseko idazkari nagusia izango du zuzendari. Abusuen egilea edozein dela ere artatuko dute batzordean, Josetxo Bera artzapezpikutzaren komunikabideetarako ordezkariak adierazi duenez; abusuak Eliza katolikoaren esparruan nahiz besteren batean gertatu diren kasuak hartuko ditu. Horrela, azaldu dute batzordeak Nafarroako gizarte osoari zerbitzua emateko bokazioa duela.

Kintanak eta Berak agerraldi bat egin zuten atzo, batzordea osatzeko asmoaren berri emateko. Taldea mediku psikiatra batek, biktimen arretarako profesional batek eta bi abokatuk osatuko dute.«Adingabe askok bizi dezaketen egoerak kezkatzen gaitu», adierazi zuen Kintanak: «Errealitatea oso zabala da, eta batzordearen kezka biktima da; berdin du nola, non, noiz eta nork». Zehaztu zuenez, lehenbiziko helburua izango da «biktima artatzea» eta, horrekin batera, herritarren artean sentsibilizazioa zabaltzea eta adingabeekin lan egiten duten aisialdiko begirale, katekista, apaiz eta abarrekin prestakuntza saioak egitea.

Martxan jarri nahi duten prozesuak abusuen biktimei entzutea izango du abiapuntuan, eta entzute ariketa horretan sartu nahi dute Elizaren abusuen biktima izan direnen elkartea. Hurrengo urratsak izango dira «laguntza terapeutikoa, espirituala eta juridikoa ematea, Vatikanoak eta [Espainiako] Apezpikuen Batzarrak ezarritako protokoloen arabera».

30 salaketa

Azken hilabeteetan, Nafarroako hainbat ikastetxetan 1950eko hamarkadatik 1990eko hamarkadara izandako 30 sexu abusu salatu dira. Salaketa horiek denak, ordea, artxibatu egin dituzte, delituak preskribatu egin direlako edo abusuen arduradunak hil direlako. Biktimak batu eta elkarte bat sortu dute, elkar babesteko. Iazko urrian eta aurtengo urtarrilean parlamentuan izan ziren, testigantzak ematen. Elizako goi organoetan konfiantza gutxi dutela adierazi zuten orduan, eta Nafarroako Elizan topatu dituzten eragozpenen berri ere eman zuten. Urtarrilean parlamentuan egindako agerraldian, Jose Luis Azpilikueta elkarteko kideak azpimarratu zuen salaketak jartzen jarraituko dutela, «behingoz inork gaiari hel diezaion».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.