Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Aburtok hitzeman du euskararen «erabilera soziala» bultzatuko duela

«Bilbo eta Bizkaia elebidunak» lortzeko ekintzak aurkeztu ditu EAJren alkategaiak. Gazte euskaldun «erreferenteak» saretu nahi ditu Otaduik

Ana Otadui, Juan Mari Aburto eta Itxaso Atutxa, atzo, Bilbon. EAJ.
jon olano
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Euskararen arloko bi erronka identifikatu ditu EAJk Bilbon datorren legealdiari begira: hirian euskararen «erabilera soziala» indartzea eta euskararen erabilera sustatzea udalaren barruko komunikazio hizkuntza gisa, «hizkuntza bera bultzatzeko, eta administrazioarekin euskaraz jardun nahi duten herritarrei kalitatezko zerbitzuak emateko».

Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta EAJko alkategaiak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietarako presidente eta EAJren lehendakarigaiak agerraldi bat egin zuten atzo Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean, euskararen arloan hartu nahi dituzten neurrien berri emateko. Horien artean daude Bilboko Euskararen Aholku Batzordea indartzea, euskara sustatzen duten tokiko eragileekiko «etengabeko koordinazioa eta babesa» ematea, Bilboko euskaltegietan matrikulazioa sustatzeko kanpainak gauzatzea eta euskararen aldeko gizarte, erakunde zein parte hartze bidezko ekinaldietan «modu aktiboan» parte hartzea.

Era berean, euskarazko kultur adierazpideak sustatu, hizkuntza saltokietan, ostalaritzan, kirolean, aisialdian eta hiriko bestelako esparru eta dinamika sozialetan sustatzeko kanpainak eta programak bultzatu, eta udal zerbitzuek erabiltzen dituzten aplikazio, webgune eta tresna teknologikoetan euskararen erabilera indartu nahi dute.

«Euskara gure nortasunaren ezaugarri nagusietakoa da. Jatorriekin lotu eta kokapen berezi-berezia ematen digu gero eta globalizatuago dagoen mundu honetan», adierazi du Aburtok, eta «Bilbo eta Bizkaia elebidunaren alde» jardutera deitu.

Otaduik, berriz, azaldu du «euskararen normalizaziorako lehenetsi beharreko esparruetan» sustatuko dituztela jarduera planak eta ekintzak. Ildo horretan, esaterako, «nazioarte mailan erreferente jotzen diren gazte euskaldunen sarea sortu eta dinamizatu» nahi dute. Horrez gain,hitzeman du euskararen erabilera «horren indartsu» ez dagoen eskualdeetan enpresek eta entitateek «era guztietako programetan» parte hartzea sustatuko dutela, «bakoitzak bere eragin esparruan euskararen erabilera susta dezan».

Otaduiren hitzetan, Euzko Alderdi Jeltzalea «ahalegina» egiten ari da «euskara eta euskararen munduak etorkinengana hurreratzeko, beren enpatia eta garapen pertsonal eta soziala ahalbidetuz». Halaber, «euskarazko kulturaren sorkuntza eta haren prestigioa» sustatuko dutela hitzeman du, sorkuntza hori delako Bizkaiaren «nortasunaren adierazle bikaina».

Euskaldunak, %30

Joan den martxoan aurkeztu zituzten zazpigarren Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak, eta, txostenean jasotako datuen arabera, Bizkaian herritarren %30 dira euskaldunak, eta beste %19 euskaldun hartzaileak. Horrez gain, erabilerari dagokionez, %14,5 dira euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago egiten dutenak; portzentaje hori bost puntu hazi da 30 urtean, 1991. urtean lehen Inkesta Soziolinguistikoa argitaratu zenetik. Kontrara, beti erdaraz egiten dutenak %67,5 dira; %6,5euskaraz oso gutxitan egiten dutenak, eta %11,4 euskaraz erdaraz baino gutxiago egiten dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.